Emakume baten kaleratzea salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko Urkizun
2019/11/12
17:54
eta kitto!
LAB sindikatuak salatu duenez, “beste emakume langile bat kaleratu dute lan baldintza prekarizatuetan lan egitea salatzeagatik eta bere zein lankideen lan eskubideak aldarrikatzeagatik. 17 urte enpresaburu berdinekin lan egin eta gero, kaleratu egin dute, gezurrezko arrazoi ugari emanda. Orain dela egun batzuk Bilbeando SL-ko nagusiak (lehengo Frutas Pilar) Urkizuko dendan aurkeztu ziren eta eguneko lanaldia amaitzen ari zen langileari kaleratze gutuna eman zioten. Aurretik langilearen kontrako kexarik adierazi ez bazuten ere, bere lana ondo betetzen ez zuela eta, kaleratzea momentu horretan bertan gauzatzen zela adierazi zioten. Inolako zentzurik gabeko arrazoiak azaltzen zituzten bertan: eskaerak ez zituela ongi egiten, kaxen muntaiak egin gabe egoten zirela, ez zuela fruta nahikoa kaxetara ateratzen… hau guztia langileak berehala gezurtatu zuen”. Gauzak horrela, sindikatuak bat egin du langilearekin, kaleratzeko benetako arrazoia “lankideekin hauteskunde sindikalak egiteko aukeraz mintzatzea” dela azpimarratuta. Horregatik, kaleratutako langilea berriz onartu dezatela eskatzeko, elkarretaratzea deitu dute biharko, 11:00etan Urkizuko frutadendaren parean.