Emakume ingeniarien ahotsa, aurreiritzien gainetik

Andretxean egindako emakume ingeniarien mahai-inguruan Naiara Romanet, Elena Idigoras eta Mari Luz Guenagak beren ibilbide profesionala eta esperientzia pertsonalak partekatu dituzte.
Emakume ingeniarien ahotsa, aurreiritzien gainetik
2026/02/13 10:40
Irati Alvarez Malaxetxebarria

2015eko abenduan, Nazio Batuetako Batzar Nagusiak erabaki zuen zientzian eta teknologian emakumeek eta neskek jokatzen duten rol kritikoa aitortu behar zela, eta horretarako otsailaren 11 ezarri zuen Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egun gisa. Ordutik, egun horren garrantziak gora egin du, eta helburu horrekin bat egiten dute emakume zientzialarien ahotsak ikusgai jartzea xede duten ekimenek.

Testuinguru horretan, otsailaren 9an emakume ingeniarien mahai-ingurua egin zen Andretxean. Hizlari izan ziren Mari Luz Guenaga, ingeniari informatiko eibartarra; Elena Idigoras, Biele Groupeko proiektu ingeniari eibartarra; eta Naiara Romanet, Azkoitiko ingeniari mekanikoa, gaur egun Laboral Kutxan lanean dabilena. Mahai-inguruaren helburua nesken artean ingeniaritzarekiko interesa piztea eta oraindik ere indarrean diren genero-aurreiritziak zalantzan jartzea izan zen. Saioa hasi aurretik, hiru hizlariekin hitz egiteko aukera izan genuen. Elkarrizketan guztiek goraipatu dute mahai-inguruaren oinarrian dagoen Emakumeak Zientzian ekimena, emakume zientzialariak gazteen erreferente izatea eta esperientziak partekatzea ezinbestekotzat jotzen baitute.


Hiru ingeniariek azaldu dute bakoitzak bide propioa egin duela ingeniaritzara hurbiltzeko. Naiara Romanetek gaztetatik argi zuen ingeniaritza izango zela bere hautua, matematikarekiko zaletasunak bultzatuta; hala ere, onartu du adar egokiena aukeratzea ez zela erraza izan. Elena Idigorasek ere matematika eta fisikarekiko grina aipatu du erabakigarri gisa, eta etxeko erreferenteek izan duten eragina azpimarratu du. Mari Luz Guenagak, berriz, txikitatik medikua izateko ametsa izan zuen, baina ikasketen iraupena eta baldintzak kontuan hartuta, informatikara jotzea erabaki zuen, zientziarekiko interesa galdu gabe.

Gustuko lan bat topatzea inportantea da, eta horretarako erreferente bat topatzea oso garrantzitsua da

Emakumeen presentziari buruz galdetuta, hiru hizlariek adierazi dute belaunaldien arteko aldeak nabarmenak direla. Oro har, gaur egun emakume gehiago ari dira ingeniaritza ikasten, baina joera hori ez da arlo guztietan berdina. Informatikan, esaterako, atzerapausoa antzematen dela azaldu du Guenagak, neska gutxiago daudelako lehen baino. Romanetek ere datu esanguratsu bat eman du: bere promozioan, ingeniaritza industrialean, 100 ikasletik 10 baino ez ziren emakumeak. Idigorasek, aldiz, bere kasuan emakumeen presentzia handiagoa izan zela azaldu du, %40 ingurukoa, baina ohartarazi du lan munduan oraindik ere arlo asko oso maskulinizatuta daudela.

Lan-esperientziari dagokionez, hirurek adierazi dute ez dutela diskriminazio zuzenik bizi izan emakume izateagatik. Romaneten esanetan, gaur egun ingeniaritzaren barruan askotariko lan-baldintzak daude, eta bere esperientzian, emakume izateak ez dio ateak itxi lan-merkatuan sartzerakoan; ez du soldata-arrakalarik edo tratu desberdintasunik sumatu. Idigorasek ere antzeko iritzia du, eta azpimarratu lan-esparrua araututa dagoela, nahiz eta departamentu batzuetan emakumeen presentzia txikiagoa izan. Guenagaren kasuan, unibertsitateko irakaskuntzan aritu da beti, eta bertan emakume gehiago daudela azaldu du; hala ere, onartu du zenbait egoeratan, modu sotilean bada ere, emakume izateak eragina izan dezakeela iritziak edo erabakiak baloratzerakoan. Hiru hizlariek bat egin dute puntu batean: sarritan generoa, adina eta esperientzia nahastu egiten dira, eta zaila izaten da faktore bakoitzaren eragina bereiztea.
Ingeniaritzaren irudi sozialari dagokionez, oraindik estereotipo ugari daudela uste dute. Askotan lan gogor, fisiko eta maskulino gisa irudikatzen dela azaldu dute, baina eguneroko errealitatea askoz ere anitzagoa dela azpimarratuz. Gaur egungo lan askok ez dute indar fisikorik eskatzen, eta talde-lana, antolaketa-gaitasuna eta arazoei irtenbideak bilatzeko trebetasuna dira funtsezkoak. Horren harira, argi adierazi dute gaitasuna ez dela genero kontua, prestakuntzarena eta jarrerarena baizik.

Gazteei heltzen zaizkien mezuek ere kezka sortzen diete. Hizlarien arabera, sarritan neskei beste ikasketa batzuk gomendatzen zaizkie, “errazagoak” edo “egokiagoak” direlakoan. Gurasoen aldetik ere zalantzak iristen direla azaldu dute: ingeniaritza zailegia izango ote den edo lan-baldintzak gogorrak izango ote diren. Asmo oneko gomendioak izan arren, uste dute halako mezuek emakumeak gogogabetu ditzaketela eta aukera batzuk baztertzea ekar dezaketela.
Horren aurrean, mezu argia helarazi nahi dute: interesak eta gaitasunak dira erabakigarriak, ez generoa. Gainera, gogorarazi dute ibilbide akademiko eta profesionalak ez direla beti zuzenak edo linealak. Ikasketa bat hasten bada eta espero bezain egokia ez bada, aldatzeko aukera badagoela azpimarratu dute, eta horrek ez duela porrota esan
nahi, ikaskuntza baizik.

Emakumeak arlo hauetan gaude eta ekarpen baliagarriak egiten dizkiogu gizarteari eta erakundeei

Halako topaketen garrantzia ere nabarmendu dute hiru hizlariek. Erreferenteak ikusaraztea funtsezkoa dela uste dute, gaztetan bestelako emakume ingeniariak ezagutzeak aukera berriak irekitzen dituelako eta norberak bere burua ispilu horretan ikusteko aukera ematen duelako. Horrez gain, emakumeen arteko sareak sortzea eta elkar ezagutzea ere balio handikotzat jo dute, lan-esparruan askotan bakarrik sentitzeko joera baitago.
Amaitzeko, hizlariek argi utzi dute ingeniaritza ez dela gutxi batzuentzat edo genero jakin batentzat gordetako esparrua. Emakumeak bertan daude, ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte, eta ahots horiek entzunaraztea ezinbestekoa da. Interesa piztea da lehen pausoa; ondoren, bakoitzak bere bidea askatasunez aukeratzeko aukera izan behar du. Horretan, halako ekimenek bidea zabaltzen laguntzen dute.