Emakume pentsiodunek jasan behar duten desberdintasuna salatu dute gaurko elkarretaratzean
Martxoan sartu berri garen honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) agendan geroz eta hitzordu gehiago pilatzen ari dira. Pentsiodunen beraien berbetan, “pentsio duinen aldeko mobilizazioei berdintasunaren aldekoak eta martxoaren 17ko greba orokorrari lotutakoak gehitu behar zaizkie orain”.
Martxoaren 8an, igandea, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, EHPM-ko emakumeek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ekimenetan “paper aktiboa” izango dutela adierazi dute eta, gaurko (astelehena, martxoak 2) elkarretaratze guztietan, emakume pentsiodunek jasan behar duten desberdintasuna salatzen duen adierazpena irakurri dute.
Horrekin batera, martxoaren 17ko greba orokorra prestatzen ari direla ekarri dute gogora: “Martxoaren 17ko greba orokorra, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitua eta EHPMk babestua, bere ardatz nagusi gisa 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa du, 14 ordainsaritan. Lantokietatik haragoko greba orokor gisa pentsatua, gehiengo sozial osoa mobilizatzea du helburu, eta pentsiodunen aldarrikapen espezifikoak ere barne hartzen ditu”. Jarraian, Gipuzkoako Pentsiodunek sinatzen duten Martxoaren 8ari buruzko adierazpena osorik irakurri dezakezue.
Martxoaren 8an eta egunero, emakume pentsiodunak bizitza duinaren aldeko borrokan.
Martxoaren 8a borroka aktibo eta kolektiboko jardunaldi bihurtu behar dugu, ospakizunetatik harago joanez.
Martxoaren 8a omenaldia izatea nahi dugu, urte luzez lortutako eskubideak lortzeko eta mantentzeko borrokatu duten eta egunero borrokatzen ari diren emakume guztiei, orain arriskuan daudenak, batzuek kendu nahi dizkigutelako.
Ondo dakigu zertaz ari garen: gutako asko erregimen autoritario basatian bizi izan gara eta lehen pertsonan ezagutzen dugu beldurrak, askatasun faltak eta eskubideen ukazioak zer esan nahi duen.
Gaur, honako hau salatzen jarraitzen dugu:
- Milaka emakume pentsiodunek miseriazko pentsioak kobratzen dituztela, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino askoz ere txikiagoak.
- Eusko Legebiltzarraren ezezkoa, EAJren, PSEren eta VOXen botoen bidez, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataraino osatzeko gure proposamenari, baita bera eztabaidatzeari ere, nahiz eta 145.000 sinadurek baino gehiagok abala eman.
- Pentsioen genero-arrakala, 2025. urtearen amaieran, % 28koa zela EAEn eta %32koa Nafarroan. Ondorioz, zera exijitzen dugu:
- 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa, eta gutxieneko pentsioak (emakumeek gehienbat jasotzen dituztenak) Lanbide arteko Gutxieneko Soldata horren parekoak izatea, bai EAEn, bai Nafarroan.
- Zaintzak negozioa izateari utz diezaiola. Zaintza-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa behar dugu, haren garapenean, kontrolean eta ebaluazioan parte hartzen duten sektoreen parte-hartzea izango duena.
Martxoak 8, igandea, 12:00etan Bilbon (Jesusen Bihotzetik); Donostian (Antiguako tuneletik) eta Iruñean (Antoniuttitik); eta 12:30ean, Gasteizen (San Anton plazatik).
Gipuzkoa, 2026ko martxoaren 2a
GIPE - GIPUZKOAKO PENTSIODUNAK