Eñaut Gorbea, aktorea: “Komunikazio hutsa edo azalekoa gailentzen ari da gizartean”

Eñaut Gorbea, aktorea: “Komunikazio hutsa edo azalekoa gailentzen ari da gizartean”
2020/01/14 09:51
eta kitto!
Zurrunka Teatroak ‘Aioko’ antzezlana eskainiko du hilaren 18an, 17:00etan, Coliseoan. Txotxongiloekin eta itzal-jokoekin Aioko izeneko uhartera eramango gaituzte, Azkartxin eta Moteltxin protagonistak ezagutzera. Bidaia fantastiko honetan, gainera, Aiokoko komunitateak dituen komunikazio-arazoak ezagutzeaz gain, pertsonaia berezi baten berri izango dugu: tintaren jenioa.

 

- Nolakoa da Aioko uhartea?

Uharte fantastikoa da, baina mundu moderno honetako edozein toki izan daiteke. Biztanleak presaka bizi dira, beti korrika, ez dute denborarik elkarrekin egoteko eta gozatzeko, eta komunikazioa oso eskasa da bertan. Ez dituzte inoiz berbak bihotzez esaten, bakarrik behar-beharrezkoak direnean erabiltzen dituzte.

- Muturrera eramatea da agian, baina gaur egungo gizartea Aiokora hurbiltzen ari da?

Bai, guztiz. Komunikazio hutsa edo azalekoa gailentzen ari da gaur egungo gizartean.

- Azkartxin eta Moteltxin dira ikuskizunaren protagonistak. Nolakoak dira?

Antzezlanean esaten da guztiok dohain bat ekartzen dugula jaiotzen garenean eta, Azkartxinek eta Moteltxinek bi dohain dituzte bakoitzak. Moteltxinek baldartasuna eta moteltasuna ditu, eta Azkartxin oso azkarra eta jakinmin handikoa da.

- Bi pertsonaien dohainak ikusita, batak bestea osatzen du?

Bien artean oso ondo moldatzen dira. Gainera, pazientzia dute eta elkar ulertzeko denbora hartzen dute.

- Eta nor da tintaren jenioa?

Jenio honek komunikazio arazoak konpontzen ditu bere tintarekin eta, Aiokon komunikazio arazoa dagoenez, Azkartxin eta Moteltxin jenioaren tinta erabiltzen hasten dira arazoa konpontzeko. Orduan, herritarrak tinta gehiegikeriaz erabiltzen hasten dira eta jenioa xurgatzen dute, ia-ia hil arte, eta jenioak bere azken indarrarekin uhartea bi zatitan puskatzen du.

- Txotxongiloen eta itzal-jokoen bitartez kontatzen duzue istorioa. Nolako giroa sortzen da?

Giro fantastikoa sortzen da. Jendeak dio antzezlana flotatzen dagoela dirudiela. Pantaila ezberdinak erabiltzen ditugu eta batzuk mugitu egiten dira, eta itzalerako teknika ezberdinak erabiltzen ditugu (linternak, transparentzia monitoreak, bionboak…). Beraz, irudia flotatzen dagoela ematen du.

- Istorioa kontatzeko estilo honek, Aioko izenak bezala, kutsu japoniarra du. Japoniako influentzia du ikuskizunak?

Sorkuntza prozesuan abiatu genuen lehen ideia Japonian amaitzen zen eta hango mitologiaren inguruan ikertu genuen. Baina azkenean istorioak ez du Japoniako ezer, jenioaren figura bakarrik. Izan ere, Japonian jenio bat dute edozertarako (lurrak, belarrak, haizeak…).

- Kanpotik ikusita umeei zuzenduriko lana dela dirudi. Horrela da?

Ikusle guztiei zuzenduta dagoen ikuskizuna da. Haurrei zuzentzea erabaki genuen, baina helduentzat primeran dago. Ez genuen zerbait zaila egin nahi, umeek jarraitzeko moduko zerbait sortu nahi genuen, baina istorioa oso sakona da. Umeek gauza batzuk ulertuko dituzte eta helduek beste batzuk.

DSC08923

kartoihiria (1)

parkea

Kartela Aioko