ENEKO RAMON: "Euskaraz egitea erabaki politikoa da: sareetan gazteengana iritsi behar dugu"

23 urteko eibartarra TikToken ari da politikaren inguruko edukia sortzen, euskaraz eta tonu hurbilean, gazteak eztabaida publikotik aldentzen ari direla ikusita. Sare sozialen potentzial politikoa aldarrikatzen du, eta euskarazko presentziaren premia azpimarratu.
2025/11/14 12:47
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Madrilen Politika Zientziak eta Bartzelonan Komunikazio Politikoaren masterra ikasi ostean, Eneko Ramon (23) sare sozialen bidez politikara gerturatze lanean dabil. TikToken ari da gaur-gaurkoz edukiak sortzen, euskaraz eta tonu hurbilean, gazteak diskurtso politikotik urruntzen ari direla ikusita. Sareak komunikaziorako tresna eraginkorrak izan daitezkeela defendatzen du, eta euskarazko presentziak hutsune handia duela dio.

Lehenik eta behin, aurkeztu zure burua.

Eneko Ramon naiz eta 23 urte ditut. Madrilen Politika Zientziak ikasi ondoren, Komunikazio Politikoari lotutako masterra egin nuen Bartzelonan.

Nola erabaki zenuen eduki-sortzailea izatea?

Masterrean nenbilela konturatu nintzen sare sozialetan Euskal Herrian hutsune handia zegoela, are gehiago euskarazko edukian eta Komunikazio Politikoarekin lotuta. Hutsune hori betetzeko prest ikusi nuen neure burua.

Zein sare sozialetan sortzen duzu edukia?

Momentuz TikToken ari naiz. Etorkizunean Instagramera ere salto egitea gustatuko litzaidake.

Zein da zure helburua?

Bi helburu nagusi ditut. Alde batetik, nire asmoa herritarrak politikara hurbiltzea da. Uste dut gaur egun gizartea oro har, eta bereziki gazteak, politikatik oso urrun daudela. Bestetik, arlo profesionalean, nire burua eta marka propioa eraikitzea. Gazteok denbora asko pasatzen dugu TikToken, eta uste dut komunikatzeko tresna oso egokia dela.

Erreferenterik baduzu?

Euskal Herrian ez. Espainiako mailan, Inés Hernand komunikatzaile oso ona dela esango nuke. 

Nola eragiten dute sare sozialek politikagintzan?

Sare sozialak tresna bat dira edukiak eta ideiak partekatzeko. Orokorrean, gizarteak badu begirada negatibo bat haien inguruan, uste baita gazteek gaizki erabiltzen dituztela. Hala ere, nire ustez, ongi baliatuz gero, edukiak lantzeko tresna eraginkorrak dira. Euskal Herrian eta Espainian, eskuin muturrak oso ondo erabiltzen ditu sareak bere ideiak zabaltzeko. Hori dela eta, beste alderdiek ere sarean indar handiagoa jarri beharko luketela uste dut, nolabait kontra egiteko.

Zuretzat kamera aurrean egotea ere erabaki politikoa da?

Bai. Eta ez hori bakarrik: euskaraz egitea ere erabaki politikoa da, behar bat dagoelako. Gaur egun, dena da politikoa neurri batean.

Zer erantzun jaso dituzu jarraitzaile edo gertukoengandik?

Askok esan didate bideoak gazteleraz egin beharko nituzkeela, publikoa zabalagoa da eta aukerak handiagoak izan litezkeelako. Baina uste dut euskarazko edukiak sortzea beharrezkoa dela. Bestetik, batzuek esan didate edukiak modu freskoagoan egin ditzakedala. Egia da arrazoi puntu bat dutela, baina politika gaiak modu arin batean azaltzea ez da beti erraza. Ikasten ari naiz.

Epe luzeko proiektua da, beraz.

Bai. Martxoan hasi nintzen eta ahal dudan neurrian bideoak igotzen jarraitzen dut. Beste batzuk ere baditut prest.

Komunikazioari dagokionez, lan handia dago egiteko gure herrian?

Eibar komunikatiboki potentzial handiko herria dela iruditzen zait. Gauza asko gertatzen dira, baina ez dira modu eraginkorrean komunikatzen. Helduek badakite herrian zer gertatzen den, baina gazte askok ez. Adibidez, duela gutxi eolikoen proiektu bati buruz jakin nuen, baina beste askok ez dakite. Uste dut horrelako informazioa hobeto zabaldu behar dela. Politikariak horretan lanean ari direla uste dut, baina oraindik bide luzea dute egiteko.

Zer esango zenieke Eibarko politikari edo alderdiei?

Jendea entzuteko esango nieke. Askotan pentsatzen dugu gauzak egin behar direla “hala delako”. Baina gauzak egin aurretik herritarren iritzia entzun behar da.

Eta herritarrei?

Gure politikariak guk bozkatu ditugula, eta, beraz, haiei gauzak eskatu behar dizkiegula.