ENERGIA BULEGOA eskualdeko herritarren zerbitzura | "Auto elektrikoak bogan"
EDUKI BABESTUA
Iraunkortasunaz eta karbono-isurien murrizketaz gero eta kontzienteagoa da gizartea eta ibilgailu elektrikoa etorkizuneko mugikortasunerako irtenbidetzat nabarmentzen ari da. IEAk, Nazioarteko Energia Agentziak emandako datuen arabera, iaz hamalau milioi auto elektriko saldu ziren munduan, aurreko urtean baino %35 gehiago. Erakunde horrek egindako kalkuluen arabera, 2030erako merkatu gehienetan prezio baliokideak izango dituzte errekuntzako autoek eta elektrikoek eta 2035erako hiru autotik bi elektrikoak izango dira.
Zenbat auto elektriko mota daude merkatuan?
Gaur egun, darabilten teknologiaren arabera, hiru ibilgailu elektriko mota nagusi daude merkatuan: Ibilgailu elektriko purua/bateriaduna, autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (errekuntza motor txiki bat duena bateria kargatzeko) eta ibilgailu hibrido entxufagarria (propultsio elektrikoa eta konbentzionala uztartzen dituena).
Zenbat balio dute?
Espainiar estatuan, lau plazako auto elektrikorik merkeenak 18.000 euro ingurutan saltzen dira; bataz bestekoa, berriz, 34.000 euroren bueltakoa da. Baina auto elektrikoaren kostua kalkulatzeko garaian, beste hainbat faktore ere hartu behar dira aintzat, hala nola, erregaia eta mantentze-lanak. Erregaiari dagokionez, auto elektrikoaren 100 km-ko kostua 2-3 euro ingurukoa da; eta gasolinazkoarena, berriz, 9-12 euro bitartekoa. Mantentze-lanen kostua ere dezente txikiagoa da auto elektrikoen kasuan, gasolinazkoa, diesela edo hibridoa baino, %29, %21 eta %25ekoa, hurrenez hurren. Hortaz, hasierako erosketaren gainkostua 6-7 urtean amortizatu daiteke.
Zer nolako autonomia du?
Modeloa eta bateriaren araberakoa da. Halaber, modelo berrienek karga bakoitzeko 250-500km bitarteko autonomia izan ohi dute.
Kargaleku publikoak, pribatuak eta komunitarioak
Kargalekuak erabilera publikoko lekuetan daude baina, oro har, auto elektrikoak gauez eta etxean kargatzen dira. Kargen %90-95 garaje partikular edo komunitarioetan egiten da, ahal dela gauez, elektrizitatearen kostua txikiagoa delako. Karga-puntu pribatuen kasuan, familia bakarreko garajeen kasuan, instalazioa 750-1000 euro bitartean kosta liteke. Kargalekua komunitarioa denean, berriz, kasuistika askotarikoa da eta aukeratu den instalazio motaren arabera aldatzen da kontagailu kopurua, kostua, baimenak… Debegesak ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioaren inguruko eskuliburua diseinatu zuen, auzo-komunitateetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioen prozesuari eta inplikazio nagusiei buruzko informazioa emateko helburuarekin.
Dirulaguntzak
2021ean Espainiako Gobernuak Moves III plana onartu zuen auto elektrikoen erosketak eta kargagailuen instalazioak diruz laguntzeko eta deialdia abenduaren 31ra arte izango da indarrean. Erosketen kasuan, 2.500 eurotik hasi eta 7.000 euro bitarteko laguntzak ematen dituzte. Kontsultatu laguntzen inguruko informazio guztia Energiaren Euskal Erakundearen webgunean.
Energia Bulegoa eskualdeko herritarren zerbitzura
Duela hiru urtetik martxan da Debabarreneko Energia Bulego Birtuala, 2030 Agendaren baitan, bailaran energia berriztagarrien erabilera indartzeko helburuz. Bertan, aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diete herritarrei nahiz enpresei, debalde.
Energia berriztagarrien arloan dauden aukerak (fotoboltaikoa, termikoa, geotermia, aerotermia, biomasa...), teilatua birgaitzeko moduak edo berogailu sistemak, kontsumoa eta fakturak optimizatzeko bideak eta energiari lotutako beste hamaika konturen berri ematen dute. 2021etik 70 kontsulta baino gehiago erantzun dituzte eta 100 herritar eta enpresa baino gehiagori lagundu diete instalazioak bideratzen edo kontsumoa murrizten.
Online eta presentzialki
Bulegoak goizero eskaintzen du zerbitzua, online, telefono bidez edota presentzialki. Informazio gehiago Debegesaren webgunean edo 943 82 01 10 zenbakira deituta.