"Enplegurako bidea" programarako izen-ematea urtarrilaren 20ra arte zabalik
2017/01/16
09:45
eta kitto!
Proiektu honek Eibarko gizarte-egoera ahuleko taldeak lan munduan sartzea erraztuko du. Ehun bat pertsonarengan arreta jarri nahi da. Maila teknikoan zein garapen pertsonaleko ikuspegitik eskainiko den formakuntza espezifiko baten bitartez, formakuntza aldetik prestakuntza baxua duten kolektibo ugari trebatzea nahi da: emakumeak, gazteak, denbora luzeko langabetuak edo beste batzuk. Ikasitako enpresetan egin ahal izango diren praktika profesionalekin osatuko da.
Programan parte hartzeko interesa dutenek eskaera orria bete eta Pegoran aurkez dezakete, inprimakian zehaztutako dokumentuak erantsita. Eskaera-inprimakia Pegoran eta udal webgunean dago eskuragai. Programaren kostua 244.300 eurokoa da eta Udalak bultzatzen duen Enplegu Planaren barruan kokatzen da; Udalak finantzatuko du bere osotasunean, Lanbidek ez baitu programan parte hartuko “aurrekontu-exekuzio arrazoiengatik”.
Ekimena bultzatzerakoan, Udalak kontuan izan du Eibarren eta eskualdean egungo langabeziaren egoerak erakusten duela langabetuen % 70 oinarrizko formakuntza gainditzen duen prestakuntzarik ez daukala. Makina erremintaren sektoreak eta automobilgintza laguntzaileak menperatzen duten lan merkatuaren ingurunea da gurea, eta lanpostu bat lortzeko ezagutza, trebetasun eta jarrera mailetan eskakizun zorrotzak izaten dira.
Lehenengo fasean, orientazio- eta segmentazio-zerbitzua eskainiko zaie parte-hartzaileei. Bigarren fasean, oinarrizko formakuntza landuko da eta prestakuntza oinarrizko konpententzietan emango zaie parte hartzen dutenei. Hirugarren faseak garapen pertsonala izango du hizpide eta beharrezko konpetentzia pertsonal eta emozionalak aztertuko dira parte-hartzaileekin. Laugarren fasean prestakuntza espezifikoa landuko da, sektore industrialarena, alegia. Bostgarren eta azken fasean arreta jarriko da laguntza lan merkaturatzean. Fase horretan, lana topatzeko plan pertsonalizatua ezarriko da.
Programan parte hartzeko interesa dutenek Pegoran aurkez dezakete eskaera orria behar bezala beteta eta inprimakian zehazten diren dokumentuekin batera. Eskaera-orria Pegoran eta www.eibar.eus udal web orriaren 'Tramiteak eta zerbitzuak' atalaren 'Bestelakoak' azpiatalean dago eskuragai. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 20ra arte dago zabalik.
Udal proiektu hau Enplegu Planaren barruan kokatzen da; PSE-EE, Irabazi eta Eibarko EAJ-PNV Udal Taldeen artean adostutako zuzenketa baten onarpenaren ondorioz aurrera atera zen 2016ko udal aurrekontuak onartzeko.