II. Enpresa Eguna egin zuten Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko eraikinean
Bigarren edizio honetan, bai enpresen bai ikasleen parte-hartzea aurreko ediziokoa baino handiagoa izan da. Guztira, 20 enpresa bertaratu dira: ekintzailetza-arloko enpresak (Debegesa eta BIC Gipuzkoa); Dual Ibilbideko arlokoak (Tekniker, Masermic, Jema Energy eta Ingeteam); enpresa-geletakoak (Stirling Zentroa), eta enpresako praktiketakoak (Goiener, Tecasol, GreenKw, Elon Energía Renovables, Iberdrola, Xunzel, CPG Consejero, Grupo Iberalia, Nazertek, Giroa, IFM, Roseo Eólica eta CIC Energigune). Horietatik heren bat inguru Debabarrena eskualdean daude.
Enpresa bakoitzak bere standa jarri zuen, eta, modu horretan, bertan hartu ahal izan zituzten hurbiltzen joan ziren ikasleak. Ikasleek hainbat galdera planteatu zieten enpresei enpresa-jarduerari buruz, enpresan praktikak egiteko aukerari buruz, eta baita gradu amaierako lanei eta etorkizunean egin daitezkeen kontratuen gainean ere. "Enpresek, bestalde, 12 minutu izan zituzten programatutako aurkezpenak egin ahal izateko, horretarako prestatutako bi aretotan. Horrela, enpresak Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko 3. eta 4. mailako ikasleen aurrean ezagutarazi ziren. Izan ere, zuzeneko harreman presentzialaren bidez, in situ elkarrizketa/inkesta txikien bidez, ikasleek energien sektoreko enpresen eskaintza ikusteko aukera izan zuten, haien espezialitatea baita, eta harremanetarako datuak elkar trukatu zituzten", diote eskolatik.
Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek: "Ikasleen eta enpresa parte-hartzaileen gogobetetze-maila oso altua izan da, baita antolatzaileena ere (eskolako zuzendaritza eta langileak). Guztiek adierazi dute ekitaldi hau aproposa dela enpresa eskolara hurbiltzeko, eskolan bertan, eta horrek oztopoak hausten dizkiela ikasleei enpresara sartzeko orduan, bere lan-munduko errealitatera hurbiltze eta murgiltze prozesuak erraztuz".