Enrike Zuazua: "Infinituaren mapa berriak sortu behar ditugu orain"

Enrike Zuazua: "Infinituaren mapa berriak sortu behar ditugu orain"
2019/05/18 09:47
eta kitto!
Enrique Zuazua matematikariak (Eibar, Gipuzkoa, 1961) Alexander von Humboldt katedra jaso zuen maiatzaren 9an Berlinen. Erlangen-Nurenbergeko Friedrich Alexander Unibertsitatean (FAU) lanean hasiko da ikertzailea abuztuan. Katedrarekin 3,5 milioi euro jaso ditu matematika aplikatuan egiten duen ikerketa garatzeko. Zuazua 1984an lizentziatu zen matematiketan EHUn (sari berezia jasota), eta, hiru urte geroago, doktore bihurtu zen, 26 urte baino ez zituenean. Parisen eta Madrilen aritu zen irakasle, baina 2008an Euskal Herrira itzultzeko ametsa bete zuen. Izan ere, Ikerbasque fundazioko ikertzaile aritu zen. BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) gunea antolatu zuen. Hemen daukazue BERRIAn egin zaion elkarrizketa.

«Bizitzan tarteka bultzada berriak behar dira, eta aukera dira zeure burua freskatzeko», esaten duzu Humboldt fundazioak zu aurkezteko egin duen bideoan. Zer gertatu da Euskal Herrira itzultzeko ametsarekin?

Euskal Herrira itzultzeko gogoz 24 urtez egon nintzen. Euskadi Saria eman zidaten 2007an, [Juan Jose] Ibarretxe zegoenean lehendakari. «Baina zuk ezin duzu Madrilen egiten duzun lana Euskal Herrian egin?», esan zidan Ibarretxek sariaren emanaldian. «Hori nire ametsa zen», esan nion. Orduan sortu zen Ikerbasque euskal zientziarako fundazioa, eta deitu zuten lehenetarikoa izan nintzen. Euskalduna nintzen, lotura gorde nuen Euskal Herriarekin, bazekiten itzuli nahi nuela, Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin joan nintzen kanpora doktoretza egitera... Baina ordurako banuen susmoa, gauzak ez zirela errazak izango.


BCAM sortu zenuen. Zein izan zen arazoa?

Bilbon egin genuen, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan zen. Baina ni etorri eta sei hilabetera, Ibarretxe kanpoan zegoen. Gobernu berriak egin zuen lehenengo gauzetako bat Ikerbasqueko zuzendaria aldatzea izan zen. Hor hasi zen nire via crucis-a. BCAMeko zuzendaritzatik kendu ninduten 2012ko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, 2013-2016 Plan Estrategikoa burutu baino lehen. Orduan esan nien Hezkuntza Saileko buruei: «Aizue, zuzendaritzatik kenduta, lehen urratsa egiten ari zarete ni zientzia eta teknologiaren euskal sistematik ateratzeko». Nik neure lankideei gehiegi eskatzen niela esan zidaten, baina hemen ikertzaile lanean jarraitzea nahi zutela esan zidaten...

Zergatik zinen ezerosoa?

Baztertuta geratu nintzen zentroan, paretik kendu beharreko espontaneo bat banintz bezala. Euskal kultura munduko lagun aditu baten ustez, txoko gehiegi bete nituen Euskal Herrira bueltan: ikertzaile, euskaldun, ikerketa zentroen garatzaile, dibulgatzaile... Eta hutsune horiek bereganatu nahi zituztenak, azkenean, batu egin ziren, ni Madrilera bueltan bidaltzeko 2015ean. Ez nuke esango politika kontua izan zenik, alderdi guztietan denetarik baitago. Baina interes pertsonalek zientzia politikari aurrea hartzen diotenean...

Elkarrizketa osoa BERRIAn irakurri dezakezue.