Erabagixaren sasoia ixotuko da bixar (Gure Esku Dago)
1.500 kandela
Egunerako preparau daben programaren barruan, ekitaldi nagusixa 21:15ak aldera izango da: 1.500 bat kandela erabillitta, lurrian 'Gure Esku Dago' esaldixa osatuko dabe, botua emoteko kutxa baten barruan. Holan, inguru guztia erabat illunduta daguala, ixotutako kandelak emongo daben argixa baiño ez da ikusiko. Modu horretan irudikatu nahi dabe "herri honek erabagitzeko dakan borondatia".
Ekitaldixa antolatu dabenen berbetan, "erabagitzeko eskubidiaren trena Euskal Herrira aillegau da. Datozen egunetan, Hego Euskal Herriko lau probintzietan galdeketak egingo dira: Debagoiena, Aramaio, Azpeitia, Goierri, Bakaiku eta Ispasterren. Ondoren, Oarsoaldean, Hernani, Bermeo, Busturia, Usurbil, Uribe Kosta, Elorrixo, Aulestin... eta beste hamaika herri eta eskualde batuko dira geratu ezin leikian olatu horretara. Izan be, Euskal Herrixan erabagi egin nahi dogu. Bidia hasi baiño ez dogu egin eta, aurtengo galdeketak eredu modura hartuta, Euskal Herri osora zabaldu nahi dogu olatua. Eta oindiok gure herrira aillegau ez bada be, haziak ereitten dihardugu, gaur eziñezkua dana bixar posible izateko".
Horregaittik, herrittar guztiak gonbidatu nahi dittue "Piztu erabakiaren aroa" ekinbidian parte hartzera, "etorkizuna alkarrekin eraiki bihar dogu. Abian da erabagixaren aroa. Eta gu pausua emotera goiaz".
Erabagitzen hasi gara
Oin dala egun batzuk Donostiako Zurriolan dozenaka lagun bildu ziran herri galdeketen lehen olatua hartzeko. Holan emon nahi izan eben aditzera erabagitzen hasitta daguazela: "Itsas baztarrian bildu gara olatu bat hartzera goiazelako. Erabagixaren aroan aldarrikatzetik gauzatzera pasauko garalako. Eta erabagitzen hasi garalako". Ekaiñerako herri galdeketak 36 herrittan egittia eguan aurreikusitta eta hórretako 34tan domekan, ekaiñaren 5ian egingo dira: Goierrin (23 herrittan), Debagoienian (8 herrittan), Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren. Dima eta Bakaikun, barriz, galdeketak azarora atzeratzia erabagi dabe, "herri galdeketarako oin baiño baldintza hobiak eskaintzeko asmuarekin. Zentzu horretan, lehen olatuaren bigarren talka etorriko da udazkenian".
2018ra begira, Eskura-n zehaztutako bidian, ekaiñekua pauso inportantia izango dala diñue eta, norabide horretan, erabagitzeko eskubidiaren aldeko adierazpenak Eibarren ez eze beste hamaika tokittan be egingo dira, "aurrera eginda, erabagixa gauzatzeko adostasunak eraikitzen dihardugu. Galdera, erritmo eta ibilmolde ezberdiñekin, baiña guztiak norabide berian".