Eraikinen teilatuetan eta fatxadetan plaka fotovoltaikoak jartzeko irizpideak ezarri ditu Udalak
Hona hemen irizpideak:
- Teilatu edo estalki inklinatuei dagokienez, panelak estalkiko isurialdeetan jarri ahal izango dira, inklinazio edo malda berarekin eta planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik. Kasu horretan, Eibarko Ondare Batzordeak eman beharko du aldeko irizpena. Gainera, instalazioak 10kW-tik gorako potentzia duenean, teilatuaren edo estalkiaren gaineko karga-azterketak eta haizearekiko edota elurrarekiko erresistentzia-azterketak egin beharko dira.
- Estalki lauen kasuan, bestetik, plakak estalkiarekiko paraleloa den plano baten azpian kokatu beharko dira, betiere 1,80 metroko gehieneko altueran. Horrez gain, instalazioaren ekipo, sistema, elementu eta muntaiek gutxienez metro bat atzera eman behar dira fatxadako edozein planotatik, eta ezin izango dute gainditu teilatu-ertzetik trazatutako 45º-ko planoa.
- Teilatuetan plakak edo panelak jartzeak ezin izango ditu inola ere murriztu eraikinaren bizigarritasun- eta funtzionaltasun-baldintzak; beraz, ezin izango dira patioak edo argi-zuloak edo sabai-leihoak estali, eraikinaren gelak aireztatzeko edo argiztatzeko balio badute; ez dituzte baldintza termikoak murriztuko, eta urarekiko estankotasuna bermatu beharko dute.
- Fatxadei dagokienez, eguzki-energia biltzeko panelak fatxadetan jarri ahal izango dira, fatxadek duten inklinazio berdinarekin eta fatxaden planotik atera gabe, fatxadaren eta eraikinaren gainerako zatiaren konposizioarekin harmonizatuz; betiere proiektuan eraikuntza-konponbide bat aurreikusten bada, eraikinaren estetikan behar bezala integratuko dela bermatzeko. Debekatuta dago fatxadetatik edozein kanalizazio mota pasatzea bistan geratzen bada.
- Etxebizitza kolektiboko eraikinen fatxaden kasuan, bi egoera hauek bereizten dira: Batetik, aprobetxamendu kolektiboko autokontsumorako eguzki-plakak jartzea; eta, horrelakoetan, fatxaden eta estalkien irizpide orokorrak bete behar dira, eta instalatutako potentziari dagozkion lege-baldintzak bete. Eta bigarrenik, autokontsumorako eguzki-plakak jartzea, norberak bakarrik aprobetxatzekoak. Kasu horretan, erabilera pribatuko elementuetan bakarrik jar daitezke, balkoietan eta terrazetan, alegia. Ez dira iraunkorrak izango eta baranda edo karelaren eremuan kokatuko dira, leku gehiago hartzeke.
- Lehendik dauden eraikinetako familia bakarreko etxebizitzetako fatxaden kasuak ere araudian ezarri dira: etxebizitza kolektiboaren irizpide orokorren arabera jokatu behar dute. Eraikin berrietan, ostera, eguzki-panel fotovoltaikoen instalazioak estalkiaren edo eraikinaren fatxadaren zati gisa integratutako eguzki-hartze elementuen bidez egiten badira, eraikinaren edozein tokitan jarri ahal izango dira, betiere integrazio estetikoa egokia dela justifikatzen bada.
Komunitate energetikoak sortzeko oniritzia
Gipuzkoako Foru Aldundiak komunitate energetikoak sortzeko oniritzia eman dio Udalari eta, horrela, energia-komunitateak bultzatzeko fasean sartu da. Zentzu horretan, komunitatea lankidetza publiko eta pribatuko figura da, komunitate pribatuei energia eskaintzeko eraikin publikoetan eguzki-plakak jartzea errazten diena.