[ eta ARGAZKIAK] Erreflexiñorako egun zoragarrixa eskindu zeskuena Sosola basarrixan

[ eta ARGAZKIAK] Erreflexiñorako egun zoragarrixa eskindu zeskuena Sosola basarrixan
2019/11/15 13:34
eta kitto!
Aurreko zapatuan ehundik gora lagun batu ziran jardunaldi osorako Sosola basarrikuak prestautako “Udazkeneko uzta”  egitarauarekin gozatzeko: bisita gidatua, kontzertua eta bazkarixa. EHKolektiboak alkartiak martxuan/apirillian erabagi eban euren partaidia dan Sosolari udazkeneko saiua antolatzeko aukeria emotia, Pedro Sanchezek barriro be hauteskundietara deittu baiño hainbat hillabete lehenago. Kasualidadez, hauteskunde bezperako erreflexiño egunian jausi zan egun berezi hori: erreflexiño gitxi, baiña aukera bikaiña izan zeben bertara bildutakuak egun apartarekin disfrutatzeko. Bixamoneko hauteskundia guztiz ahaztuta, Amañatik gorako basarrixan egunpasa ezin aproposaguaz disfrutatu zeben heldu, gazte zein ume. Danak alkarrekin, kanpokua ahaztuta eta euskara hutsian. Ez da erraza izaten egun guztia euskaraz pasatzia.  Ba hori be lortu zeban ekitaldixak, ixa-ixa han giñan guztiak basarrittar bihurtzeraiño.

Badira zortzi bat urte EHKolektiboak alkartia lehen urratsak emoten hasi zala, ekologixaren bidia hartuz basarrittar txikixak egitten eben lana kaleratu eta indartzeko asmuarekin. Mailla nazionalekua da alkartia, “ezkutuan izan biharrian, egindako lan horren `ospea´ zabaldu eta, batez be, bereizteko ahalegiñian” diharduena. Mailla industrialian lan egitten dabenekiko menpekotasunik gabe, “baiña bestelako izaeria erakutsiz: inguruarekiko errespetua eta zaintzarekin batera, nekazaritzatik bizitzia badaguala bultzateko asmuarekin”. Eta, horretarako, urtaro bakotxian antolatzen daben ekitaldi berezixetan kultur ikutua be emoten ahalegintzen dira.

Behin eguna pasatuta, lasaitu ederra hartu dabe Sosolako Enrike Gisasolak eta Aizpea Izagirrek: “Sentsaziño oso onarekin geratu gara azkenian, eguna hunkigarrixa be gertatu zalako hainbat momentutan. Ez genduan halako babesik espero, askok lagundu deskue eta horreri esker aurrera egittia lortu dogu. Egunaren antolaketia ez da samurra izan, baiña jendiaren inplikaziñua eta parte-hartzia eskertzia besterik ez jaku geratzen”.

Azken egunotako eguraldixak be ez zeban, erraztasunik eskindu, “eta hasierako planak aldatu bihar izan genduan. Azkenian, Ruperren kontzertua eta bazkarixa toki berian egin bihar izan genduan”. Kontuan izan bihar da, gaiñera, euren lantokixa dala aurreko zapatuko “aretua”. Haizia nondik sartuko zan aurreikusi bihar izan zeben, horren arabera fardelak kokatzeko, bestelako baliabidiak be honuntza eta haruntza mugitzeko. “Gure ofiziuak eragindako asuntuak dira, ez gagoz halakuetara ohittuta”, diño Enrikek. Guztira, 5-6 hillabeteko prestakizunak izan dira, “apurka-apurka egindakuak; azken hillabetia intentsuagua izan da”.

Esperientziak, dana dala, zeozertarako balio izan detse: “Inguruko jendiak zelan erantzun deskun ikusteko. Deialdixa bota eta nahi beste lagun genkagun eskua botatzeko prest. Horrez gaiñera, Debemeneko Agurtzane Etxaniz, kotxiak lagatzeko munizipalen aldetik izandako laguntasuna... Eta, berari ez jako gustatuko esatia, baiña Ruper Ordorikaren jarrera bera be ikustekua izan da. Maialen Araolazak eta Kikuk eskindutako guztiarekin batera”.

Jasotako laguntasunari eskertuta
Ez dira aldapa errazak, Amañatik gora, Sosolaraiño eramaten gaittuenak. Baiña han goixan arnasa lasai hartu leike, eta baitta gauzak beste era batera ikusi be. Prestatutako egitarauan tartia izan zan, hasteko, bertako gaztaia eta ogixa zelan produzitzen daben jakitteko, Aizpeak eta Enrikek gustora asko emon zittuen argibidieri esker. Urtian milla kilo gaztai saltzen dabe, gitxi gorabehera, eta Enrikek daka horren arduria. Hori bai, ez dogu saltzaille arrunta: “Ezin dot ulertu gaztai zati bat probatzera emon eta gero beste bat saltzia; gaztai guztiak desbardiñak dira-eta”. Aizpea eta Esti ahiztia arduratzen dira ogixa egittiaz eta astian lau egun izaten dittue gogorrak, “eguazten gabian 03:00ak bueltan jaikitzia” eskatzen dabenak. Gaur egun artaldia 130 ardikua da eta hiru laguneko enpresia osatzen dabe. Lotura berezixa dake euren “negoziuarekin”, mantenimendu-lanak eta ikastaruak horretara bideratuta. Baiña aske sentitzen dira “arlo guztietan, gustatzen jakuna egitten dogulako. Badakagu sentsibilidadia ingurugiruarekin, hartuemon zuzena elikagaiekin. Gustuko tokixan aldaparik ez, esaten dana”. Halanda be, onartzen dabe leikela “etxian preso” sentitzia, militante ikutua badakala eurena, “medio urbanuan kontsumo aldetik ´`raritotzat´ hartzen gaittuelako”.

Amaieran euren produktuak saltzeko auleria be euki eben, “nahiz eta hori ez izan gure helburua”. Normalian azoketan-eta saltzen dabe gehixen: “Sanandresetan, esaterako. Kontsumo-taldia be badakagu denda baten eta ondo doiaz gauzak: ogixa be askosaltzen dogu”.

Ondo gordetzeko kontzertua
Ruper Ordorikak “bermut orduko saiua” eskindu eban bazkal aurretik. Igarri jakon gustura zeguala, bere onena emoteko prest, eta dozenatik gora abesti eskindu zittuan, azkenekuak Maialen Araolazak eta Quico Puges `Kiku´-k lagunduta. Jendia harrittuta geratu zan musikia zein ondo entzuten zan konturatzian; arlo horretan lan bikaiña egin zeban Napoka Irian Miren Narbaizarekin ibillittakoko Ander Mujika elgoibartarrak. Abeslarixak trikitilarixen moduan agurtu zeban auditorioa: “Deittu ostera be, etoriko naiz-eta”. Egixa esan, ikusitta Enrikek eta Aizpeak, bixak, zelan aurkeztu eben (“eziñezkua errealidade bihurtuta”), ezin zeikian txarto sentitu: eurak hunkittuta eta Ruper furgonetan eurekin egunero eramaten dabela jakinda. Ondoren, beste guztiokin batera bazkaltzera geratu zan.

Kalabaza-kremia lehelengo, bildotsa edo menestria jarraixan eta sagar-tartia amaitzeko, hórrek osatu zeben inguruko produktuekin osatutako menua: “Bildotsak guriak ziran, berduriak guriak, Busturiakuak eta Elosukoak, sagardaua Errezilgoa, ardo ekologikua Nafarrokua eta olixua Sevillako Ecijakua”. Jendia be toki askotakua: gehixenak eibartarrak  izan baziran be, baziran Elgoibakuak, Durangaldekuak, Enkarterrietakuak -bertakua zan egun osua marrazten pasatu zeban dibujantia- eta, zelan ez, Lasarte ingurukuak (handik etorri zan gurera Aizpea).

Eta ez dittue alkartekuak eskindutako laguntasuna ahaztu nahi: “Josebe Blanco eta talde eragillia aldamenian izan dogu beti”. Urtaro bakotxian Euskal Herriko herrialde baten antolatzen dabe sasoi horretako “Uzta” eta Gipuzkoako oingo hau eurei egokittu. Prest, baiña, barriro hartzeko halako beste bat? “Oin ezetz esango neskizu. Urtebete barru igual bai, herriko Serrano, Miren, Mursegorekin... zergatik ez? Baiña ez gagoz ohittuta, beti zeozer txarto urtengo daben beldurrez”. Lasai egon daitezke, juan zan egunekuak ez zebalako iñoren kejarik izan. Justu-justu kontrakua.

https://www.youtube.com/watch?v=GfPMRNUiqm0&feature=youtu.be

sosola 53 Argazkia: Oier Araolaza

sosola 47 Argazkia: Oier Araolaza

sosola 32 Argazkia: Oier Araolaza