Errendimendu Zirkuituko eta Udaberri Txapelketako partidak jokatuko dira asteburuan Astelena frontoian
Pilota giro betea izango da asteburu honetan Astelena pilotalekuan. Ostiraleko asteroko jaialdia 18:15ean hasiko da, eta lehenik Errendimendu Zirkuituko Binakako Gipuzkoako Txapelketako hiru partida jokatuko dira. Infantil mailan, Arrieta eta Agote Azkoitiko Oteiza 3 bikotearen aurka ariko dira; ondoren, Atxa eta Uriarte alebinek Donostiako Alde Zaharra 1en kontra jokatuko dute ligaxkako bigarren faseko lehen jardunaldian; eta hirugarren neurketan, Saez eta Lizarralde infantil mailako armaginek Lazkaoko Lapke 4 izango dute aurkari.
Jaialdiak jarraipena izango du Udaberri Txapelketako beste hiru partidarekin federatu mailan: Amillategi eta Gil kadeteek Hernani 2ren kontra jokatuko dute; senior mailan, Ibarra eta Conde Murumendi 1en aurka ariko dira; eta Narvaiza eta Aguirresarobe beste bikote beasaindar baten kontra lehiatuko dira.
Asteburua ixteko, igandean 11:00etan, gomazko paletan Lombraña eta Guinea eibartarrek Intza klubeko bikotearen aurka jokatuko dute.
Kanpoan jokatuko diren partiduei dagokienez, Arriola eta Segurola alebinek Zaldibiako Resti pilotalekuan hasiko dute ligaxkako bigarren fasea.