“Errobera artean” aldi baterako erakusketa zabaldu dute Eibarko Armagintzaren Museoan

Atzo zabaldu zuten aldi baterako erakusketa berria Eibarko Armagintzaren Museoan. Bizikletek eta Eibarko industriak arte-sorkuntza garaikidean izan duten eragina erakutsi nahi zaie bisitariei "Errobera artean" erakusketan. Otsailaren 1era arte egongo da ikusgai, Museoaren ohiko ordutegian: 16:00etatik 20:00etara, eguaztenetik zapatura; eta 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara domeketan.
2025/11/07 18:49
Silbia Hernandez Arrazola

Atzoz geroztik bisitatu daitekeen erakusketa 2026an Eibarko Txirindulari Elkartearen eta GAC enpresaren mendeurrenen inguruan egingo diren ospakizunen abiapuntua izango da, bide batez. Antolatzaileen berbetan, “bizikleta eta mugimendua inspirazio iturri izan dira garai guztietako artistentzat, eta pintura, eskultura eta instalazio ugari sortu dira horien inguruan”. Horrela, erakusketa honetan izikletekin loturaren bat duten artelanak bildu dituzte, hainbat artistak sortutakoak. Parte-hartzaileen zerrendan Jose Zugasti, Anibal Tejada, Baroja Collet, Jacobo Castellano, Javier Rodriguez Perez-Curiel, Dora Salazar, Marina Barrena. Fernando Beorlegui, Leire Kareaga, Imajinez, Iñaki Garmendia eta Derek Kreckler daude, besteak beste. 
Iñaki Uriarteren hitzaldia azaroaren 19an 
Erakusketa honekin bat eginez, azaroaren 19an Bizikleta, makina mugikorra, azkarra eta ederra hitzaldia emango du Iñaki Uriarte arkitektuak (gaztelaniaz). Hitzaldia baino, irudi bidezko paseo bat izango da. Bizikletaren berrehun urteko historiari eta haren legatu kulturalari errepasoa egingo zaio saioan. Portaleko areto nagusian izango da hitzaldia, 19:00etan, eta sarrera librea izango da.