Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu Eibarko eta Bilboko gazteen artean izandako “liskar iskanbilatsu batengatik”

Liskarrean arma zuriak eta objektu arriskutsuak erabili zituzten
Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu Eibarko eta Bilboko gazteen artean izandako “liskar iskanbilatsu batengatik”
2024/03/19 09:41
eta kitto!

Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin, bost gazte atxilotu ditu eta ikertu gisa eginbideak ireki dizkie beste 24 laguni, Bilboko Irala auzoan liskar iskanbilatsu batean parte hartzeagatik. Poliziaren arabera, “liskarrean arma zuriak eta objektu arriskutsuak erabili zituzten”, eta borrokaren ondorioz, bi pertsona zauritu ziren eta ospitalean artatu behar izan zituzten.

Eibarko eta Bilboko bi gazte taldek sare sozialen bidez hitzordua egin zuten domekan Bilboko Irala auzoan futbol neurketa bat jokatzeko. “Dirudienez, kirol-norgehiagoka amaitu zenean, arratsaldeko zortziak aldera, bi taldeak elkarri eraso egiten hasi ziren, arma zuriak eta bestelako tresna arriskutsuak erabiliz”, Ertzaintzaren arabera.

Bertaratu ziren Ertzaintzaren dotazioek 15 eta 19 urte arteko bost gazte atxilotu zituzten lesio-delituak leporatuta, eta beste 24 laguni eginbideak ireki dizkiete liskar iskanbilatsuengatik. Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten, zegozkien izapideak egin zizkieten eta, horiek amaitzean, agintari judizialaren esku jarri zituzten.