Eskola Kirolak Eibarren bizi duen egoera “kezkagarria” salatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk
Eibarko EH Bildutik azaldu dutenez, “egoera kezkagarria da, Udalak ez du bere gain hartu dagokion ardura, eta hurrengo ikasturteko eskola kirola kili-kolo dago. Udalak ez dio ERAIN familien elkarteari dagokion diru-sarrera egin, alegia, daukan hitzarmena ez du bete. Horretaz gain, Foru Aldundiko Irizpideak aintzat hartuz, Eibarko eskola kirola eredutik urrun geratzen ari da, Eskola Kirolaren diagnostikoa eta egituraketa proposamena txosteneko datuak ikusi besterik ez dago, eta honi Eibarko segregazio-egoerari aurre egiteko prozesua-ren emaitzen txosteneko datuak gehitzen baldin badizkiogu, Eibarko hezkuntzaren eta eskola kirolaren egoera arduratzeko modukoa da”.
Foru Aldundiko Irizpideek “haurra erdigunean jartzen dutela eta irizpideak bete egin behar direla” gaineratu du taldeak, eta aipatutako guztiaren harira Udalari hainbat eskaera egin dizkio Eibarko EH Bilduk: Udalak herriko adingabeen premiei eta herri kohesioari erantzuteko aukerak bermatu ditzala; Udalak Eibarko Eskola Kirolaren koordinazioaren ardura bete dezala, eta ERAIN elkartearekin duen hitzarmena bete dezala, Eibarren eskola kirol jarduerak Gipuzkoako Aldundiko irizpideak bermatuz garatzeko; eta Udalak ERAIN elkartearekin elkarlanean, plan integral bat definitu dezala, hiru hileko epean, eskola kirola eta hezkuntza ez formala tresna gisa erabiliaz, aisialdi eskaintza eta eredua berregituratzeko.