Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin dute gaur ikasleek
Amaitzear dagoen ikasturtean mugikortasuna eta osasuna landu dute Eibarko ikastetxeetan, Eskolako Agenda 21 programari jarraituta. Urte osoan landutakoak biribiltzeko, baina, gaur goizean (eguena, hilak 23) udalbatzar berezia hartu du udaletxeko pleno aretoak eta ikasleek udal ordezkariei euren lanetatik atera dituzten ondorioak azaldu eta hainbat kontu hobetzeko proposamenak helarazi dizkiete. Gaurko pleno berezian Eibarko hamar ikastetxeetako (Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, San Andres, La Salle Isasi, J.A Mogel, DBH Itzio, Mogel Isasi, La Salle Azitain eta Uni Eibar-Ermua) 100 bat ikaslek hartu dute parte. Ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren barruan eta Debegesak koordinatuta mugikortasuna eta osasunaren inguruan hainbat ekimen garatzen ibili dira ikasturtean eta, besteak beste, ikastetxeko eta herriko hainbat puntutan dagoen zarata maila neurtu dute sonometroekin. Ikasleek gaurko saioan euren eskaera eta proposamenak aurkeztu dituzte eta, horrekin batera, zarataren inguruan ikasleek eurek hartu dituzten konpromisoen berri ere eman dute. Konpromiso horietako bat jolasorduan ahots-tonu egokian jardutea dago. Udal ordezkariek ikasleen proposamenak jaso eta egindako lanarengatik eskerrak eman dizkiete.