Eskualdeko 150 ikasle baino gehiago bildu dira We Make Debabarrena! STEAM erronkako sari banaketan
Debegesak antolatzen duen We Make Debabarrena! STEAM erronkak arrakasta handia izan du aurten ere. Oraingoan 27 esperimentu jaso dituzte eta joan den barixakuan egin zuten sari banaketa ekitaldia Debako Aldats pilotalekuan. Aurkeztutako ikastetxeen artean Eibarko lau ikastetxe daude (Amaña, La Salle Azitain, Aldatze eta Arrateko Andra Mari). Aldatze ikastetxeko ikasleen lanak jaso du hirugarren saria. Jasotako bideo guztiak ikusgai daude Debegesako Youtubeko kanalean
Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Helburua da ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntza balioan jartzea.
Guztira 27 esperimentu aurkeztu dira, eta eskualdeko 12 ikastetxe izan dira partaideak: Anaitasuna Ikastola, Amaña HLHI, La Salle Eibar Azitain, Goizeko Izarra Ikastola, Aldatze, Arrateko Andra Mari, Luzaro, San Lorenzo, Elgoibar BHI, Learreta Markina HLHI Mallabia, Samiela Eskola eta Elgoibar Ikastola. Jasotako bideo guztiak ikusgai daude Debegesako Youtubeko kanalean. Honako hauek dira irabazleak:
- LH 3-4 KATEGORIAN: Learreta Mallabia LH3-4 (Olio misteriotsuaren kasua)
- LH5-6 KATEGORIAN: Learreta Mallabia LH5-6 (Mallabia News)
- DBH1-4 KATEGORIAN: Aldatze DBH2 (Sukaldaritza jasangarria)
Aurreko barixakuan, maiatzak 23, egin da ekimenaren sari-banaketa Debako Aldats frontoian eta 150 ikasle baino gehiago bertaratu ziren. Bertan izan ziren sariak ematen Debako alkateordea, Jon Riaño; Iratxe Abarrategi, Laboral Kutxako Debako zuzendaria, epaimahaiko kideak IMH eta HANNA Instruments enpresetako ordezkariak hain zuzen eta Debegesako lantaldea. Ekitaldia Niala Magoak gidatu zuen, eta, sariak banatzen ziren bitartean, zientzia eta teknologiarekin lotutako magia trikimailuak egin zituen.
Aurten ere, bi irizpide erabili dira irabazleak aukeratzeko. Alde batetik, bideoen ikustaldiak zenbatu dira, honek puntuazioa totalaren % 25eko balioa duelarik eta, bestetik, epaimahaikideek irizpide jakin batzuk kontuan hartuta esperimentuak puntuatu dituzte, hauek ordea, % 75eko pisua daukate puntuazioan. Epaimahaia IDEKO, TEKNIKER, CODESYNTAX, HANNA INSTRUMENTS, eta IMH enpresetako ordezkariak osatu dute eta horren guztiaren baturatik eta ikustaldietatik atera dira irabazleak.
Debegesak eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan zehar erakutsitako gogo eta kemenagatik, eta epaimahaikideei beren lanagatik eta STEAM arloak balioan ipintzen laguntzeagatik.