Eskualdeko Nekazaritza Bulego berria inauguratu dute
Eskualdeko Nekazaritza Bulego berria inauguratu zuten atzo Elgoibarko Gabriel Krutzelaegi kalean. “Ustiategien erregistroari, gidekin lotutako izapideei, animalien altei eta bajei buruzko gestioei erantzuteko” izango da, Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Bulegoak Debabarrena eskualdeko 1.600 ustiategi baino gehiago artatuko ditu eta bulego berria egokituta egongo da gestioak egin behar dituzten baserritarrak erraz sar daitezen. “Inaugurazio honekin beste urrats bat eman dugu gure baserritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko konpromisoan”, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren berbetan.
Gune horretan bertan Debabarreneko (Debemen) Landa Garapenerako Elkartearen bulegoak egongo dira, orain arte Elgoibarko Merkatu Plazako eraikinean zeudenak.