Eskubaloi Eguna ospatuko da asteburu osoan zehar

Eibar Eskubaloiak kalera eramango du kirola eta musikarekin girotuko du herria
Eskubaloi Eguna ospatuko da asteburu osoan zehar
2026/05/13 11:29
Ekhi Belar Errasti

Kirola, musika eta giro ona nahastuko dira datorren asteburuan Eibar Eskubaloiak antolatutako Eskubaloi Egunaren edizio berrian. Ostiraletik igandera bitartean, maiatzaren 15etik 17ra, ospatuko dute hitzordua klubeko jokalariak, familiak, zaleak eta herritarrak elkartzeko asmoz.

Hiru eguneko egitarauak eskubaloi partiduez harago joango den festa giroa eskainiko du, txosna, kalejira, bazkari herrikoia eta kontzertuak uztartuz.

Ostiral arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. 18:00etan irekiko dute txosna eta, handik gutxira, jaiaren hasiera ofiziala egingo dute klubeko taldeei aitortza eginez. Gauean, DJ Aguss arduratuko da giroa berotzeaz.

Larunbatean goizetik gauera arte egingo dira ekintzak. Goizean txosna berriz zabaldu ostean, 14:30ean kalejira egingo dute Errebaleraino, eta ondoren bazkari herrikoia ospatuko dute bertan. Arratsalde-gau partean, musikak hartuko du protagonismoa, Urkari eta Slide taldeen kontzertuekin.

Igandean, berriz, eskubaloiak berak hartuko du lehen lerroa. Goizeko 10:00etatik aurrera, eskubaloi eskolako partidak jokatuko dira, gaztetxoek pistan euren trebetasuna erakutsiz. Eguerdian zozketa egingo dute eta 15:00etan emango diote amaiera asteburuko festari.

Klubetik azaldu dutenez, Eskubaloi Eguna urteko hitzordu berezienetako bat da haientzat eta helburua ez da soilik kirol jarduera bat antolatzea, baizik eta komunitatea indartzea eta herrian giro parte-hartzailea sortzea.