Eskubide Sozialen Kartaren aldeko agerraldia
Gaur (eguaztena, hilak 5) Arrate Kultur Elkartean egindako agerraldian, Euskal Herriko beste hamaika tokitan lez, Eibarren ere eskubide sozialen karta lantzeko taldea sortu dela eman dute aditzera. Uda aurretik ekin zioten Euskal Herriko eskubide sozialen karta idazteari eta honezkero hamabi bloketan banatutako zirriborroa prest dago, ekarpenak egin nahi duenak lantzeko moduan. Eibarren horretan hasita daude hainbat lagun, zirriborroak proposatzen duena aztertu eta, egoki ikusiz gero, ekarpenak egiteko. Lanketa prozesuan inflexio puntua egingo da hilaren 15ean, 11.00etan hasita eta, horretarako, eskubide sozialen aldeko plaza bihurtuko dute Untzaga. Aurreratu dutenez, "egun horretan, musikak eta pintxoek lagunduta, eskubide sozialen karta kalera aterako dugu. Asmoa, zirriborroak eskubide bakoitzaren gainean dioena, ordurako jasota edukiko ditugun ekarpenekin batera paneletan ipintzea da, goizean zehar edozeinek bere ekarpenak egiteko aukera euki dezan".