‘Eskusoinu ibiltaria’ kontzertua eskainiko dute barixakuan Coliseon
Miren Gabirondok eta Iñaki Salvadorrek musika, poesia eta narrazioa uztartuko dituzte munduko hainbat paisaiatara egindako bidaia sentsorialean.
2026/10/06
13:18
Irati Alvarez Malaxetxebarria
'Eskusoinu ibiltaria' ikuskizuna eskainiko dute urriaren 9an, barixakuan, Miren Gabirondo akordeoi-jotzaileak eta Iñaki Salvador pianistak. Kontzertua 19:00etan izango da, Coliseo antzokian.
Musika, poesia eta narrazioa uztartuz, Euskal Herriko, Frantziako, Italiako, Afrikako, Japoniako eta Amerikako paisaietara egingo dute salto ikuskizunean. Jakin-minak gidatuta, bi musikariek soinuaren bidez egingo dute bidaia, eta liburu batek ere protagonismoa izango du ikuskizunean, apurka-apurka bizia hartuz.
Melodien bidez, musikak istorioak, oroitzapenak eta ametsak ekarriko ditu agertokira, eta kontakizun bizi bihurtuko da ikuskizuna.