Esperientzia Eskolaren 18. promozioak ikasturtea amaitu du
Eva Perez de Albeniz Esperientzia Eskolako koordinatzaileak eta Jon Iraola Eibarko alkateak hartu dute hitza gaur Armeria Eskolan egin den saioan, eta ekimenak duen balioa azpimarratu dute. “Ondo inbertitutako dirua da”, aipatu dute. “Gauzak ikasteko interesa duten eskualdeko pertsonen erreferentziazko tokia da Esperientzia Eskola”, euren berbetan.
Horren lekuko dira Maite Larrañaga eta Joxean Egaña, 18. promozioko kideak. “Konfiantzazko gunea da eta taldeak kohesioa lortu du. Konfiantzaz gain, errespetua eta laguntasuna sustatu da ikasturtean zehar”, Larrañagaren berbetan.
Ikasturtean gai asko landu dituzte. “Batzuk kulturalak edo filosofikoak izan dira, baina beste batzuk askotan lantzen ez direnak: sexualitatea, identitatea, emozioak...”, aipatu du Larrañagak. Bere iritziz: “Atseginez ikasten denean, adinak garrantzirik ez duela ikusi dugu”.
‘Marea gora’ proiektua
Taldeak beste urtebetez jarraitzeko gogoa duela aipatu du Egañak eta proiektu asko dituztela buruan. Horietako bat azaldu du gaur goizean: ‘Marea gora’ hitzaldi-saioa. “Izen hori jarri diogu. Izan ere, mareak gora egiten duenean hondarra mugitzen du eta ura uhertu egiten da. Orduan, jendea hondartzatik joaten da, herrigunera adibidez. Guk hori nahi dugu, jendea herrira joan dadila hitzaldiak entzutera”, azaldu du Egañak.
Hitzaldiak uztaileko eguaztenetan egingo dira, 19:00etan, Debako Kultur Elkartean, eta saioak guztiz itxita ez dauden arren, euren proposamena azaldu du Egañak:
Hilaren 5ean, Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoak eta itsas-historialariak (besteak beste), ‘XXI. mendeko esploratzaile baten bizimodua’ izeneko hitzaldia eskainiko du; 12an, Mikel Ayestaran kazetaria ekarri nahi dute; 19an, Ibai Inziarte ingeniari eibartarrak adimen artifizialari buruz jardungo du; eta 26an, Pako Salegi Debako zentral nuklearraren aurkako borrokako militanteak gai horren inguruan egingo du berba.