…eta kitto! Euskara Elkartea: 34 urteko konpromisoa, etorkizunari begira
Aro berri batean sartu gara. Berrikuntzaren bidetik, lan egiteko moduak eguneratu ditugu, diseinu berria estreinatu dugu, proiektu berriak jarri ditugu martxan eta lantaldea berritu dugu. Aldaketak nabariak dira, bai barrura begira, baita kanpora ere. Hala ere, funtsean, dena ez da aldatu: duela 30 urte baino gehiago izan genuen helburu berari eusten diogu gaur ere, euskararen alde jarduteari.
Horixe izan da hasieratik …eta kitto! Euskara Elkartearen ardatza: euskararen erabileran eragitea, Eibarko euskaldun-komunitatea saretzea, sendotzea eta gure hizkuntza hedatzea. Euskararen normalizazioa ez da, tamalez, iraganeko erronka; eguneroko lana da, eta horretan denok dugu zer eman eta zer jaso.
Gaur egungo erronkei aurre egiteko, berrikuntza-prozesu sakon batean murgildu gara. Erredakzioa berritu dugu, lantalde berriak osatu ditugu, lan-prozesuak eguneratu eta diseinu berriarekin aurkeztu gara. Elkartea ez da hedabide hutsa: …eta kitto!-ren barnean hainbat programa eta proiektu garatzen dituen taldea dago, betiere euskararen normalizazioa helburu. Asmo hori betetzeko tresna da hedabidea.
Tokiko kazetaritza eguneratzea eta hedabidearen berritasunak
Gure proiektu komunikatiboan, kazetariek sortzen duten edukiek ahalik eta eraginkortasun handiena izatea da helburu nagusietako bat. Hain zuzen ere, informazioa sortzea bezain garrantzitsua da hura nola eta non zabaltzen den. Horregatik, galdera nagusi bati erantzun behar izan diogu: nola jarraitu erreferente izaten, informatzeko moduak, ohiturak eta kanalak etengabe aldatzen ari diren testuinguru honetan?
Testuinguru berrira egokitzeko lanean dabil …eta kitto! Euskara Elkartea. Bide horretan, gure kazetaritza-lana egungo formatuetara egokitzen ari gara, kalitatea eta zorroztasuna galdu gabe.
Paperezko astekariari dagokionez, gaur egun 7.800 ale banatzen ditugu Eibarko etxe eta establezimenduetan, eta 200 inguru inguruko herrietan. Astekarian berritasun nabarmenak egiten hasi gara, txandaka argitaratuko ditugun sekzio berriak eta diseinuak lagundutako erreportajeak, esaterako.
Paperezko edizioak gure komunikazio-proiektuaren zutabe izaten jarraitzen badu ere, azken urteotan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa egin dugu eremu digitalean. Diseinu berriarekin, aldizkaria, webgunea eta sare sozialak elkarrekin uztartzea da gure asmoa. Helburua ez da itxura aldatzea bakarrik, baizik eta edukiak irakurtzeko eta ulertzeko errazagoak izatea. Hori da gure elkartearen erronka nagusia gaur egun: edukiak egungo baliabideetara ondo egokitzea.
Sare sozialetan, aldiz, gureikus-entzunezkoen laguntzaz digitalizatzen dugu edukia. Gaur egun ondorengo sare sozialak ditugu: Instagram, TikTok, Facebook eta X. Sare sozial horiek astekarian zein webgunean egongo diren edukiak modu irisgarriagoan jasotzeko eta webgunera bideratzeko aukera ematen dute, webgunean izango den edukiaren osagarri gisa.
Instagram kontuak du pisu handiena gurean, eta beraz, lanketa berezia egin dugu bertan. Berritasunen artean, izena aldatu diogu kontuari: lehen ‘gaztekitto’ izena zuen kontua ‘etakitto.eus’ da orain. Modu berean, aktualitateko gaiak lantzeko moduak eguneratu ditugu (kale galdeketa gehiago egiten hasi gara, esaterako). Horri lotuta, diseinua ere egungo eduki eta beharretara egokitu dugu, eduki-mota bakoitzerako diseinu propioa sortuz.
Edukia zabaltzeko bestelako euskarriei dagokienez, Telegram eta WhatsApp kanalak sortu ditugu. Horien bitartez herritarrek aktualitateko albiste, bestelako eduki eta elkartearen inguruko berrien zerrenda modu azkar eta gertukoan jasotzeko aukera dute. Edonork du difusio-kanal horietan zuzenean doan harpidetzeko aukera.
Hekimen Euskal Hedabideen elkartearen laguntzaz, Adimen Artifizialarekin lehen urratsak egiten hasi gara. Hedabideen elkarteak bazkideentzat sustaturiko tresna bat jarri du eskura, eta tresna horrek dakartzan aukerak probatzen gabiltza.
Elkartea eta lantaldea
Hasieran esan bezala, hedabidea elkartearen tresnetako bat da eta, hedabideaz gain, elkarteak, euskararen nomalizazioa helburu, bere proiektu propioak garatzen dihardu hasiera-hasieratik. Gaur egun hainbat proiektu sustatzen ditu: mintzapraktika egitasmoak, familia-giroko euskalduntzea, harrera eta elkarbizitza programak, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak, irakurzaletasuna bultzatzeko proiektuak eta herrigintzarekin lotutako jaialdi eta ekitaldiak. Herriko eragile ezberdinekin egiten dihardugun elkarlana ahaztu gabe: emakumearen mahaia, euskalgintza, Akebai… Zerbitzuak ere eskaintzen ditugu, hala nola itzulpenak, aholkularitza eta euskara-planak edota sentsibilizazio-saioak.
…eta kitto! Euskara Elkartea proiektu desberdinetan parte hartzen duen lantalde zabal eta diziplinarteko batek sostengatzen du: Ana Aizpurua, Silbia Hernandez, Ekhi Belar, Irati Alvarez, Naia Aizpurua, Yanire Sagredo, Oihane Zabala, Ander Fernandez, Ane Lizarralde, Idoia Labado, Leire Carretero, Irune Jaio, Marisol Uriarte eta Ainara Labadok, hain zuzen.
Debabarrena: eremu estrategikoa
Azken urteotan eskualde mailako lanketa -eta bateratze- prozesuan ere parte hartu dugu, Debabarrenean euskarazko hedabideen arteko elkarlana indartzeko helburuarekin. Hainbat ahalegin eta prozesu luze baten ostean, gure bide propioari ekin diogu. Esperientzia horrek, ordea, urtebete luzeko hausnarketa estrategiko sakona egitera eraman gaitu, elkartearen proiektuaren izaerari, autonomiari, erabakiak hartzeko moduei eta balioei buruzkoa. Hausnarketa horren ondoren, eta elkarteko organoek hala erabakita, …eta kitto!-k bere proiektu propioa sendotzearen aldeko apostua egin du, eskualdea estrategikotzat jotzen jarraituz eta beste eragileekin elkarlanerako ateak zabalik eutsiz, baina gure ibilbidea modu autonomoan garatuz.
Ildo horretan, proiektu berri bat sortu dugu Debabarrena mailan. Webgunean laster aktibo egongo den atal berezi bat sortuko dugu. Bertan hainbat arlo jorratuko ditugu: eskualde mailako albiste esanguratsuenak zabalduko ditugu, Naia Aizpurua kazetariak gai ezberdinak jorratzen dituen saioa egingo du eta Debabarreneko agenda alternatibo bat eskainiko dugu astero. Euskarazko edukiak eskualde mailan jorratu eta euskararen alde gure alea jartzeko modua da.
Hiru hamarkadatik gorako ibilbidea, begirada etorkizunean
1992an sortu zen …eta kitto! Euskara Elkartea, euskararen normalizazioan eragiteko helburu argiarekin. Ordutik hona, testuinguruak eta tresnak aldatu dira, baina xedea bera da: euskararen erabilera sustatzea eta Eibarko euskaldun-komunitatea indartzea. Ibilbide horretan, hedabidea funtsezko tresna izan da, baina ez bakarra. Elkarteak, komunikabideaz harago, euskararen aldeko hainbat proiektu, programa eta ekimen garatzen ditu egunerokoan.
Etorkizunari begira, bide horretan sakontzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza-proiektua eguneratuz, eduki digital eta ikus-entzunezkoak indartuz, eta, batez ere, komunitatearekin lotura estua eutsiz. Euskararen normalizazioa lan kolektiboa da, eta horretan, herritarren eta eragileen inplikazioa ezinbestekoa da.
Horregatik, gonbita luzatzen diegu herritar guztiei: …eta kitto! elkartearen proiektuaren parte izaten jarraitzeko, euskaraz bizitzeko.