…eta kitto! Euskara Elkarteak urteko batzar nagusia egin du
Urteko batzar nagusia amaitu berri du …eta kitto! Euskara Elkarteak. Bazkideei deialdiarekin batera bidalitako gai-ordenari jarraituta, Maider Aranberri elkarteko idazkariak ekin dio batzarrari
2012ko gestio-balantzea bertaratutako bazkideei azalduta: egoera ekonomikoak eraginda irailean aurreikusita zegoen aldizkariaren diseinu aldaketa gauzatzerik ez da izango, baina hala ere balorazioa positiboa da. Besteak beste, Twitter eta Facebook bidez aldizkaria jarraitzen dutenen kopuruak nabarmen gora egin duela azpimarratu du. 2011n bigarrenez egindako Transmisioaren Mintegiak ere oso emaitza ona izan zuen eta 2013an ere egiteko eskaera jaso eta hala egingo dela aurreratu dute. Bestalde, Debabarrena proiektuak oso emaitza ekonomiko txarra izan duenez, atzeratu egingo dela ere azaldu dute.
Bigarren puntuan Tokikom eta Federazioaren kongresuaren gaineko hausnarketa egin du Igone Lamarain elkarteko presidenteak. Berak esandakoari jarraituta, 2011n egindako kongresuan Tokikom-i ezezkoa eman zion …eta kitto!-k, batez ere prozedura eta lidergoarekin ados ez zegoelako. Hala ere, adostasun bila bilera bi egin ziren Topaguneko zuzendaritzarekin 2012ko iraila eta urrian, baina berriz ere prozeduraren inguruko desadostasunek etenaldia eragin zuten eta, gauzak horrela, azken kongresuan parte ez hartzea erabaki zen. Dena dela, etorkizunera begira …eta kitto! Euskara Elkartearen aldetik Topagunera gerturatzearen aldeko jarrera izango dela argi laga nahi izan dute.
Hurrengo puntura pasatuta, 2013rako proiektuak aipatu dituzte: arlo ekonomikoari begira, gaur egungo proiektu eta lantaldeari eustea da asmoa, baina hala ere oso kontuan izanda elkartearen egoera ekonomikoa oso latza dela eta alde horretatik doikuntzak egitera derrigortuta egon daitekeela. Diru-laguntzekiko menpekotasuna gero eta txikiagoa izatea helburutzat hartuta, dirua lortzeko beste bide berri batzuk zabaltzeko beharrean hasita daude elkartean. Gauzak horrela, batzarrean 2013rako proposatutako 431.731 euroko aurrekontua onartu dute bazkideek.
Aurtengo bazkide kuotei KPI-a gehitzea ere onartu da: 16 urtetik beherakoek ordaindu beharreko kuota 4'64 eurokoa izango da; langabetu, ikasle, jubilatu eta etxekoandrena 10'43 eurokoa eta beharginena 41'08 eurokoa.
Amaitzeko, zuzendaritza berrirako proposamena ere ontzat eman da: Mireia Agirrebeñak, Isabel Arregik eta Imanol Bergarak zuzendaritzako kide izateari lagata, zuzendaritza honakoa izango da: presidentea Igone Lamarain; presidente ordea Moisés Gonzalez; idazkaria, Maider Aranberri; diruzaina, Marisol Uriarte; eta bokalak, Ainara Argoitia, Juan Barahona, Julian Fernandez, Fermin Lazkano, Josu Mendikute, Koldo Mitxelena, Leire Narbaiza eta Ane Urkiola.