Etenik ez duen zortzi urteko borroka ospatzeko manifestazioa deitu dute pentsiodunek biharko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua hasi zela zortzi urte bete berri dira eta, zortzi urte hauetako borroka gogoratu eta ospatzeko, Eibarko Pentsionisten Taldeak manifestazioa deitu du bihar zapaturako, urtarrilaren 17rako. “HEL aurrera. Pentsio duinak guztientzat” goiburuari jarraituta egingo den mobilizazioa Untzagan hasiko da, 12:00etan, eta ondoren, 14:30ean herri-bazkaria egingo da Errebal Plazan. Txartelak Guridi tabernan eskuratu daitezke, 15 eurotan, eta bihar ere egongo da erosteko aukera, manifestazioa amaitu eta gero.
Etenik ez duen zortzi urteko borroka ospatzeko manifestazioa deitu dute pentsiodunek biharko
2026/01/16 13:25
Silbia Hernandez Arrazola

2018ko hasiera hartan, gutxik irudika zezaketen astelehen batez plazan elkartutako pentsiodun talde hark Euskal Herriko azken urteotako mugimendu sozial iraunkor eta eraginkorrenetako bat abiaraziko zuenik. Ordutik, zortzi urte igaro dira, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kalean, plazetan eta eztabaida politikoan arrasto sakona utzi du.
Mugimendua abiarazteko arrazoi nagusiak pentsioen erosahalmenaren galera, KPIarekiko loturaren haustura eta erreforma berrien mehatxua izan ziren. Haserrea eta kezka partekatu horietatik abiatu ziren mobilizazioak, indartsu. Astelehenero milaka lagunek hartu zituzten herrietako plazak. Ohiko protestetatik haratago, erritmo propioa hartu zuen mobilizazio forma sortu zen: lasaia baina irmoa, anitza baina bateratua.
Mugimenduaren indargune nagusietako bat bere izaera autonomoa izan da. Alderdi politikoetatik eta sindikatuetatik independente, erabaki garrantzitsu guztiak asanbladetan hartu dituzte pentsiodunek eta, horri esker, gizartearen zati handi baten konfidantza eta babesa bereganatzea lortu du mugimenduak.
Pentsio publiko eta duinak denontzat eskatzen sortu zen mugimenduak, baina, ez du soilik pentsioen gaia plazaratu: zahartzaro duina, zerbitzu publiko sendoak eta belaunaldien arteko elkartasuna ere eztabaidaren erdigunean jartzea lortu du.

Lorpen garrantzitsuak eta erronka handiak mahai gainean
Etenbariko borroka horrek emaitzak izan ditu. KPIaren araberako pentsioen eguneraketa berriro onartu izana ezin da ulertu kale-presiorik gabe. Gutxieneko pentsioen inguruko eztabaida soziala normalizatzea, pentsio publikoen defentsa irmoa eta pribatizazio-mehatxuen aurkako kontzientzia zabaltzea ere lorpen garrantzitsuak dira. Gainera, mugimenduak erakutsi du adinak ez duela aktibismoa mugatzen, eta parte-hartze politikoak bizitza osoa har dezakeela.
Pentsioen gaian aurrera egitea zaila dela aitortu arren, Eibarko Pentsionisten Taldetik aurrera egiten ari direla azpimarratu dute: “Askotan oso pesimistak izaten gara, batez ere Gasteizko gobernuan eztabaidarako aurkeztu genuen herri ekimen legegilearekin gertatutakoagatik. Egia esan, harridura handia izan zen ikustea, 142.000 sinadura baino gehiagoren babesa izan arren, bai alderdi sozialistak bai EAJk eztabaidatzeari ere uko egin ziotela. Jarrera hori guztiz antidemokratikoa izan zen. Gainera, ekimenari uko egin zioten dirurik ez zegoela argudiatuta, baina diru hori Euskal Herrian kokatutako enpresa handi batzuei barkatutakotik atera zitekeen, Repsolen kasuan bezala. Horrek kalte handia egin dio pentsiodunen mugimenduari, batez ere gutxieneko pentsioa kobratzen dutenei. Horietako asko emakumeak dira, eta asko alargunak ere bai. Oso tristea da ikustea askok benetako lehoiak bezala borrokatu dutela beren seme-alabengatik, familiengatik… eta bakarrik geratzen direnean, askotan ez dutela berogailua pizteko adina ere. Gure ekimena onartu izan balitz, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatara parekatzeko proposamena alegia, 100.000 pertsona inguruk izango lukete onura, eta horietatik 76.000 emakumeak lirateke”.
Bestetik, pentsioen jasangarritasunaz hitz egiten denean, oso interesatuak diren datuak ematen dituztela diote, “pentsiodunen mugimenduaren aurkako iritzia sortzeko. Gazteen burua ere berotzen ari dira esanez pentsiodunek asko kobratzen dutela eta haientzat ez dela iritsiko. Hori guztia gezur hutsa da”.
Borrokari esker aurrerapauso batzuk eman arren, bidea ez da amaitu. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik behin eta berriz gogorarazi dutenez, “milaka pentsiodunek pobrezia-atalasearen azpitik jarraitzen dute, eta gutxieneko pentsio duinak lortzea premiazkoa da. Emakume pentsiodunek jasaten duten genero-arrakala oraindik handia da, lan-ibilbide prekario eta ikusezinen ondorio zuzena. Bestalde, lan-merkatuaren prekarizazioak eta gazteen ziurgabetasunak etorkizuneko pentsioak kolokan jartzen dituzte. Horregatik, mugimenduak erronka nagusi bat du: belaunaldi berriekin zubiak eraikitzea, gaurko borroka biharko eskubidea dela ulertarazteko”.
Zortzi urte igaro dira lehenengo pankartak plazetan zabaldu zirenetik, baina orduko mezua indarrean dago oraindik: “Pentsio duinak eskubidea dira, ez pribilegioa. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak erakutsi du antolakuntza iraunkorrak eta konpromiso kolektiboak aldaketak eragin ditzakeela. Lortutakoa garrantzitsua da, baina oraindik egiteko asko dago”. Bitartean, astelehenek hitzordu izaten jarraituko dute.