Etorkizunera itzultzen belomotorrarekin

Etorkizunera itzultzen belomotorrarekin
2019/02/20 08:51
eta kitto!
Modan daude motordun bizikletak. Hiri handietan mugitzeko edota kirola egiten bizikletan ibiltzeko bultzada handiagoa izateko, e-bike direlakoak dira azken moda (eta bizikleta ekoizle batzuen hazkunde ekonomikoaren arrazoia baita ere). Motordun bizikletak, ordea, ez dira berriak Eibarren. E-bikeak baino lehenago belomotorrak izan genituen gurean, iraganean etorkizuna bizi izan bagenu bezala.

 

Eibarko Armagintza Museoak ‘Eibarko belomotorrak’ izeneko erakusketa jasoko du bihartik martxoaren 31ra. Bizikletek garrantzia handia izan dute Eibarren historian zehar. Bizikletagintza herriaren industriaren ikurretako bat izan da, eta txirrindularitzak momentu bereziak bizi izan ditu herriko kaleetan eta Arrateko maldetan. Motorrek ere toki berezia daukate eibartarron bihotzetan, eta Lambretta da horren erakusle garbiena. Bizikleta eta motorren arteko hibridoak ere egin ziren Eibarren, belomotorrak, eta gurean egin ziren mota honetako ibilgailuak bilduko ditu Museoko erakusketak.

‘Eibarko belomotorrak’ erakusketarako sarrera doakoa izango da eta Museoak doako bisita gidatua egiteko aukera eskainiko du hilaren 16an. 17:00etan bisita euskaraz egingo da eta 18:30ean gazteleraz. Bisita gidatua egin ahal izateko 943 70 84 46 telefonora deituta edo museoa@eibar.eus helbidera mezua idatzita eman behar da izena, eta talde bakoitzean 20 lagunek eman ahal izango dute izena gehienez.

60. eta 90. hamarkaden artean Eibarko enpresetan egindako piezak egongo dira ikusgai ‘Eibarko belomotorrak’ erakusketan. Esate baterako, Beistegui Hermanosek (BH) fabrikatutako ‘mosquito’ delakoa, Orbearen VeloSolex, G.A.C.-ren Mobyletteen hainbat modelo eta zilindrada txikiko Lambrettak. Horrez gain, sasoi hartako material grafiko eta publizitarioa ikusi ahal izango da.

Erakusketa antolatzeko orduan Club Lambretta, Agustin Lazarobaster, Manolo Murillo, Gaizka Iriondo, CDRko Jose del Rey, Lorenzo Zabala, Andoni Ayala eta Motos Luis del Rey-ren laguntza izan du Museoak, besteak beste.

 

Herrian egindako belomotorrak

Lehen motordun bizikleta eibartarra Motobic izan zen, 1946. urtekoa, eta 50. hamarkadan Eibarko bizikleta enpresa nagusiak ziklomotorrak egiten hasi ziren, merkatuan zuten presentzia handituz. 1950an, adibidez, Echasa enpresak bi abiadurako Iresa motorra jarri zion Stark izeneko bizikletari; eta 1952an eibartarrontzat ikurra izan den Mobylettea etorri zen, G.A.C.-k patente frantziarra erosi ondoren.

Urte berean, 1952an, Alfa, ABC eta Valenciaga Hermanos enpresek scooter motorrak egiteko sozietatea sortu zuten Innocenti marka italiarraren lizentziarekin: Lambretta Locomociones. 1954an hasi ziren ekoizten gaur egun ere gure kaleetan ikusgai dauden motor eibartar hauek. Bestetik, AyraDurexek urte horretan Master Ciclo delakoa egin zuen.

Orbea, bere aldetik, VeloSolex ziklomotorra ekoizten hasi zen 1957an. Frantziako Solex enpresarekin akordioa lortu eta gero hasi zen ibilgailu berria egiten, baina bidea ez zen erraza izan. 1956an, Orbeako ordezkariak Solexek Courveboien (Parisetik hurbil) zuen fabrikara lizentzia negoziatzera joan zirenean, aurkako harrera jaso zuten langile frantziarren aldetik. Sasoi zailak ziren, lan-gatazkak oso ohikoa ziren eta sindikatuek kapitalaren ordezkari bezala hartu zituzten Orbeako ordezkariak. Hala ere, Orbeak eta Solexek akordioa sinatu zuten, baina eibartarrek oztopo gehiago aurkitu zituzten fabrikazioan. Orbeakoentzat ezezaguna zen fabrikazio-prozesua, eta ibilgailua egiteko beharrezkoak ziren hainbat pieza (motorra eta bizikletaren koadroa, adibidez) Hendaia eta mugako mendietatik kontrabandoan pasatu behar zituzten. Azkenean, Monsieur Wilson Solexeko ingeniaria Orbeara etorri behar izan zen fabrikazioaren ingeniaritza martxan jarri eta teknikoak prestatzeko.

 

Zenith karburagailua

Carbureibar eta Lambretta Locomociones enpresentzat berebizikoa izan zen Zenith 20 MX karburagailua aukeratu du Museoak otsaileko pieza gisa. 1958an sortutako Zenith karburagailua Lambretta markako lehen ziklomotorrentzako egin zen.

Eztanda-motorra osatzen duen pieza bat da karburagailua, eta bere funtzioa airea eta erregaia neurri egokian nahastea da motorreko errekuntza-ganberan sartu baino lehen. Karburagailua XIX. mendearen erdialdean asmatu zen eta XX. mendeko 80ko hamarkadan, goi-zilindradako ibilgailuak eta gasolina-injektoreak agertzean, garrantzia galdu zuen pixkanaka. Hainbat adituren ustez, ordea, eztanda motorrak berreskuratu egingo dira aurrerakuntza eta ikerketa berriengatik, eta mikrozirkuituen erabileraren ondorioz.