Etxean baino hobeto, inon ez
Aski ezaguna de Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia, eta gizonezkoen Bigarren Mailan jokatzen duen SD Eibar-ek ondo ordezkatzen du istorio hori. Etxetik kanpo ligako taldetik txarrena den bitartean, onena da berean. Beltzak ikusten ditu bidaiatzen duenean, baina berri ona da hori etxean bi partidu jarraian tokatu zaionean, garaipenak lortu baititu horrela:
Orain dela hilabete Real Valladoliden eta Mirandesen aurka bi garaipen jarraian lortu zituen etxean, eta joan den astean Almeriari irabazi ondoren, atzo Real Sportingi gailendu zitzaion, 1-0, Madariagaren gol bati esker.
Larunbatean Zaragozara
Gauzak horrela, Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak arnasa hartu du sailkapenean eta orain sei puntura ditu jaitsiera postuak (Eibarrek 31 puntu ditu). Gainera, asteburuan Real Zaragozari egingo dio bisita (21. postuan dago 22 punturekin), larunbatean, otsailak 7, 18:30ean.
La Romareda zelaia obretan dagoenez, Zaragozak Ibercaja zelaian jokatzen ditu orain bere neurketak eta, "aforo kontuengatik" (20.000 lagun sartzen dira), SD Eibarri ez dizkio sarrerarik emango zale gorriurdinek partidua zuzenean ikusi ahal izateko.
Aragoiko taldearen aurkako partidua prestatzeko, Eibarrek gaur egin du entrenamendua eta, bihar atsedena hartu ondoren, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egingo du lan, 11:00etan, Areitioko kirol-hirian.
Aldaketak taldean
Atzokoan berebizikoa izan zen Jon Mikel Magunagoitiak egindako lana, meritu handiko geldiketak egin baitzituen talde armagina markagailuan aurretik zihoanean. Behin partidua amaituta, taldekideen besarkadak jaso zituen (baita airean eraman ere) eta elastiko berezia jantzi zuen, 2027 zenbakiarekin. Izan ere, Zornotzako atezainak 2027. urtera arte luzatu du kontratua.
Leo Buta portugaldarrak, bere aldetik, talde armagina laga du neguko merkatu honetan, SD Eibar eta Udinese (bere jatorrizko taldea) akordio batera iritsi ostean. Buta Italiako taldetik iritsi zen udan eta protagonismoa izan zuen lehen partiduetan (15 jokatu ditu guztira), baina azken neurketetan San Josek ez du kontuan izan eta Italiara itzuli da berriz.