Etxebizitza Ministerioak 3 milioi euro bideratuko ditu Murrategi auzoa biziberritzeko

Dirulaguntza 2026ko etxebizitza arloko dirulaguntzak arautuko dituen Errege Dekretuaren proiektuan jaso dute, eta Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Bereziko jarduketak finantzatzeko erabiliko da.
Etxebizitza Ministerioak 3 milioi euro bideratuko ditu Murrategi auzoa biziberritzeko
2026/07/14 11:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Etxebizitza eta Hiri Agendaren Ministerioak onartu egin du Murrategi auzoa berroneratzeko 3 milioi eurorainoko dirulaguntza. Laguntza 2026ko etxebizitza arloko dirulaguntzak arautuko dituen Errege Dekretuaren proiektuan jasota dago jada, eta behin betiko testua datozen asteetan argitaratzea aurreikusten da.

Dirulaguntza Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezian aurreikusitako jarduketak finantzatzeko erabiliko da. Horien artean daude eraikinak birgaitzea, espazio publikoak eta azpiegiturak hobetzea, sarbideak egokitzea eta auzoaren berroneratzea.

Laguntza hau 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan EH Bilduk aurkeztutako eta Espainiako Gobernuak onartutako zuzenketa baten ondorio da. Hala ere, orain arte ez zen Etxebizitza Ministerioaren urteko dirulaguntzen artean sartu.

2021ean onartutako plana

Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezia 2021ean onartu zuen Eibarko Udalak, 2016ko azterlan sozio-urbanistiko batean identifikatutako beharrei erantzuteko. Planak sei bizitegi-eraikin eta 28 etxebizitza hartzen ditu, eta etxebizitzak birgaitzeaz gain, lurzoruak eskuratzea, parkeak eta aparkalekuak sortzea, argiteria eta galtzadak hobetzea eta Ego ibaiaren ingurunea berroneratzea aurreikusten du.