Etxegabetasunari END, inork kalean lorik egin behar ez izateko
Kale egoeran bizi diren hainbat lagun ditugu herrian. Errealitate horri aurre egin behar izaten diote egunero, negu gorria izan edo bero-boladak etorri, gizartearen zati baten mesprezua jaso edo askorentzat ikusezinak izan, eta irtenbiderik ez zerumugan. Azken hiru urteetan egoera horretan dauden pertsonentzat aldi baterako aterpetxea zabaldu zuten herrian, baina aurten ez, eta egoera aldatzeko END herri-plataforma sortu dute.
Etxegabetasun arazoari konponbidea bilatzeko asmoarekin sortu du herritar talde batek END plataforma. Ingelesezko ‘end’ (amaitu) berbarekin egindako hitz-jokoa da, hitza osatzen duten hizkiak direlako Eibarko Neguko Dispositiboaren siglak ere. Hain zuzen ere, horren itxieragatik dator plataformaren sorrera, “kale egoeran daudenei harrera emateko”, Marta Lores Fariña END plataformako kideak esan digunez.
Karmeldarren eraikinean jarri dute dispositiboa azken hiru urteotan. Iluntzean zabaltzen zituzten ateak eta erabiltzaileek goizaldean laga behar izaten zuten tokia. Plaza arrunta betetzen zutenek gehienez bost aldiz erabili ahal izaten zuten zerbitzua (Euskalmetek alerta egun izendatzen zituenez gain) eta egonaldi ertain/luzeko plaza batzuk ere eskaintzen zituzten. “Ez zen guztiz harrera egokia ematea lortzen”, bertan lan egin zuen Martak esan digunaren arabera.
2021eko abenduaren 1ean zabaldu zituen ateak eta denboraldi horretan 2022ko apirilaren 15era arte egon zen zabalik. Eibarko Udalak hartu zuen kudeaketaren ardura eta 101 lagun artatu zituzten (batezbeste, 13 lagun egunero). Azken bi denboraldietan Arrats elkartea arduratu zen dispositiboaren kudeaketaz. 2022-2023ko neguan, urriaren 15etik apirilaren 15era, 149 lagun jaso zituzten (17 egunero) eta azkenengo urtean, 2023ko azaroaren 11tik 2024ko apirilaren 15era, 188 lagun. Beraz, gora egin duen kopurua dela ikusi daiteke. “Kopuru horren erdia baino gehiago urtero etorri da. Horrek esan nahi du urte hauetan euren kale egoera ez dela aldatu. Are gehiago, egoera okertu egin da urtetik urtera. Zulo handi bat dagoela erakusten du horrek”, Martaren iritziz.
Urteroko erabiltzaileez gain, berriak gehitzen joan dira. “Gero eta emakume gehiago jaso ditugu, batzuk haurdun edo haur txikiekin”, Martak dioenez. Edu Egaña Mata END plataformako kidearen iritziz, kopurua hazi egingo da: “Etxegabetzeak gora doaz, gizarte arrakala gero eta handiagoa da…”.
Perfil ezberdinetako erabiltzaileak jaso ditu dispositiboak. “Edozein izan gaitezke. Batzuek esan digute inoiz ez luketela pentsatuko kale egoeran amaituko zutenik”, diosku Martak. Hori bai, aterpetxearen eta herriko segurtasun faltaren inguruan egin den lotura baztertzen du. “Istiluak aterpetxea zabaldu baino lehenago eta itxi ondoren ere egon dira. Txostenetan ageri ez diren hainbat gauza leporatu dizkigute. Zenbakiek erakusten dute erabiltzaileen ehuneko txiki batek eragin duela istiluren bat. Beraz, baztertuta dagoen kolektibo bati agresiboa eta arriskutsua dela leporatzea ez zaigu justua iruditzen. Gainera, aterpetxea 24 orduz zabalik balego, erabiltzaileen bizi-kalitatea asko hobetuko litzateke, buru osasunaren aldetik kudeaketa egingo litzateke…”, gehitzen du.
Aipatzekoa da, gainera, Eibarko Neguko Dispositiboak Debabarrena osoari ematen ziola zerbitzua eta END plataformak eskualde izaera horri eutsi nahi dio. “Debabarreneko udalek arazoari konponbidea eman behar zaiola uste dute, Eibarkoak dio berak eman duela zerbitzua urte batzuetan eta beste batzuei tokatzen zaiela orain…”, azaldu digu Martak.
Helburu nagusiak
END plataformaren helburu nagusiak hauek dira: “Batetik, aterpe zerbitzua berriz irekitzea, eta ez hilabete batzuetan bakarrik orain arte egin den bezala, baizik eta urte guztirako eta egunero 24 orduz. Azken finean, esku hartzeko orduan oso mugatuta sentitzen gara. Aterpea 20:00etatik 10:00etara egoten zen zabalik eta erabiltzaileak behar askorekin, zalantzekin eta bestelako kontuekin etortzen ziren, eta ez genuen denborarik hori guztia behar bezala asetzeko”, Martak dioenez.
Etxegabetasun egoeran daudenei oinarrizko mantenua, higienea eta lotarako segurtasuna eskaintzea da beste helburuetako bat, horrek bestelako aukerak ekartzen dizkietelako. Eta azken helburua gizarte zerbitzuetan kale egoeran dauden pertsonei errolda baldintzarik gabe artatzea izango litzateke. “Oinarrizko zerbitzuak emateaz harago joan nahi dugu”, diosku Martak.
Helburu horiek ez dute soilik asistentziako laguntza zerbitzuari erantzun nahi, kale egoeran dauden pertsonak oinarrizko gizarte-zerbitzuekin elkartzeko eta harremanetan jartzeko gune bat izatea nahi da, oinarrizko gutxieneko eskubide batzuk eta giza eskubideen gutuna betetzen direla ziurtatzeko.
Arazoaz jabetu eta parte hartu
Neguko dispositiboan lan egiten zuten pertsonak elkartu ziren lehenik egoera horri buelta ematen saiatzeko, eta beste arlo batzuetako herritarrak joan ziren gehitzen. Horrela, bazterkeriaren inguruan lan egiten duten profesionalez gain, mugimendu sindikal eta feministetako kideak eta bestelako gauzetan diharduten lagunek egin dute bat END plataformarekin. Horren adibide da Edu. “Taldearen barruan perfil ezberdina dudala uste dut, taldeko gehienek gizarte arloetan jarduten dutelako”, diosku. “Taldea sortu zela ikusi nuen Instagramen eta, oso interesgarria iruditu zitzaidanez, harremanetan jarri nintzen ahal den neurrian laguntzeko. Uste dut jendea ez dela etxegabetasunaren arazoaz jabetzen eta niretzat garrantzitsua da hau guztia gizartera zabaltzea. Eibarren paparra puzten zaigu ‘hiri guziz eredugarria’ garela esanez, baina benetan gauzak egin behar diren orduan ez gara bustitzen edo ez gara guztiz konturatzen”.
Aterpetxea urte osoan zehar egunero 24 orduz zabalik egoteko lanean dihardu END plataformak
Datorren astean, hilaren 20an Giza Justiziaren Munduko Eguna ospatuko da eta END plataformak ekintza berezi bat egingo du etxegabetasunaren arazoa ikusarazteko eta horren inguruko kontzientzia herrian zabaltzeko. Izan ere, elkartearen ateak edonorentzat daude zabalik, eta ekimenaren alde egingo duten lagunak beso-zabalik hartuko dituzte.
END plataforma hiru taldetan banatzen da: batetik, talde motorra dago, plataformaren egunerokoaz arduratzen dena; bigarrenik laguntza taldea dago, arlo ezberdinetako jendeak osatzen duena, eta bakoitzak bere jakintzatik etxegabetasunari aurre egiteko ekintzei forma emateko balio duena; eta hirugarrenik sare soziala dute, END sarea, eta kale egoeran dauden pertsonekiko sentsibilitatea zabaldu eta hauen egoera aldatu nahi duten lagunek osatzen dute.
Talde horiez gain, kale egoeran egon diren edo dauden lagunek ere hartzen dute parte zenbait ekimen eta bileratan. Martaren iritziz hori oso garrantzitsua da, eurek bizi dituzten egoerak lehen eskutik ezagutzeko balio duelako. Azken finean, etxerik gabeko pertsonak euren bizitzaren jabe eta protagonista bihurtzea da END plataformaren asmoetako bat.
Etxegabetasunaren arazoari modu kolektiboan aurre egin behar zaiola uste dute, elkartasunetik, ez karitatetik eta paternalismotik, eta beste eragile eta kolektibo batzuekin elkarlana egiteko prest ere agertu dira plataformako kideak. Gainera, erakundeekin harreman onak izan nahi dituzte, gaia konpondu ahal izateko "guztiok elkarrekin egin beharko dugulako aurrera". Zentzu horretan, urtarrilaren 14ko Udaleko Plenoan izan ziren eta hainbat galdera eta erregu egin zizkieten agintariei. “Ez dugu politikoki lerratu nahi, agintarien eskutik nahi dugu aurrera egin”, diosku Eduk, “gogor eginez, baina errespetuz”.