Etxeko berotasuna haurrentzako irtenbide

Etxeko berotasuna haurrentzako irtenbide
2017/03/03 10:20
eta kitto!
Gipuzkoako hainbat ume eta nerabe ezin dira euren familiekin bizi. Arrazoiak asko dira eta egoerak desberdinak, baina euren premia nagusia zaindu eta hezituko dituzten familia edukitzea da. Ume hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean bizi dira eta euren etxeetako berotasuna eskaini die Ander Maiora, eta Ainhoa Elizondo eta Iñaki Carrasco eibartarrek. Harrera Familiak dira eta pozik daude esperientziarekin.

 

 

Ander Maiorari bizitza zeharo aldatu zaio azken urte eta erdian. Bakarrik bizi izatetik, bi haurren kargu izatera pasa da. “Ume baten hezkuntzan parte hartu nahi nuela argi neukan”, aitortzen du. Aukera ezberdinak aztertu eta gero, Harrera Familiaren bitartez umeari mesede egingo ziola pentsatu zuen, “eta niri ere asko erakutsiko zidala”.

Ibizara oporretara joan baino egun batzuk lehenago jaso zuen deia. “Uztailaren 13a zen eta abuztuaren erdialderako etxean neukan haurra”. 6 urte zituen sasoi hartan umeak eta bere kasuan prozesua azkartu egin zen, “beste familia batera zoalako eta hauek atzera bota zirelako”. Oporretan joan barik geratu zen Ander, baina beste abentura bat hasi zuen. Abentura ona, gozoa, “baina baita gogorra ere”. Edozelan ere, epe luzerako harrera emango dio Anderrek umeari, beraz, elkarrekin egingo duten bidea hasi besterik ez da egin.

Gabon hauetan beste dei bat jaso zuen Anderrek. Urte eta hiru hileko haur batek larrialdiko familia behar zuen hilabete batzuetarako, “6 gehienez, eta nirekin daukat”. Gipuzkoako Foru Aldundiak haurrari familia egokia bilatu arte egongo da Anderrekin, “baina gertatu ahal da familia egokirik ez aurkitzea eta, beraz, nirekin geratzea, nik horrela nahi dudalako”.

 

Alabentzat naturala

Ainhoa Elizondo Iñaki Carrasco senarrarekin bizi da eta bi alaba biologiko dituzte. Etxean, hala ere, bost pertsona bizi dira. Orain dela sei urte, “nire alabek 3 eta 5 urte zituztenean”, urte eta erdiko umeari harrera egin zioten etxean eta elkarrekin bizi dira ordutik. “Oso ondo konpontzen gara denon artean”, dio Ainhoak, “baina batzuetan gogorra ere bada, ume horiek ezberdinak direlako, bi familia dituztelako”.

Ainhoaren kasuan bere senarra izan zen Harrera Familia izateko pausua eman zuena. “Berari aita izatea asko gustatzen zitzaion eta haur hauei familia bat eman nahi zien”. Aukera hau ondo ikusi zuen Ainhoak ere eta Harrera Familia izateko prozesuan sartu ziren. “Proba asko egiten dizkizute!”, Ainhoaren berbetan, “eta zorrotzak dira, galdeketa oso sakonak egiten dizkizute”.

Haurra etxera etorriko zela jabetu zenean urduri jarri zen Ainhoa. “Nolakoa izango da? Nola etorriko da? Zer gertatuko zitzaion?”, galdetzen dion bere buruari, “baina oso ondo! Txarrenean ipintzen zaituzte aurretik eta ez da hainbesterako”. Bere alabek ere oso harrera ona egin zioten haurrari, “modu naturalean hartu zuten”.

 

Familia biologikoarekin harreman ona

Harrera Familiek ez dute haurren familia biologikoarekin harreman zuzena izaten, “bitartekariak daude”, baina alde bien arteko harremana ona izan behar dela diote Ander eta Ainhoak. “Talkarik badago, umeak nabaritzen du eta dena pikutara joango litzateke”, dio Anderrek. Gainera, “eurak beti familia biologikoaren alde jarriko dira”.

Bisita erregimenaren arabera, haurrek euren familia biologikoa bisitatzen dute. “Nirekin dagoen umearentzat oso garrantzitsuak dira bilera hauek”, azaltzen du Ainhoak, “oso harreman ona daukate”.

Anderrek aipatzen du Aldundiak ere garrantzi handia ematen diela bisitei, “haurrek familia eredu egokia eta hain egokia ez dena ezberdintzeko”. Gainera, “eurek egunen batean familia edukitzea erabakitzen badute, eredu on bat erreproduzitzeko”.

 

Umeak ondorio, ez arazo

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden haur eta nerabeak dira Harrera Familiak behar dituztenak. Hainbat arrazoirengatik euren familiekin bizi ezin diren haur eta nerabeak dira. Gaur egun 60 bat haur daude familia baten beharrean, beraz, Aldundiak Benetako Besarkadak kanpaina jarri du martxan familia gehiago lortzeko.

Anderren ustez normala da familia beharra duten umeen kopurua haztea. “Gizartea gero eta okerrago dago”. Baina hurrengo kontua argi uzten du: “Umeak ez dira arazoa, ondorioa dira”. Bere iritziz, “abortuaren gainean informazio gehiago, drogen arazoan laguntza gehiago eta beste arreta prebentibo gehiago bat egongo balira, ez lirateke hainbeste ume hain egoera txarrean egongo”.

 

Harrera, aspaldiko kontua

Familien faltaren aldean, Ainhoak uste du ‘txipa’ aldatu behar dela. “Umea da, bere familia biologikoa dauka eta orain bigarren bat, gu”. Gizartean ume hauek irudi txarra dutela dio, “baina ez da horrela”. Bere iritziz, “segurtasuna behar dute eta maitatuak sentitu, ulertu egin behar dituzu”.

Anderren ustetan, “herrian beti egon da familien harreraren kontu hau”, eta, horregatik, pertsona nagusiek hobeto ulertzen dituztela kasu hauek. “Eurei antzeko kasuak gertatu zaizkie ingurua, nahiz eta hain ofiziala ez izan”. Adibide bat jartzen du hori azaltzeko. “Baserri batean ama hiltzen bazen, haurrak alboko baserrira zindoazen bizitzera; edo osaba ezin bazen bere umeen kargu egin, guregana zetozen”.

Gazteekin, ordea, ez da berdin gertatzen euren iritziz. “’Eta kentzen badizute?’, galdetzen didate”, aipatzen du Ainhoak. “Jabetzaren kontua daukagu buruan sartuta eta hori akatsa da”, dio Anderrek, “umea ez da inorena!”.

“Ah, eta ez gara heroiak!”, argitzen du Ainhoak, “umeak laguntza behar du eta nik laguntza hori eskaini ahal diot, beraz, aurrera”. Anderrek ere bide beretik erantzuten du. “Baliabideak eta pazientzia badituzu, ez da aparteko zerik”.

Ez da zaila izango, baina haur eta nerabe hauei behar duten familia ematen die baliabide eta pazientzia horiek.