Euri-zaparrada artean ospatu dugu aurten San Andres eguna

Aurten San Andres eguna domekan egokituta, azokaren inguruan jendetza batzea espero zen, baina goiz osoan zehar joan etorrian ibili ziren euri-zaparraden eraginez, aurreikusi zitekeena baino jende gutxiago ibili zen, nahiz eta tarteka jende-pilaketa batzuk ikusi ziren.
2025/12/01 13:29
Silbia Hernandez Arrazola

Behi-aziendari eragiten dion osasun-alertarengatik abererik ez egoteak ere aurtengo San Andres azoka beste urte batzuetan baino txikiagoa izatea eragin du. Kezka dantza taldeak antolatutako Plazara Dantzara erromeria euripean ospatu zen atzo, eta hala egin ziren beste taldeen kalejirak. San Andres Aizkolarien Txapelketa, berriz, Errebal Plazako aterpearen babespean jokatu zuten.
Edozein modutan ere, Eibarko Udalak antolatutako XLVI. Nekazaritza Azokak eskualdeko hainbat lekutatik eta Gipuzkoako landa-ingurunetik etorritako 47 ekoizle bildu zituen, eta ekarritako produktuak oso ondo saldu zituzten. Fruten atalean irabazlea Gabiriko Aitor Elosegi izan da, eta bigarrena Mikel Jauregizar. Lekaleetan, irabazlea Soraluzeko Ezozi Etxeberria izan da. Ogiaren atalean, lehen saria Lourdes Malaetxeberriarentzat izan da, eta bigarrena Lourdes Mazoriagarentzat. Gazta lehiaketan, lehen saria Legutioko Maider Martinezi egokitu zaio, eta bigarrena Olaberriko Aizpea gaztandegiarentzat. Eibarko baserri onenari saria Alberdi Oregik jaso du; aurkezpen onenari saria, berriz, Ezozi Etxeberriarentzat izan da, eta bigarrena Olatz Alberdirentzat.

ARGAZKIAK: EIBARKO UDALA.