Eusebio Mugertza Azpiazu 'Txirristaka' bertsolariaren omenezko egitaraua antolatu dute Mendaron
Eusebio Mugertza Azpiazu 'Txirristaka' zuen izena, eta bertso paperak saltzetik atera zuen bizimodua, besteak beste. Orain, haren omenez, kultur programa bat antolatu du In leike kultur elkarteak, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean, Andoni Egaña bertsolaria lagun dutela.
Handia izan zen Eusebio Mugertzak bertsogintzari egindako ekarpena, baina hari buruz galdezka hasiz gero, asko izango dira Mendaron bertan ere izen bereko taberna baino ezagutzen ez dutenak. Horregatik, Txirristaka bera eta haren lana ezagutarazteko, kultur programa oso bat antolatu dute In Leikek, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean, Andoni Egaña bertsolaria lagun hartuta. Besteak beste, bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin Txirristaka Bertsopaper lehiaketa antolatu dute.