Euskadiko Adinekoen II. Topaketa urriaren 1ean egingo da Eibarren
Urriaren 1ean Eibar izango da “Euskadiko Adinekoen II. Topaketaren” egoitza. Iaz Durangon egindako lehen topaketaren arrakasta ikusita, esperientzia Eibarren errepikatzea erabaki du Euskadiko Adinekoen Federazioak (Euskofederpen). Ekimena Astelena frontoian egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko adineko ehunka pertsonak parte hartzea espero da, bai eta Eibarko Udaleko, hiru Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere.
Ekitaldia eguenean aurkeztu zuten prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, Felix Elkoroiribe Euskofederpenen presidenteak eta Ricardo Ibarra Euskofederpen Bizkaiaren ordezkariak. Aurreatu zutenez, "instituzioen harreraren ondoren, elkarteetako kideek hitza hartuko dute urrian egingo den topaketan, elkartegintzaren boterea eta boluntariotza sustatzeko beharra aldarrikatzeko. Ekitaldian, gainera, dantzak eta abesbatzen emanaldiak egongo dira. Amaieran, herri-bazkaria egingo da".
Euskofederpenek bigarren edizio honekin lortu nahi dituen helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Adinekoak talde sozial gisa bizi duten errealitatearen berri ematea
- Adinekoen kolektiboa talde sozial aktiboa eta ekintzailea dela erakustea
- Dibertsitatea erakustea eta gizarteari egiten dion ekarpena
- Parte hartzeko eta aisialdirako guneak aldarrikatzea.
- Beste gizarte-talde batzuekin harremanetan jartzea, ahal den neurrian belaunaldien arteko harreman positiboak sustatuz.
- Aldaketa-faktore gisa elkartegintzaren eta boluntariotzaren lana eta boterea sustatzea.
Adinekoen kolektiboak EAEko biztanleriaren % 25 baino gehiago biltzen du
65 urtetik gorako pertsonak EAEko biztanleriaren % 25 baino gehiago dira. Horren ondorioz, ezinbestekoa da longebitate berri baten inguruan lan egitea. Adineko pertsonek gero eta presentzia eta garrantzi handiagoa dute gizarteko hainbat esparrutan, eta hori aintzat hartuta, Euskofederpenen Zuzendaritza Batzordeak (Agijupens (Gipuzkoa), Nagusiak (Bizkaia) eta Las Cuatro Torres (Araba) elkarteek osatua) errealitate hori ikusarazteko, bere kolektiboaren ordezkaritza garrantzitsu bat bilduko du Eibarren, gure Autonomia Erkidegoaren erdigunean; ekitaldiak agintarien laguntza jaso du eta bertan izango dira ordezkariak.
Euskofederpen Federazioaren ibilbidea
Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Federazioa 1980tik ari da lanean EAEko pentsiodun eta erretiratuen elkarte guztiak koordinatzeko eta ordezkatzeko.
Arabako (Las Cuatro Torres), Bizkaiko (Nagusiak) eta Gipuzkoako (Agijupens) hiru lurralde-elkarteak biltzen ditu eta elkarte horien barruan hiru lurralde historikoetako 230 gizarte-zentro baino gehiago daude.
Federazioaren helburuak dira adinekoen autonomia eta ahalduntzea sustatzea, haien ingurunea hobetzea eta erakundeekin batera parte hartzea edo kogobernatzea. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako adinekoen egoera, eskubideak eta zerbitzuak hobetzeko ahaleginak egiten ditu Ferderazioak.