Euskal Dantzaren Adierazpena sinatu da
Zapatuan Bizkaia, Zuberoa, Nafarroa, Lapurdi, Araba eta Gipuzkoako dantzariek, dantza irakasleek, musikariek eta dantzazaleek adostutako Euskal Dantzaren Adierazpena sinatzeko ekitaldia hartu zuen Udaleko pleno aretoak, Eibarko udalbatzako kideen parte-hartzearekin. Jarraian, eta Eibarko Bonbardaketaren 75. urteurrenaren testuinguruan, soka-dantza dantzatu zuten udaletxeko patioan. Ekitaldiko argazkiak ikusteko, hemen sakatu. Zapatuan elkartutakoek sinatu zuten adierazpena, berriz, jarraian irakur dezakezue.
Euskal dantzaren adierazpena
Euskal dantza tradizionala babestu beharreko ondare, komunikazio lengoaia, gozamen iturri, sozializaziorako eta erritualerako tresna eta nortasun ikurra da. Altxor hau transmititzen jarraitzeko, ezinbestekoa dugu gure kulturaren jarduera oparo hau guztion artean zaindu eta hedatzea, eta horretarako, dantzari buruzko ezagutzan eta trebaketan sakontzea.
Kultura koreografiko tradizionala gorde eta zabaltzeko jardueren bidez, ondarea babesteaz gain, balio estetiko eta kulturalak transmititzen dira, eta kulturen arteko elkarrizketa bideratzen da. Hiri, herri eta auzoak kulturalki eta sozialki artikulatu eta dinamizatzen dira, turismorako eskaintza erakargarriak ekoizten dira eta eremu horien aktibitate ekonomikoan eragiten da.
Dantzari, dantzazale, ikertzaile, musikari, artisau, komunikabide eta erakundeek, banaka ala komunitatean, guztiok dugu erantzukizuna:
1. Euskal dantza tradizionalaren ondare izaera aitortzen dugu eta hori zaintzeko ardura, dantzari eta dantzazaleokin batera, gizarte, komunikabide eta erakundeekin partekatu nahi dugu.
2. Tradiziozko musika, kantu eta dantzak, eta horien aldeko ikasketa, transmisioa, zabalkundea, ikerketa, artapena, babesa eta sustapenean lan egiten duten dantza talde, elkarte, erakunde eta norbanakoak balioetsi nahi ditugu. Egin duten eta egiten duten lan eskerga aitortu eta eskertu, eta bide horretan laguntzeko kultur politikak beharrezkoak direla adierazi nahi dugu.
3. Premiazkoa da dantza tradizionalaren ezagutza, transmisioa eta hedapena sustatzeko neurriak hartzea, besteak beste:
a. Dantzaren dokumentazio zentro publikoa behar dugu, etengabe galtzen eta desagertzen ari den ondare koreografikoa gorde eta hurrengo belaunaldiei ezagutzeko aukera eman ahal izateko.
b. Dantza tradizionalaren formazioa egituratu eta sendotzeko beharra dugu. Euskal dantza tradizionala, ahalik eta mailarik sakonenean ikasteko aukera eskainiko duen ikastegia behar dugu.
c. Dantza tradizionalaren ikerketa sistematizatu eta ikertzaile sarea berrantolatuta, jakintza alorrean diharduten elkarte, erakunde eta unibertsitateen parte hartze aktiboaren premia dugu.
Azken batean, dantzak, euskal kulturaren egunerokoan jokatzen duen ikur eta sinbolo izaera aintzat hartu, proportzio horretan dagokion errekonozimendua aitortu eta behar duen babesa eman behar zaiola adierazi nahi dugu.