Euskal Kostaldeko Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztu dute Fiturren

Euskal Kostaldeko Geoparkearen ordezkariak aurten ere Fitur Nazioarteko Turismo Azokan daude. Eguaztenean (urtarrilak 21) hasi eta domekara (urtarrilak 25) arte egongo da martxan turismoari eskainitako azoka, eta bertara joandako Geoparkeko ordezkariek Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen bira birtual eta interaktiboa aurkeztu dute, berrikuntza gisa.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztu dute Fiturren
2026/01/23 11:52
Silbia Hernandez Arrazola

Azaldu dutenez, “proiektu honetan murgiltze-tresna digital bat sortu da, Deba, Mutriku eta Zumaiako gune esanguratsuenetan barrena ibiltzeko diseinatua. Tour Birtualak dibulgazio-edukiak dituen esperientzia interaktiboa eskaintzen du. Testu deskribatzaileak, audioak eta espazio birtualetarako estekak konbinatzen ditu, lurraldeko geologia (Flyscha eta Karsta), natura eta kultura ondareari buruzko informazioa zabaltzeko. Erabiltzaileek 360º-ko plano orokor baten bidez deskubritu ahal izango dute Geoparkea, eta, horri esker, interesgune konkretuak bisitatu ahal izango dituzte, hala nola Itzurun, Sakoneta, Mutrikuko Zazpi Hondartzak, Lasturko bailara edo hainbat interpretazio-zentro”.
Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak adierazi duenez, “Geoparkearen balioekin guztiz lerrokatuta dago Tour Birtual berria eta balio horiek zabaltzeko beste tresna baliagarria izango da aurrerantzean. Gurera etorri aurretik inspiratzen eta bisita planifikatzen lagunduko digun osagarria izateaz gain, Geoparkean gauden bitartean informazioa eskuratzeko edo bisitetarako sarrerak erosteko tresna baliagarria ere bada. Gainera, gure egonaldia ondoren gogoratzeko eta besteekin partekatzeko aukera emango digu, ingurune birtualak ematen duen erabilerraztasunari esker”.
Tresna, web-nabigatzaile baten bidez, bateragarria da smartphone, tableta eta ordenagailuekin, eta Geoparkearen webgunearen bidez sartu ahal izango da. Gainera, eduki guztiak lau hizkuntzatan egongo dira eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Azken batean, proiektu honek baliabide turistikoak digitalizatzearen aldeko apustu estrategikoa egiten du, erabiltzaileak bere ibilbide turistikoa diseinatu dezan.

Tour Birtualera sartuta, erabiltzaileak bere ibilbide turistikoa diseinatu dezake.


Tour Birtual honekin, Geoparkeak beste urrats bat ematen du modernizatzen eta XXI. mendera egokitzen jarraitzeko etengabeko ahaleginean: “Geoparkea eskuragarriagoa, ulergarriagoa eta hurbilagoa egiten duten tresna digitalen bidez egiten du. Ekimen hau, gainera, iraunkortasunaren aldeko apustu argi bati erantzuten dio. Informaziorako sarbidea erraztea, plangintza hobetzea eta bisitatzen gaituztenak sentsibilizatzea funtsezkoa da Geoparkea bezalako espazio baliotsua zaintzeko. Izan ere, gure ondare naturala babestea eta gozatzea ez dira bateraezinak; aitzitik, etorkizunean gozatzen jarraitzeko modu bakarra da”, adierazi du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
NextGenerationEU laguntzarekin
Ekimen hori Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean sartzen da, eta Europar Batasunaren finantziazioa jaso du, Debegesak koordinatzen eta kudeatzen dituen NextGenerationEU funtsen bidez. Aitziber Cortazar Debegesako turismo arduradunak azpimarratu duenez, “produktu hau turismo-zerbitzuen digitalizazio-estrategiaren parte da, eta beste proiektu batzuk ere hartzen ditu barnean, hala nola Debako ondareari eta turismoari balioa emateko digitalizazioa, Zumaiako tren-geltoki zaharrean (Moilaberrin) kokatuko den Flyschenea museo berriaren digitalizazioa, eta Santa Katalina komentu zaharrean kokatuko den Mutriku Talaia Geomuseoa gune berriaren digitalizazioa”.
Mutrikuko eta Zumaiako museoak eta Debako ondarea eta turismoa digitalizatzeko estrategia horretan inbertitzeak bisitarien esperientzia hobetu nahi du, turismo-kudeaketa modernizatu nahi du, eta lurraldeko kultura, natura eta geologia baliabideei balioa eman nahi die tresna digital berritzaileen bidez. Proiektu horietarako aurreikusitako inbertsio ekonomikoa 400.000 eurotik gorakoa da.
Fitur 2026
Edizio honetan, Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Geoparkeko eta Geoparkea osatzen duten eskualdeko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei. Urtero bezala, Debabarreneko eta Urola Kostako ordezkaritza bana Madrilgo azokara gerturatu da: Debako eta Mutrikuko alkateak, Alazne Txurruka eta Ainhize Azpiazu; Zumaiako alkatea, Iñaki Ostolaza; Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso; Debabarrena eta Urola Kosta eskualdetako turismo-bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba), Marta Amonarriz (Mutriku), eta Esti Irureta (Zumaia); Debegesa, Debabarreneko Garapen Agentziako zuzendari nagusia, Amagoia Paskual eta Debabarreneko Turismo arduraduna, Aitziber Cortazar; eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Ion Arozena, besteak beste.