Euskara Aurrera-k maiatzaren 21erako deitu duen manifestazioarekin bat egin du euskalgintzak
2022/05/12
12:19
eta kitto!
Euskarak XXI. mendean dituen “zailtasunei eta erronkei” aurre egiteko moduko erantzun baten beharra aldarrikatu dute euskalgintzako hainbat eragilek, atzo Donostian egindako agerraldian: “Herri bultzada berri bat”. Berba horiek erabili zituzten Joanmari Larrarte Elkarreko zuzendariak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, agerraldi bateratuan irakurritako adierazpenean. Horrela, hamabi eragilek atxikimendua adierazi zioten Euskara Aurrera egitasmoak hilaren 21erako deitu duen manifestazioari: Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Bai Euskarari, Maizpide euskaltegia, Ikastolen Elkartea, Uema, AEK eta Elkarrek. Agerraldian, besteak beste, euskararen kontra aspaldian hartu diren erabakiak ekarri zituzten gogora eta, horrelakoei erantzuna emateko eta “Euskal Herri euskalduna lortzeko”, hilaren 21ean 17:30ean Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete euskaltzale guztiei eta, horrekin batera, sinadura bilketa abiatu dute Change.org plataforman.