Euskara gero eta biziago Lanbide Heziketan eta enpresetan
2022/05/09
10:32
eta kitto!
Eibarko datuek diote lanean euskara gehiago erabiltzen dela kalean baino, euskara-planak dituzten enpresa asko dago eta administrazioan lan egiteko euskara beharrezkoa da. Dena onurak dira, baina oraindik ere gazte askok erdara aukeratzen dute Lanbide Heziketako ikastetak egiterakoan. Idoia Uruñuela, Pablo Lopez eta Amets Aierdik euskararen aldeko apostua egin dute eta euren testigantzak jaso nahi izan ditugu.
Batxilergoan eta DBHn gehiengoak euskaraz ikasten du, baina Lanbide Heziketan holakorik ez da gertatzen. Hori dela eta, 2018an elkarlanean hasi ziren Armeria Eskola, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Udala eta …eta kitto! Euskara Elkartea, euskararen alde lan egiteko bideak zehazteko eta D ereduaren aldeko kanpainak bultzatzeko.
Uni Eibar-Ermuan eta Armeria Eskolan Goi eta Erdi mailako zikloak gazteleraz eta euskaraz eskaintzen dituzte. Gero eta ikasle gehiagok euskaraz ikasteko bidea hartzen du, baina oraindik ere bidea egiteko dagoela uste dute ikastetxeetako arduradunek. Ziur daude lan munduan gero eta funtsezkoagoa izango dela euskaraz moldatzea, espezialitatea edozein izanda ere. "Aukera gehiago izango dute lana topatzeko D ereduko ikasleek besteek baino, egungo ia enpresa denek eskatzen baitute euskara jakitea", azaldu dute.
Zer diote ikasleek
Asko dira D ereduan ikasteagatik ikasleak izango dituen onurak. Esaterako, euskaraz ikasteak jarraipen naturala ematen dio ikasleari hizkuntzari dagokionean eta, gainera, ikaslearen formakuntzari gehigarri bat dakarkio lan merkatura begira. Idoia Uruñuela eibartarrak Armeria Eskolan dihardu Goi Mailako Mekatronika Industriala zikloa ikasten. "Bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena euskarazko taldean. Betidanik ikasi dut euskaraz; Lanbide Heziketara jauzia eman aurretik Haur Hezkuntza ikasi nuen. Beraz, niretzako momentu honetan askoz zailagoa da erdaraz ikastea". Idoiak uste du lan munduan aukera gehiago dagoela euskaraz ikasten badute, "eta hor kriston lana egiten ari dira ikastetxean; esate baterako, tailerretan euskara geroz eta gehiago sartzen ari dira eta hainbat hitz tekniko euskaratzen dihardute". Aurten sartu da Idoia Armeria Eskolan eta Lanbide Heziketa euskaraz egiteari abantailak baino ez dizkio ikusten. Plus bat dela uste du Idoiak: "Konpetenzia asko dago, eta lan munduan sartzerako orduan mesedegarria da". Hortik haratago, "niretzako euskara oso garrantzitsua da. Aurten Korrikan lekukoa eraman dut Armeria Eskolaren izenean eta ohorea izan da. Ez dut inoiz ahaztuko egun horretan bizi izan nuen guztia", esan digu Idoiak.
Euskara eta enpresa mundua
Amets Aierdi elgoibartarrarentzat bigarren urtea da Armeria Eskolan. Bera ere Goi Mailako Ziklo batean ari da ikasten, Automatizazioa eta Robotika Industriala delakoan, eta orain lantokiko prestakuntza modulua ari da egiten enpresa batean. Ametsek azaldu digunez, "praktikak tailer batean egiten ditut eta langile guztiok, bat edo bi kenduta, denek euskaraz egiten dugu. Enpresa batzuetan asko hitz egiten da euskaraz eta horretan zerikusi handia dauka non kokatua dagoen: ez da berdina Eibarren edo Azkoitin egotea". Eskolako material gehiena erdaraz dagoela esan digu Ametsek eta, zentzu horretan, "azken urteetan ikastetxean lan handia egiten ari dira hori guztia euskaratzeko. Hala ere, oraindik asko dago egiteko", dio.
Pablo Lopez UNI Eibar-Ermuako ikaslea da. Iaz "Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena" amaitu zuen eta aurten "Web Aplikazioen Garapena" egiten dago dualean. "Azpeitiko enpresa batean nago lanean eta, dakizuen moduan, Azpeitian asko hitz egiten da euskaraz. Enpresan den-dena euskaraz egiten dugu. Durangokoa izanda, batzuetan euren euskara ulertzea kostatzen zait, baina ohitu egin naizela esan daiteke. Oso gustura nago". Bere etxean ez dute euskaraz berba egiten, baina txikitatik dena euskaraz ikasi duenez oso ondo moldatzen da Pablo. Bere ustez, "zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe. Euskarak lan munduan ateak zabaltzen dizkigu eta, gure hizkuntza izanda, guk ez badugu egiten zeinek egingo du?".
Eibar BHI-ko orientatzailearen ikuspegia
DBH eta Batxilergoko ikastetxeek ere asko daukate esateko gai honen inguruan. Eskarne Aranoa Eibar BHI-ko orientatzailea da eta bere lana da ikasleei tresnak eskaintzea, ahalik eta erabakirik onena hartzen laguntzeko. Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloen kasuan (aukera dagoenean), eta unibertsitateko ikasketen kasuan, ikasleen gehiengoak D ereduan jarraitzea erabakitzen duen arren, Erdi Mailako Zikloa ikasteko A eredua aukeratzen duten ikasleak badaudela dio Eskarnek. "Guk ikasketak D ereduan jarraitzeko prestatzen ditugu, eta horretarako animatzen ditugu, baina ikasle gutxi batzuek pentsatzen dute gazteleraz errazago egingo zaiela, nahiz eta gero, agian, ez den horrela izango", azaldu du.
Eibarren eta inguruan Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko dauden aukerei buruz galdetzerakoan, hau erantzun digu Eskarnek: " Ez da urte asko Lanbide Heziketa D ereduan ikasteko aukera sortu zela. Ikastetxe eta irakasleek ahalegin handia egin dutelakoan nago, eta oso ondo onartua izan da. Lantegietan ere euskarak gero eta presentzia handiagoa dauka. Baina egia da oraindik badagoela zer egina. Adibidez, oraindik ere titulazio guztiak ez dira euskaraz eskaintzen. Eta niretzat hutsunerik nabarmenena Oinarrizko Lanbide Heziketarena da. Ez dago euskarazko eskaintzarik gure inguruan; hurbilen Oñatin ezarriko dute datorren kurtsoan titulazio bat. Erakundeek bide honetatik jarraitzea nahiko genuke. Guk ikasleak euskaraz ikasteko eta bizitzeko prestatzen ditugun arren, eta ikasleek ere horretarako ahalegina egiten duten arren, Oinarrizko Lanbide Heziketa gazteleraz egin eta gero, eten bat dago, eta zaila izango da ikasle horiek D ereduan ikasketak jarraitzea".