Euskara ikasi nahi duten gurasoek matrikula erdi prezioan izango dute
Hastear dagoen ikasturtean euskara ikasi nahi duten gurasoek matrikula erdi prezioan izango dute, gaur (eguaztena, hilak 4) kanpaina aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan azaldutakoari jarraituta. Horretarako emango dituzten diru-laguntzei esker, normalean 409 euro inguru balio duen matrikula 205 euro ordainduta eskuratuko dute euskara ikastera animatzen diren gurasoek, matrikula egiten duten unean eta, gainera, hiru epetan ordaintzeko aukera ere izango dute. Matrikulazioa irailaren 13ra arte egongo da zabalik. Klaseak bereziki 0-12 urte bitarteko gurasoentzat pentsatutakoak dira eta, bakoitzak dakien euskararen arabera, maila ezberdinetan antolatuko dituzte. Gainera, gurasoei klasera joatea ahalik eta erosoen izateko asmoz, haurrak eskolan dauden bitartean emango dituzte, astelehenetik eguenera, Udal Euskaltegian, AEK euskaltegian eta, hala eskatuz gero, ikastetxean bertan emateko aukera ere egongo litzatekeela adierazi dute.
Klaseei zein kanpainari buruzko informazioa ikastetxeen bitartez helaraziko zaie gurasoei eta izen-emateko, umearen irakasleari fitxa beteta entregatu edo, bestela, Euskara-Kultura sailera deitu (943708435, Junkal) daiteke. Informazio gehiago nahi dutenentzat bilera datorren astean, irailaren 10ean egingo dute Portalean (ikastaro gelan), 18.00etan hasita. Izena ematen dutenek zein euskara maila duten neurtzeko probak, berriz, irailaren 18an (eguaztena) izango dira, Portalean, 17.00etatik 19.00etara.