Euskara praktikatzeko edo berreskuratzeko aukera polita ematen du Berbetan programak

Euskara praktikatzeko edo berreskuratzeko aukera polita ematen du Berbetan programak
2023/01/23 09:05
eta kitto!
Atsedenaldi labur baten ondoren, hasi dira mingaina dantzatzen Eibarko berbalagunak. Astean behin ordubete, horixe da Berbetan programak euskara praktikatzeko eskaintzen dien aukera, giro natural eta informalaz lagunduta. Euren inguruan euskaldunik izan ez eta ikasitako euskara berreskuratu edo praktikatu nahi dutenentzat programa aproposa dela diote …eta kitto!-tik: “Ez familian, ez lagun artean, ez lanean… euskara norekin praktikatu ez dutenentzat aukera polita da. Giro lasaian, taberna batean adibidez, eta euskaldunez lagunduta, euskaraz lasai hitz egiteko aukera ematen die Berbetanek”. Eta astean behineko taldeekin nahikoa ez dutenentzat, “ekintza osagarriak ere antolatzen ditugu urtean zehar; udazkenean Mutrikun izan ginen eta martxoan Balmasedako La Encartada Txapel fabrika-museoa bisitatuko dugu. Horrelako ekintzek berbalagunen euskal harreman-sarea zabaltzen laguntzen dute; azken batean, talde ezberdinetako berbalagunek elkar ezagutzen dute, eta euskarazko harremanak izateko aukerak handitzen zaizkie”.

Urte osoan eman daiteke izena eta doan da. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943200918 telefonora edo idatzi elkartea@etakitto.eus helbidera.