“Euskarak bizi duen egoera kontuan hartuta, indar berezia izango du aurtengo Korrikak”

MAITE ARROITAJAUREGI ‘MURSEGO’ | Korrikako abestiaren egilea
“Euskarak bizi duen egoera kontuan hartuta, indar berezia izango du aurtengo Korrikak”
2024/03/18 12:29
eta kitto!

Maite Arroitajauregik sortutako doinuen erritmora egingo dugu korrika aurten. Azken urteotan eszenatoki gainean eta zinearen munduan arrakasta eta errekonozimendua lortu ondoren, Mursego arduratu da Korrikaren 23. edizioaren soinu-bandaz.

Hainbat bidelagun izan ditu Maite Arroitajauregik Korrikaren abesti ofiziala egiteko eta, bere hitzetan, “pop-barroko” estiloko lana sortu du. ”Harro herri korrika, harro herri korrika…”, ziur aste hauetan burutik kendu ezin izango ditugun letrak eta doinuak izango direla, euskal gizartearen eta Korrikaren historiarako geratuko direnak.

 

Euskaldunontzat garrantzia berezia duen ekimena da Korrika. Zer sentitu duzu abestia sortzeko orduan?

Hasieran, AEK-tik Korrikaren abestia egiteko enkargua jaso nuenean, ilusioa egin zidan, baina ez nion buelta gehiegirik eman. Gero, etxera etorri ziren nahi zutena azaltzera eta, data urruti ikusten nuenez, “ze ondo” eta abar, pentsatu nuen. Ondoren, ostera, data hurbiltzen joan zen eta sortze-prozesuaren hasieran nahiko blokeatuta egon nintzen.

Zergatik?

Korrikaren abestia egitea erantzukizun handia da. Izan ere, jende askok hartzen du parte, karga emozional handia du, gure hizkuntza da, Euskal Herri osoan egiten da, jendea herri txikietan antxintxiketan imajinatzen dut… Orduan, probak egiten hasi nintzen, baina ez nuen asmatzen. Gauza batzuk oso Mursego ziren, eta gero zerbait modernoa egiten saiatu nintzen, ekoizpen berritzaileago batekin, baina ikusten nuen hori ez zela nire estiloa edo ez nuela kontrolatzen, ez nintzela eroso sentitzen horrekin. Hasieratik pentsatu nuen Kau Kori Kura taldeko Mikel Aizpuruarekin egitea eta, berarekin elkartzen hasi nintzenean, konbentzitu zidan kantu pop elegantea egin behar nuela, estribillo itsaskor batekin. Txipa aldatu eta “hori da” pentsatu nuen.

“Pop kantu xumea moldaketa klasikoekin uztartzen da Korrikaren abestian”

Nolakoa izan zen sorkuntza-prozesu hori?

Melodia batzuk sortu nituen, osatu genituen, egitura ezarri genuen eta buelta asko eman genion horri. Gero, Harmonikoki zer izango zen erabaki ondoren, Ibon RG hasi zen ekoizle lanetan. Poliki-poliki eraikitzen joan den kantua izan da. Gitarrarekin edo pianoarekin jo dezakezun kantu xume batetik hasi zen eta, gutxika-gutxika gero eta moldaketa gehiago egiten joan ginen, konturatu ginen arte, gure gustuak ikusita, ‘pop-barroko’ estiloko kantua joko genuela. The Beach Boys taldearen ‘Pet sounds’ diskoa erreferente handia izan da, eta baita euren ekoizle izan zen Phil Spector ere. Bere lan egiteko eta teknikak irakurtzeko moduak azpimarratuko nituzke. ‘Wall of sound’ (soinu-horma) terminoa asmatu zuen. Hau da, musika-tresna ezberdin askok gauza bera egitea eta ‘reberrekin’ eta gauza teknikoekin jolastea, soinu berezi bat sortzeko. 60. hamarkadako doinu horiek izan ziren gure erreferenteak, ‘pop-barroko’ hori. Horrela, nire lan egiteko modua irudikatzen da. Izan ere, pop kantu xumea moldaketa klasikoekin uztartzen da. Azken batean mundu klasikotik nator eta zinerako musika lantzen ohituta nago, nahiz eta horretan  ez daramadan denbora gehiegi.

Zer aipatuko zenuke instrumentazioari buruz?

Kantu rock-pop baten instrumentaziotik hasten gara (gitarra, baxua, bateria, teklatua eta ahotsak), eta gero tronboia, flauta, bibolinak, txeloa, perkusioa, txindatak, tinbala, klabea, gitarra ezberdinak… sartzen dira. Eta, ahotsari dagokionez, egitura dago, melodia, eta gero pila bat ahots-joko. Ahots asko dago, oso korala da.

Korala da entzuten dena, baina sorkuntza ere korala izan da, ezta?

Bai, horrela izatea eskatu zuten. Parekidea izan zedin eskatu zidaten eta, era berean, ahal izanez gero, Euskal Herriko zazpi probintzietako jendeak parte hartzea. Korala da instrumentista askok hartu dutelako parte, ahotsa ere hainbat lagunek jarri dugulako… Ahotsa eta instrumentuak sartzeko, adibidez, Ibil Bedi talde nafarreko lagunak etorri ziren. Iruñean gertatzen ari dena oso esanguratsua da. Orain loratzea dago, baina urte batzuk atzera begira ez dira hainbeste euskal talde egon. Ibil Bedi asko gustatzen zait eta niretzat garrantzitsua zen eurek parte hartzea. Gero, Marie Hirigoyen (flauta eta ahotsak), Patxix eta euren seme-alabak etorri ziren Lapurditik. Horrela, Euskal Herriko toki ezberdinetako ordezkaritza egon da.

“Kantua sortzea lan handia izan da, eta uste dut kantua furgonetan entzuten dudan momentua zirraragarria izango dela”

Nola bizi izaten duzu Korrika?

Bizitzak baldintzatu egiten gaitu eta ahal izan dudan guztietan korrika egin dut, baina aurreko edizioan ezin izan nuen egin, adibidez. Hainbeste jende batzen denean helburu horrekin, oso hunkigarria izaten da. Gainera, euskarak gaur egun bizi duen egoera kontuan hartuta, indar berezia izango du aurtengo Korrikak.

Aurten, gainera, lekukoa eramango duzu.

Umetan lekukoa eraman nuen Korrika Txikian, eta oso zirraragarria izan zen, baina bestela aurtengoa izango da Korrikan lekukoa eramango dudan lehen aldia. Oso hunkigarria izango da. Kantua asko kostatu zait egitea, denbora asko eman dut, lan esko egin dut eta txiribuelta asko eman ditut. Lehenik, kantua nondik jo nahi nuen aurkitzea; gero, kantua oso konplikatua delako; eta bestetik, jende asko kudeatu behar delako. Lan handia izan da, eta uste dut kantua furgonetan entzuten dudan momentua zirraragarria izango dela.

Euskararen egoera aipatu duzu, baina zure sorkuntzetan, adibidez, oso presente dago. Zure parte delako da horrela?

Nire ama-hizkuntza da, eta espresatzeko dudan modurik naturalena euskara da. Are gehiago zerbait publiko egiten dudanean, hau da, besteentzat.

Korrikaren soinu-banda egin duzu, baina azkeneko urteetan zinerako ere hainbat soinu-banda sortu dituzu. Horrez gain, Mursegoren abestiak eta abar ere hor daude. Eroso sentitzen zara arlo ezberdinetan aritzen?

Azkenean, badakigu zer den sortzailea izatea Euskal Herrian. Multitaskingera jotzen duzu edo ezin zara bizi. Irakaslea naiz eta, jardunaldi murriztuan nagoenez, astean hirutan noa klaseak ematera, bestela ez dudalako denborarik izaten soinu-bandak ganoraz sortzeko. Soinu-bandena asko gustatzen zait, baina noizean behin kontzertuak irteten zaizkit eta hori ere prestatu behar izaten dut. Batzuetan nekagarria da, egia esan. Lehenengo geruzan denak dira sorkuntza ariketak, baita klaseak ematea ere, baina azkenean gauza ezberdinak dira eta, gainera, norberaren bizitzarekin uztartu behar direnez, burua beti izaten duzu bueltaka, beste askok duten bezala.