Euskarak guztion bultzada behar du

Euskarak guztion bultzada behar du
2021/03/26 08:28
eta kitto!
Korrika urtea izan behar zen aurtengoa, baina beste mila gauza bezala, bertan behera laga behar izan dute euskal mundua batzen eta indartzen duen egitasmo arrakastatsua. Bizitzak, ostera, aurrera jarraitzen du eta oraindik lan handia egin beharra dago Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean. Horregatik, euskara bultzatzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan AEK-k.

 

"Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da”, esango luke edalontzia erdi hutsik ikusi nahi duenak. “Orduan, %45 euskalduna da”, erantzungo lioke itxaropentsuak. Zenbakiak hotzak dira, baina egia bat erakusten dute: berdintasunean oinarritutako gizartean bizi nahi badugu, herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa da. Hori da denon eskubideak bermatzeko zubia eta hainbat zutabek mantentzen dute tente zubi hori. Adibidez, euskaltegiek. Euskaltegi sendoek.

AEK-ren arabera, “bide onetik goaz”, aipatutako helburuak lortzeko. Urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari dira euskaltegietan, baita pandemiak eragindako ezohiko egoera honetan ere. “Ikasturte honetan ikasle gutxiagok eman dute izena, baina azken urteotan goranzko joera egon da eta gero eta ikasle gehiago hasi dira euskaltegian”, diosku Jone Olaizola Eibarko AEK-ko irakasleak. “Talde kopuruari eutsi egin diogu, baina talde bakoitzean ikasle gutxiago dugu aurten”.

Euskaltegiek martxa betean jarraitzen dute eta, aurreko ikasturte amaieran bizitako salbuespen egoera atzean lagata, aurrez aurreko klaseak ematen dituzte gaur egun (baita online ere, baina ez da gauza berria, pandemia aurretik ere aukera hori eskaintzen zutelako). “Ezohiko egoera bizi dugu, baina euskara ikasteko aukera ematen saiatzen gara eta egoerara egokitu gara”, Olaizolaren berbetan. Segurtasun-neurri guztiak hartzen dituzte kontuan eta maskararen erabilera derrigorrezkoa da, nahiz eta ikasketa-prozesua baldintzatzen duen. “Maskararen erabilerak zailagoa egiten du komunikazioa, maila baxuena duten ikasleentzat batez ere. Izan ere, berbez gain, aurpegiaren keinuek lagundu egite dute. Gainera, ikasten dihardutenek ahoskerari arreta gehiago jartzen diotenez, batzuetan maskararekin ez da ondo entzuten esaten duguna”, diosku irakasleak. “Hala ere, maskara gardenak erabiltzeko aukera dago eta behar den kasuetan erabiltzen dugu”.

Oztopoak ez dira ikasleentzat bakarrik, irakasleek ere igarri dutelako maskaren erabilera klaseak emateko orduan. “Batzuetan eztarria urratzen zaigu. Beharbada ahotsa gehiago behartu behar dugulako”.

 

‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!’

AEK-ren jarduna Euskal Herri osora hedatzen da eta, edonon bizi direlarik ere, euskara ikasteko aukera ematen die herritarrei. Horrek, nola ez, gastu bat dakar, eta finantzazioan aurrerapausoak eman diren arren, ez da nahikoa. “Gaur egun, hiru administrazioetatik (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude”, AEK-ren iritziz.

Egoera horri aurrera egiteko asmoz, AEK-k ‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!’ izeneko dinamika jarri du martxan, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz. “Orain dela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela. Orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko zen; eta gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, gizarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik irten da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula”, AEK-ren berbetan.

 

2021ko gutuna

‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!’ dinamikak hiru ardatz ditu. Lehenengoak administrazioari begira egingo du lan eta eragileen inplikazioa bilatuko du. Horretarako, ‘2021eko apirileko gutuna’ helaraziko zaie Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. “1966ko urtarrileko gutunetatik, 2021eko apirileko eskutitzetara igaroko gara”, diote AEK-koek, Rikardo Arregik urte hartan Euskaltzaindiari bidaliko eskutitza gogoratuz.

Eragileei dagokienez, AEK-k mota guztietako eragileekiko lan-ildo bat jorratzen dihardu. “Korrikaren aurreko edizioan, Albaola/Bastidako ekimena egin genuen, non hainbat eragilek KLIKA egin zuten; hau da, konpromiso bat hartu zuten. Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu-lana ere egin dezaten beren eremuan. Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere zeregin garrantzitsua dutelako”.

 

Ekitaldia domekan

Dinamikaren bigarren ildoarekin herritarren bultzada lortu nahi du AEK-k. “Aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin”, nahiz eta Korrikarik ez egin. Administrazioaren aldetik urrats gehiago egin daitezen borrokatzen diharduten bitartean, gizartearen arnasa ezinbestekoa dutela diote AEK-koek eta, hori lortzeko, ‘Bultza euskaltegiak!’ izeneko ekitaldi xumeak egingo dituzte domekan Euskal Herriko 80 bat gunetan, 12:00etatik 12:30era.

Eibarren Txaltxa Zelaian egingo da eta bertsolari batek emango dio hasiera ekitaldiari. Gero, grafitigile bat murala marrazten hasiko da. 12:05ean AEK-ren mezua irakurriko dute eta, mezua osatzeko, Arima Berunez Orain eta lagunek sortu duten rap-a abestuko dute. 12:15ean Xabier Amurizaren ‘Euskal Herrian euskaraz’ abestia kantatuko da eta, ekitaldiari amaiera emateko, 12:25ean, talde-argazkia egingo da grafitigileak sortutako marrazkiaren inguruan. Saio irekia izango da eta, eguraldia lagun izango dugula ikusita, parte hartzeko gonbidapena egiten du AEK-k.

 

Diru-bilketa

Egitasmoaren hirugarren ildoa ‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu ekarpena’ kanpaina da eta domekara arte egongo da martxan www.aek.eus/ekarpenak web orrian (aldizkaria inprentara bidali genuenean 12.400 euro inguru batu zituen AEK-k). “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu”, dio AEK-k. “Aurten bultzada txiki bat izango da, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta”. Izan ere, gauzak ondo, 2022an Korrika egitea da AEK-ren asmoa.

Ekarpena eginez AEK-ri eta, ondorioz, euskaltegiei eta euskarari bultzada emateaz gain, diru-emaile guztiek Cultural Memories-ek AEK-Korrikarako sortutako irudia jasoko dute e-postaz; eta 30 eurotik gorako ekarpena eginez gero, posta arruntez ere bai.

Dinamika honekin AEK-k agerian laga nahi du gaur egun ere euskaltegien rola ezinbestekoa dela Euskal Herri euskalduna lortzeko eta, bide horretan, herritarren nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa dela. Beraz, korrika egiten gastatuko ez dugun indarra, bultza egiteko erabili dezagun.