Euskaraldiaren enbaxadore izango den hamaikakoa aurkeztu dute

Aurpegi ezagunez osatutako talde anitza osatu dute eta herritarrak euskararen erabileran aurrerapausoak ematera animatuko dituzte
2024/11/07 13:00
eta kitto!

Datorren urteko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute, gaur, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Euskararen erabilera aktibatzeko mugimenduaren enbaxadore izango dira komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren lagun hauek, eta honakoak dira:

  1. Eneko Atxa Azurmendi, sukaldaria
  2. Oihana Azkorbebeitia Urizar, mendi lasterkaria
  3. Aitor Bengoetxea Zabalza, musikari eta break dantzaria
  4. Lutxo Egia del Rio, idazlea
  5. Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust), trabestia
  6. Ana Goitia Erkiaga, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea
  7. Itziar Ituño Martinez, aktorea
  8. Roberto Moso Gil, komunikatzailea
  9. Zibel Untsain Damestoy, dantzaria
  10. Esti Urresola Solaguren, zinemagilea
  11. Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pilotaria

Euskaraldiaren lehen edizioan bezala, talde anitza osatu dutela diote antolatzaileek: “Inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez”. Gauzak horrela, konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, enbaxadore diren neurrian, euren inguruko kideei ekimenaren eta bere erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete.

 

Laugarren edizioa

Euskaraldiaren laugarren edizioa egingo da 2025eko maiatzaren 15etik 25era, lehen aldiz udaberrian, eta ‘Elkar mugituz egingo dugu’ izango da erabiliko dute leloa. “Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko” azaldu du aurkezpenean Goiatz Urkijok.

Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta”, azaldu du Urkijok.

Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. “Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu”, azpimarratu nahi izan du Urkijok.

Izan ere, Euskaraldiaren helburua hori da: euskararen erabileran eragitea, euskara gehiago entzun dadin Euskal Herri osoko txoko eta bazterretan.

 

Euskaraldian parte-hartzeko

Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.

 

 

Euskaraldiaren hamaikakoa

 

Eneko Atxa Azurmendi

2005ean ireki zuen Azurmendi jatetxea, eta bi urteren buruan lortu zuen Atxak lehen Michelin izarra. Ordutik hiru Michelin izarren jabe bihurtu da. Azurmendiz gain beste zazpi jatetxe ditu munduan barrena (Eneko Larrabetzu, Tokyo eta Karuizawan; eta Eneko Basque Sevillan, Madrilen eta Bilbon). Euskal Herriko sukaldari handienen artean dago Eneko Atxa. Euskaraldian parte hartzen du euskarak euskaldun egiten gaituela sinisten duelako eta bere erronka pertsonala izango da euskara lau haizetara zabaltzea eta bere inguruan eta lan-esparruan hizkuntzaren sustapen sutsua egitea.

 

Oihana Azkorbebeitia Urizar

2006tik da mendi-lasterketako euskal selekzioko kidea, dozenaka garaipen lortuta. 2022an Skyrunner Munduko Kopan txapeldunorde izan zen, eta 2023an Zegama-Aizkorri lasterketan beterano mailako txapela jantzi zuen. Euskaraldian parte hartzen du euskararen presentzia bultzatzeko, eta bere erronka nagusia edozein lekutan lehen hitza beti euskaraz egitea izango da.

 

Aitor Bengoetxea Zabalza

Musika genero urbanoaren baitan Bengo izenarekin da ezaguna Aitor Bengoetxea. 2021. urtean 4 Taupada albuma kaleratu zuen, 2023an Bizirik diskoa eta Beste behin eta Ez da betiko singleak 2024an argitaratu zituen. Txikitatik atzerriko kultura den Hip-Hop mugimenduan murgilduta egon da eta, Euskaraldiaren bidez, kultura berriak euskalduntzeko ekarpena egin nahi du Break Dance taldeko kideekin euskaraz arituz eta dantza pausoak euskaraz izendatuz. Gainera, hitanoa ikasi eta erabiltzeko erronka berezia ere hartuko du laugarren edizioan.

 

Lutxo Egia del Rio

Haurra zela etorri zen Bilbora bizitzera, eta gaztea zela euskaldundu zen Egia. Euskal kultura eta hizkuntzaren inguruan hainbat liburu idatzi ditu. 2015ean, Bi-lingual: Transitoak performance entzutetsua egin zuen Bilbon, Euskaraldiaren hazia izango zena. Ariketaren laugarren edizioan ahobizi moduan parte hartuko du.

 

Eneko Garcia Jaurena -Albina Stardust-

Albina Stardust trabestia da Eneko. Izar diska kaleratu eta hainbat ikuskizun eskaini ditu; telebistan ere ikusgai izan da, hala nola Biba Zuek saioan. Euskaraldian zehar bere burua euskara gehiago erabiltzera bultzatu eta ingurukoak animatu nahi ditu. Bere erronka nagusia, beraz, lagunen artean, kalean eta aisialdian euskara lehenestea izango da.

 

Ana Goitia Erkiaga

Hamaika saltsatan ibilitakoa da Goitia. Kazetaria, telebistako aurkezlea, umoregilea eta moda munduko profesionala ere bada. Atera Kontuak eta Akelarre programak aurkeztu du, baita kolaboratzaile lanetan ibili ere, Gure Kasa, Biba Zuek eta Gora Bihotzak saioetan, besteak beste. Aurten Katana izeneko bakarrizketa luzea aurkeztu du, kritikarako eta hausnarketarako egindako lana. Euskaraldian parte hartuko du euskaraz bizitzen jarraitu nahi duelako eta jende gehiago euskaraz egitera animatu nahi duelako. Bere erronka lehenengo hitza beti-beti euskaraz egitea izango da. 

 

Itziar Ituño Martinez

ETB1eko Goenkale saioan egindako lanak egin zuen ezagun Ituño Euskal Herrian. Baina mundu mailan ezagun La casa de Papel telesailak egin zuen. Filmetan ere hartu du parte Ituñok, Loreak edota Lasa eta Zabala dira, agian, ezagunenak. 2022an Fotogramas de Plata saria irabazi zuen Intimidad-en egindako lanagatik, baina luzea da horrez gain jaso dituen sarien zerrenda. Aktore lanetan ezezik, musika taldeetan abeslari ere ibili da basauriarra. Ituñok, behin baino gehiagotan, erakutsi du kontzientzia linguistiko handia duela eta euskararen alde egin eta eragin izan du hainbatetan. 

 

Roberto Moso Gil

Musika talde batean abeslari izateaz gain, Euskal Rock Erradikalaren ikur izan zen Moso. Musikari eta kazetari ibilbide oparoa du, Radio Euskadin eta prentsan urte luzez aritu baita. Euskaraldiak euskararen erabilera aktibatzeko duen garrantzian sinesten du eta ekimena beharrezkoa dela irizten dio. Laugarren edizioko bere erronka nagusia telefono bidezko elkarrizketa guztiak euskaldunekin beti euskaraz egitea izango da.

 

Zibel Unsain Damestoy

Dantzaria eta koreografoa, Leinua taldean hasi zen euskal dantzak ikasten eta geroztik Bilaka kolektiboan sartu zen dantzari eta ko-koregrafo bezala. Gernika ikuskizuna taularatu dute azken urteetan. Bere erronka nagusia lanean frantsesa ez erabiltzea eta espazio publikoan lehen hitza euskaraz egitea izango da. 

 

Esti Urresola Solaguren

20.000 especies de abejas filmarekin Goya sarietan gidoi onenaren eta zuzendari berriaren garaikurra eskuratu zuen Urresolak 2023an. Euskararen biziberritzean laguntzeko asmoz parte hartuko du Euskaraldiaren laugarren edizioan, harro baitago ekimenak Euskal Herrian izan duen arrakastaz. Bere erronka honakoa da: lehen hitza beti euskaraz egitea, bai ahoz, bai idatziz, edozein egoeratan.

 

Mikel Urrutikoetxea Azkueta

Pilota arloan Urrutikoetxea deituraz ezaguna da Mikel. Kirol ibilbide oparoa izan du: 2009an bihurtu zen profesional, eta urte horretan bertan bigarren mailako lau eta erdiko txapela jantzi zuen. Ordutik, hamaika txapelketa irabazi ditu. 2015ean esku huskako hiru txapelketa nagusiak (buruz burukoa, lau eta erdikoa eta binakakoa) jarraian irabazitako pilotari bakanetakoa izan zen. Urrutikoetxea euskaran murgildurik bizi da eta, oraingoan, Euskaraldian enbaxadore gisa hartuko du parte.