Euskararen biziberritzearen erronkak eta praktikak hizpide izan ziren atzoko MIntegian

Euskararen biziberritzearen erronkak eta praktikak hizpide izan ziren atzoko MIntegian
2023/03/16 09:58
eta kitto!
Atzo izan zen ...eta kitto! Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen Euskararen Transmisioa eta Sozializazioa Mintegia. Ekitaldia ohiko ordutegian egin zen, 09:00etatik 13:30era. Aurtengoa hamairugarren edizioa izan da eta Armeria Eskolan egin da bigarrenez, hori bai, oraingoan maskarillarik gabe. Euskararen transmisioarekin eta sozializazioarekin lotutako gaiak jorratzeko bilgunea izaten da Mintegia eta aurten ere euskara hainbat ikuspegitik landu da: euskalgintza, herrigintza, kirola, kultura, aisialdia, teknologiak... Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete bertara hurbildu zirenei zein streaming bidez parte hartu zutenei; eta Eibarren AKEBAI, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari ere bai, ematen duten babesagatik. Mintegi osoa YouTuben dago ikusgai.

 

Ane Sarasua 2 WEB

Ane Sarasua, UEUko idazkari nagusia
“Euskal Unibertsitatea eraikitzeko bidea ez da amaitu ”
UEU erreferentziazko erakundea da euskararen eta unibertsitatearen arloan. Ane Sarasua eibartarrak 25 urte daramatza UEUn lanean, denbora gehiena idazkari nagusi moduan. Une goxoa bizi izan dute 50. urteurrenarekin eta Mintegian ibilbide luze horri errepasoa emateko aprobetxatu du: Ipar Euskal Herrian ezarri ziren euskal unibertsitatera bideko UEUren zimentarriak 1970. inguruan, eta Iruñeko Larraonan hasi zen bigarren aroa (urrezko aroa). Argitalpen-zerbitzua oso inportantea izan zen garai hartan, liburuak, aldizkari zientifikoak…  Oinarrian goi-mailako euskarazko irakaskuntza bultzatzea zegoen, testu-liburuak euskaraz argitaratzea, bilgune izatea, sarea edo komunitatea egitea… eta gaur egun ere balio horiek indarrean jarraitzen dute.
Mende berriarekin Markeskua UEUren katedral txiki bihurtu zen. 2000. urtetik 2005era gaur egungo UEU denaren oinarri nagusiak jarri ziren egituraketari eta lantaldeari dagokienez eta udako ikastaroak antolatzetik urtean zehar gauzak antolatzera pasa ziren. Sasoi hartan ere eman zuten onlinerako saltoa.
2011n esparru-hitzarmena sinatu zuten EHUk eta UEUk kongresu zientifikoak antolatzeko, euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak partekatzeko, euskarazko doktorego-tesien corpusa elkarrekin elikatzeko… Bestalde, graduondokoak sustatzen ere hasi zen. 2019an, zentro atxikitzat onartu zuen EHUk UEUren Goimailako Online Institutua (GOI).Orain, inoiz baino gehiago, belaunaldi berriei begira daude. Euskal Unibertsitatea eraikitzeko bidea ez dela bukatu dio Anek, eta herri unibertsitatea dela azpimarratzen du: ”Gizartearen premiei erantzutea izan da beti gure aldiarrikapena”.

 

IDURRE ESKISABEL WEB

Idurre Eskisabel,  Kontseiluko idazkari nagusia
“Euskara bizirik mantentzeko zoru diskurtsiboak eraiki behar ditugu”
"Atzeak ere erakutsiko digu aurrea nola dantzatu" izan da Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzaldiaren izenburua. Belaunaldi berriak euskaldundu ahala horrek erabileran ispilu bat izango zuela pentsatu da garai batean, baina "gaur egun ikusi dugu hori ez dela aski, beste zerbait behar dela. Arrazoia behar dute, erreferenteak, mundu sinbolikoa, afektibitatea… Euskara bizirik badago izan da euskaltzaletasunak kontakizunak josten eta zoru diskurtsiboa sortzen asmatu duelako", dio Idurrek.
XXII. mendera bizirik eramango gaituen kontakizunak sortu egin behar ditugu: "Ez dugu ahaztu behar gurea hizkuntza gutxitu bat dela botere-sare erraldoi batean kokatuta eta berez erabilera nekez etorriko dela, hautu bat izango dela. Eta horretarako motiboak behar dira, berdin da izan funtzionalak (behar duzulako lanerako edo egunerokoari aurre egiteko) edo balio sinboliko bat (emozioetan eta izaeran eragingo dizuna). Alde horretatik, hezkuntzari lotuta, oso interesgarria iruditzen zait Iratxe Retolozak-eta egiten duten irakurketa. Ikasleek, euskara jasotzeaz gain, zorua behar dute erabil dezaten. Zoru hori kultur eremuak emango die, erreferentzia batzuek, non zentzua hartzen duen hizkuntza hori aukeratzeak".  Feminismoaz ere mintzatu da Idurre. "Identitate kontu bat zena auzi unibertsala bihurtu da. Jendarte osoari dagokion gauza bat da. Euskaltzaletasunak badu hor bide bat”.

 

Eñaut Agirre Garabide WEB

Eñaut Agirre, Garabideko koordinatzailea
“Gaur egungo umeentzat euskara beti egon da hor, errelato berriak behar ditugu eurentzat”
Garabide Elkarteak jaso zuen 2022ko Abadia saria Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan egiten duen lanagatik. Munduan 6.000 hizkuntza baino gehiago daude, era eta tamaina askotakoak: "Hizkuntza handia izateak ez du esan nahi arriskuan egon ez daitekeenik, eta txikia izateak ez du esan nahi arriskuan egon behar denik. Baina mehatxua handia da, aurreikuspenak oso negatiboak dira, epe motzean hizkuntza asko galduko dira", dio Eñaut Agirre Garabideko koordinatzaileak.
Azken 50 edo 60 urteetan euskara biziberritzeko egindako lanari esker, gizarte honek galtzear zen hizkuntza bat mantentzea lortu du eta, hutsuneak izan arren, prozesua berezia da munduan, "ez dago halako esperientziarik duen herrialde asko. Beste komunitate askorentzat erreferenteak gara, hona begira daude". Garabidetik munduko beste komunitateei erakusten diete euskararen biziberritzean zer egin dugun, zein izan den gure esperientzia: "Guk errelatu bat, gogo bat, motibazio bat eta, neurri handi batean, gizartea aldatzeko gogoa izan dugu, baina zer gertatzen da belaunaldi berriekin? Beste errealitate bat ikusten dute. Euskara beti hor egon da, batzuetan derrigortutako gauza bat izan da. Errelato berriak behar dira eta inportantea da, gainera, jakitea munduan beste hizkuntza batzuk badaudela, ze egoeratan dauden...”.

 

Lorea Arakistain eta Asier Iturralde 2 WEB

Lorea Arakistain eta Asier Iturralde, 
PuntuEUS eta Iametza
“Euskaldunok tresna digital propioak sortu behar ditugu”
PuntuEUSeko Lorea Arakistain eibartarrak eta Iametzako Asier Iturraldek Internet eta euskara izan dute hizpide. Loreak euskarak Interneten duen presentziaz hitz egin du  eta Asierrek Mastodon sare sozialari buruzko argibideak eman ditu.
.eus domeinua gure euskal identitatearen alderdi digitala da eta euskararen erabilera sustatzen du. PuntuEus-en Euskal Herrian erregistratutako webguneetako euskararen presentzia aztertu dute: euskarazko edukia duten webguneen kopurua  %14koa da.  .eus domeinua erabiltzen duten webguneetan, berriz,  %75eko presentzia du euskarak. Horren arabera, ".eus domeinuak hizkuntzari ikusgarritasuna eta baliagarritasuna emateko balio du. Webguneen hizkuntza aztertzeaz gain, erabiltzaileen hizkuntza ohiturak ere aztertu dira.
mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus komunitateek jaso dute 2023ko Interneteko Argia saria. Mastodon deszentralizatutako sare soziala da, publizitaterik gabekoa, eta software librea defendatzen duten militanteez osatuta dago. Beste sare sozial batzuk posible direla dio Asierrek: "Komertzialekin konparatuta, beste modu batean egiten dira gauzak eta horrek eragina dauka hizkuntzan. Twiterren baino testu gehiago idatzi daiteke gainera. Mastodon asko daude, deszentralizatua dago, ez da bakarra; batzuk erabilera orokorrekoak dira, baina badaude gaikakoak ere" . Mastodon 2018an hasi zen zabaltzen eta apurka euskal instantzia bat sortzeko ideia zabaltzen joan zen. Helburua da sare sozialak izatea non euskara den nagusi. Euskaldunentzako arnasgunea izatea. Erakundeek ere mastodon zerbitzariak sortu beharko lituzkete, burujabetza ariketa bat izango litzateke”.

 

Ainhoa Zabarte eta Markel Sanchez WEB

Ainhoa Zabarte eta Markel Sanchez, Berbaro
“Badaude euskal komunitateari gauza berriak eskaintzeko aukerak”
Durangoko Berbaro Euskara Elkartetik "Nork lapurtu du Irulegiko eskua?" jokoa sortu dute (www.labur.eus/irulegieskua). Lagun artean edo familian jolasteko ihes-gela da eta ordenagailutik egiteko pentsatuta dago, mugikorretik funtzioak galtzen ditu-eta. Parte-hartzaileek Irulegiko eskuaren arrastoak jarraitu eta hainbat proba egin beharko dituzte Euskal Herriko zenbait lekutan zehar, pistak lortu eta misterioa argitzeko.
“Bizi garen mundu globalizatu eta digitalean txikiak izateak zailtasunak ditu, baina badaude gure euskal komunitateari gauza berriak eskaintzeko aukerak. Oso joko sinplea da. Gabonen bueltan egin genuen. Erabili dugun programa Genially da eta oso erreminta sinpleak ditu. Asmoa zen euskaraz jolastea, euskaraz gozatzea eta Euskal Herria erakustea. Irulegikoa aitzakia besterik ez zen izan, denon ahotan zegoelako momentu hartan. Eibarren egingo bagenu, Eibarko gaiekin, horrek ere arrakasta izango luke”, adierazi dute.
Ez da Berbaro elkartean egiten duten  lehenengo online ihes-gela. Konfinamenduko egunak arintzeko sare sozialen bitartez “Nork hil du Eneko Sagardoy?” jolasa proposatu zuten. “Gu moduko elkarte batek ez du normalean horrelako oihartzuna izaten sare sozialetan, baina ideiak arrakasta handia izan zuen”, diote. “Non dago Plateruena?” izan zen hurrengoa. Kasu guztietan istorioak beraiek sortu dituzte eta frogak ere eurek antolatu dituzte. “Nahiko gauza sinpleak eginda sor daiteke joko bat, taldeka edo banaka jokatzeko.

 

MIKEL LARRAÑAGA WEB

Mikel Larrañaga, SD Eibar Fundazioa
“Foballa euskararen zerbitzura jarri nahi dugu”
Mikel Larrañaga, SD Eibar Fundazioko lehendakari ordeak "Euskararen Baloiaren aurkikuntza SD Eibarren" hitzaldia eskaini digu aurtengo Mintegian. Fundazioaren Euskara Batzordean euskararen ezagutza, erabilera eta gizarteratzea sustatzen dute eta 2019an jarri zuten martxan Euskararen Baloia ekimena. Mikelek dioenez, "foball taldetik gizarteari itzuli nahi diogu gizartetik jasotzen duguna. Euskararen aldetik zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen. Umeengana jo behar genuela pentsatu genuen. Eta umeei bidali behar genien mezua oso argia zen: euskaraz egin behar da eta kitto".
Eibarko eskoletako umeek Ipuruara egiten duten bisitan “aldagelak ikusten dituzte, berdegunera joaten gara,  prentsa-aretoa erakusten diegu eta jokalari bi agertzen dira eta istorio bat kontatzen diete, euskararen baloiaren kondaira.  Baloi magikoa da eta, hortaz, euskaraz egiten dutenean baloia puztu eta alaitu egingo da, baina erdara egiten badute  hustu eta ahuldu egingo da. Beraz, euren esku dago baloi hori osasuntsu egotea. Ikastetxe bakoitzari kamiseta bat ematen zaio eta gizonezkoen eta emakumezkoen partidetara gonbidatzen ditugu. Jokalariak gertutik ezagutzeko aukera dute (besarkatu egiten dituzte, foballak euskara bezala)”.
3D inprimagailu batekin baloiaren erreplika egin dute Armeria Eskolan. Ikastetxe guztietan dago baloi bat. “Proiektu hau ez da gure patrimonioa. Jabetza denona da, eta ondo legoke Ipuruan egin beharrean Untzagan egitea”, dio Mikelek. Euskararen baloia proiektua katalanek hartu dute eredu moduan.

publizkoa WEB

PUBLIKOA3 WEB