Euskararen eguna eta "Emon eskua euskeriari" aurtengo goiburua protagonistak Txikitto aldizkarian

Euskararen eguna eta "Emon eskua euskeriari" aurtengo goiburua protagonistak Txikitto aldizkarian
2017/11/22 12:04
eta kitto!
Aste honetan  banatuko da  Eibarko LHko ikastetxe guztietan Txikitto aldizkariaren 171. alea.  Herrian ikasten duten  6 eta 12 urte bitarteko haur guztiek eramango dute etxera azaroko alea. Portadan abenduaren 3an ospatuko dugun Euskararen Eguneko aurtengo mezuak hartu du protagonismoa: "Emon eskua euskeriari! eta EIbarko Euskalgintzak antolatu duen egitaruaren berri ematen da barruko erreportajean.

Horretaz gain,  joan den hilabetean estreinatu genuen  "Ikasleekin berriketan" atalean AMAÑA herri ikastetxeko ikasleak elkarrizketatu ditugu. 3. mailakoek munduari errepasoa eman diote goitik behera, Europatik Asiara eta Amerikatik Amañara. Gure herria ondo ezagutzeko aukera izan dute, bai klasean bai herriko kaleetan zehar ibiliz. Orain Amaña auzoak ez du sekreturik ikasle hauentzat.

"Jolastokixan jolasian" atalean, ALDATZE ikastetxekoek soka saltoan aritzeko abesti bat proposatu digute. Egin salto Pello txoferrarekin!!!   Gainera BIDEOA ere grabatu dugu,  nola egiten dute hobeto ulertzeko:

https://www.youtube.com/watch?v=5a8lM2mPNiE

Bestalde, Andrea Gonzalez Caballero eibartarra elkarrizketatu dugu.  Gitarra-jole entzutetsua dugu Andrea. 7 urterekin hasi zen ikasten bere ama Ana Mariarekin eta 8 urterekin eman zuen lehen kontzertua. Orduz geroztik, ez da gelditu. Mundu osoan ematen dihardu kontzertuak, hainbat CD grabatu ditu eta sari ugari eskuratu. Portugal eta Alemania artean bizi da, baina hil honetako 24an, barixakua, Coliseon entzuteko aukera zoragarria izango dugu.


Gainera, betiko moduan, denborapasek, txisteek, ikastetxeetako berriek, sukaldaritzak, eskulanek, liburuek, ipuinek eta agendak osatzen dute aldizkaria.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai.