Euskararen Hamabostaldia abiatuko du Eibarren Akebaik, egitarau zabal batekin

Euskararen Nazioarteko Eguna ardatz hartuta, ekitaldi ugari antolatu dituzte
Euskararen Hamabostaldia abiatuko du Eibarren Akebaik, egitarau zabal batekin
2025/11/19 10:46
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izango dela eta, Eibarren Akebai elkarteak Euskararen Hamabostaldiko egitaraua aurkeztu du. Jardueren bidez, herrian euskaraz antolatzen diren ekintzak bildu eta herritarren parte-hartzea sustatu nahi dute.

Hamabostaldiko lehen hitzordua azaroaren 18an izango da, Markeskua Jauregian, arratsaldeko 18:00etan. UEUk eta Akebaik antolatutako “Belaunaldi euskaldun berriak eta teknologia” mahai-inguruan Lorea Argarate Zubia teknologoak, Leire Lisón Nicuesa ikertzaileak eta Lander Arretxea Bereziartuak (Hiru Damatxo) hartuko dute parte, Ainhoa Latatu Núñez moderatzaile dela. Ekintza doakoa da, baina parte hartzeko izen-ematea eskatu dute (komunikazioa@ueu.eus).

Hurrengo egunean, azaroaren 19an, Portalean, 19:00etan, Iñaki Uriarte arkitektoak “Bizikleta, makina mugikorra, azkarra eta ederra” hitzaldia eskainiko du, Armagintzaren Museoan otsailaren 1era arte ikusgai dagoen Errobera artean erakusketaren osagarri.

Kontzertu eskaintza ere izango da: azaroaren 21ean, Xabier Badiola eibartarraren emanaldia egingo da Coliseon, 19:00etan. Sarrerak 10 euroan salduko dira, eta Coliseoaren Laguna direnentzat 7 euroan.

Kultura eskaintzak jarraituko du azaroaren 26an, Andretxean, 25aren harira antolatutako programaren barruan: Mireia Delgadok helduentzako “Hariak, jostorratzak eta zauriak” ipuin-kontaketa eskainiko du.

Begirada zinemara jotzen dutenentzat, azaroaren 22tik abenduaren 1era, Paul Urkijo zinemagilearen Gaua filma emango dute Coliseoko aretoetan. Fantasia generoko lan honen inguruko informazioa, trailerra eta sarrerak erosteko egin klik hemen.

Egitarauko azken eguna abenduaren 3a izango da. Euskararen Nazioarteko Egunean, 18:00etan Mintzodromo irekia egingo da Untzagan; jarraian, 19:00etan, Eibarko Euskalgintzak antolatutako “Emaiozu berbia euskeriari!” ekintza egingo da.

Bestalde, azaroaren 15etik 30era bitartean San Andres jaiak ospatuko dira Eibarren, urtero bezala; egitaraua kontsultatzeko esteka ere badago eskuragarri.