XABIER BADIOLA: “Gitarra-jolea naiz lehenik eta, gero, abestu egiten dut”
Gitarrarekin etorri zaigu elkarrizketara eta hori berori izango du lagun bakarra Coliseoko eszenatoki gainean. Xabier Badiolak ez du ezer gehiago behar, bere gitarratik ateratzen diren doinuek espazio guztia inguratzen dutelako. Azaroaren 21ean, 19:00etan, zuzenean entzuteko aukera izango dugu eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroan (7 euro Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat).
Orain dela bi urte inguru bere izena daraman diskoa atera zuen Xabier Badiolak. Publikoaren eta kritikaren harrera ona izan zuen lanak eta, bere erritmoan, bidea egin du eszena musikalean. Barrenetik egindako musika da, merkatuak exigitzen duenari jaramon egin barik, eta agian horrek egiten du berezi. Ez zenukete zuzenean entzuteko aukera galdu behar.
Ezinbesteko galdera: Nola zaude Coliseoko kontzertuaren aurrean?
Nahiko ondo. Udaran krisialdi txiki bat eduki nuen eta pentsatzen nuen ez nintzela helduko Coliseon jotzera, baina kontzertu-sorta bat irten da progresiboki eta ondo heltzen naiz. Coliseon jo izan dut, baina taldean, eta hau ezberdina da.
Ez da areto txikia, zure jaioterrian... Horrek baldintzatzen zaitu?
Urduriago jartzen naiz taberna txikietan jotzen dudanean, non telebistan futbol partidua dagoen, jendea tragoarekin... Gitarra akustikoa ezin da gitarra elektrikoa bezala anplifikatu. Coliseon behintzat jendea jarrita dago eta, barixaku arratsaldea izanda, nekatuta ziurrenik. Beraz, euren atentzioa atxilotu dezaket.
Zuzenekorako proposamena mikrofonoa, gitarra eta zu egotea da, beste barik?
Bai. Pozik nago, zeren eta Ander Barriusok esan dit bera egongo dela teknikari lanetan. Mundu idealean gure Walter (Tuzzeo) maitea izango litzateke teknikaria, baina tira. Anderrek gustu ona dauka, beraz, esku honetan nago.
Azken sasoian kontzertuak eman dituzu. Zelan sentitu zara?
Normalean, udan geldialdia izaten dut. Beste musika proposamen batzuek udan gora egiten dute, jaietako kontzertuengatik eta abar, baina nire kasuan uda hibernaziorako sasoia izaten da. Ez dakit patuaren kontua den, baina beti kointziditzen dit bizi-katastrofe batekin, gero idazteko ondo etortzen diren horietakoak. Azken kontzertuak nahiko ondo egon dira eta erritmoa hartzen noa pixkanaka.
Diskoa orain dela bi urte atera zenuen eta izan du oihartzuna. Nola ikusi duzu egin duen bidea?
Pretentsiorik gabe egin zen zerbait izan zen, etxean grabatu nuelako pare bat mikrofonorekin, eta denboran ikusi dut nolako ‘makarrada’ izan zen, baina onera diot. Oso harrera ona eduki du, ez nuen espero. Heldu behar zitzaion jendeari heldu zaio. Atera behar genituen 200 kopiak saldu egin ziren eta abendurako beste tirada bat aterako dugu. Proposamenak ere iritsi dira. Adibidez, abenduan Rennesen (Bretainia) joko dut Trans Musicales jaialdian. Diskoaren lehen urtea borroka izan zen eta bigarrena, borroka ere bai, baina ez da aldapan gora. Hau da, ez naiz ibili behar hainbeste inoren atzetik, gauzak naturalki ematen ari dira.
Gaztelupeko Hotsak zigilu barruan zaude. Modu berezian zaintzen du musika diskoetxe horrek?
Bai! Polita izan da eurekin sortu den harremana. Jon Gurrutxagaren hitzaldi batean ezagutu nuen Xarra eta ‘frikadei’ buruz berbetan hasi ginen. Diskoa grabatu nuela esan nion eta ez nekiela norekin atera, ez zidatela kasurik egiteneta. Bidaltzeko esan zidan eta gustatu zitzaion. Orduan, nire mezenas moduko bat bihurtu zen. Demaseko mimoarekin tratatzen naute eta zenbait gauza iritsi zaizkit eurek eskua sartu dutelako.
Txikitatik egin duzu musika. Zure ahotsa lortu duzula esango zenuke?
Hori bizitza bezala da, ez zarela inora heltzen. Hau da, denbora guztian zaude etengabeko trantsizioan. Batetik, azterketa sozioekonomiko bat egin daiteke azaltzeko zergatik orain talde gutxiago dagoen eta bakarlariek gora egin dugun. Era berean, gitarra-jole moduan mugatuta ikusten dut neure burua, mundu guztiak jotzen duelako gitarra. Gitarrarekin zaila da inork egiten ez duen zerbait egitea. Gitarra akustikoaren kasuan, jendeak jotzen du, baina askotan gehiago da laguntzaile moduan. Ni, ostera, gitarra-jolea naiz lehenik eta behin eta, gero, abestu egiten dut. Orduan, buelta ematen saiatzen naiz, gauzak ezberdin egiten. Nire tokia bilatu dut eta, bitxia da, hor sartzerakoan ezagutu dudalako bide horretatik doan jendea. Polita da ikustea ez gaudela bakarrik eta, bakarlariak izan arren, badagoela komunitate bat musika soila eta erdi-pertsonala egiten duena.