Euskararen oraina eta etorkizuna hizpide

Juanjo Allur eta Unai Oiartzun (SIADECO); Miren Segurola (UEMA)
"Norantz doa euskara?"
UEMA-k eskatuta, Siadeco-k egindako ikerketak Hego Euskal Herriko etorkizun demolinguistikoa irudikatu du, gaur egungo joerak eta 2036ra arteko proiekzio demografikoak uztartuta. Azterketaren arabera, euskararen ezagutza datuek hobekuntza batzuk erakusten jarraituko duten arren, erabileran eta transmisioan ahuleziak agertzen hasi dira dagoeneko.
Azaldu dutenez, datozen urteetan biztanleria euskalduna zahartze prozesu batean sartuko da. Horrek badu alderdi positibo bat ere: azken urteetan oztopo modura aipatu izan den adinekoen artean euskararen ezagutza txikia neurri batean gainditzen joango da.
Hala ere, migrazio mugimenduek eragin handia izango dute. Hego Euskal Herria herrialde hartzailea izango dela aurreikusten dute, eta etorriko den biztanleriaren zati handi bat ugalkortasun adinekoa izango da. Horrek eragina izango du lehen hizkuntzan, etxeko erabileran eta hizkuntza transmisioan.
Gazteen artean ere beheranzko joerak antzematen dira
Ikerketaren arabera, etorkizun hurbilean euskararen ezagutza mailak apaldu egin daitezke haur eta gazteen artean. Migrazioaz gain, beste joera batzuk ere antzeman dituzte transmisioan eta etxeko erabileran.
Bertan jaiotako familien artean ere gero eta gutxiago transmititzen da euskara soilik; gero eta ohikoagoa da bi hizkuntzak (euskara eta gaztelera) batera erabiltzea eta transmititzea. Horren ondorioz, gero eta hiztun gehiago biziko dira erdara nagusi duten inguruneetan, eta gero eta gutxiago arnasgune euskaldunetan.
Era berean, hazten ari da euskara lehen hizkuntza bakarra ez dutenen kopurua. Horrek, askotan, erdaraz erosoago aritzea edo euskaraz gaitasun mugatuagoa izatea dakar, eta ikerlarien ustez faktore horiek guztiek euskararen erabilera soziala zaildu dezakete.
Ondorioz, orain arteko norabideari eutsiz gero ez dute aldaketa handirik espero. Alde positiboak badaudela azpimarratu dute, baina ahuleziei eta datozen erronkei aurre egiteko neurri sendoak beharrezkotzat jo dituzte.
“Geldialdia atzerakada bihur daiteke”
UEMA-ko ordezkariak azaldu duenez, ikerketaren emaitzek kezka handia eragin du, eta azken hilabeteetan hainbat eragile eta instituziorekin partekatu dituzte hausnarketak. Ikerketaren ondorio nagusietako bat da gune trinkoen ahultzea; familiako hizkuntza-ohiturek eta euskara ez den lehen hizkuntzen presentziak presio handia eragiten dute, eta horrek zuzenean eragiten duela hizkuntza gaitasunean eta erabileran. Bestetik, nabarmendu dute azken hamarkadetan gazteen artean hezkuntzaren bidez lortutako aurrerapenak arriskuan egon daitezkeela. Hirugarren ondorio nagusia da azken urteetan aipatzen den “geldialdia” benetako atzerakada bihur daitekeela. Azaldu dutenez, 2036ra arteko proiekzioa da aurkeztutakoa, baina joerak denboran luzatuz gero datuek okerrera egiten dute. Hala ere, azpimarratu dute hau ez dela aurreikuspen itxi bat, baizik eta baldintza jakin batzuk mantenduz gero gerta litekeen egoera: gaur egungo joera demografikoek eta hizkuntza politikek bere horretan jarraituz gero.
“Etorri diren edo etorriko direnen errua ez da”
Hausnarketen artean, argi utzi dute ez litzatekeela egokia izango egoeraren errua etorriko diren herritarrei egoztea. Haien ustez, hori bidegabea izateaz gain, ez litzateke euskararentzat positiboa izango. UEMA-ren arabera, hizkuntza politikak ikuspegi integral batetik landu behar dira. Izan ere, gaur egun hizkuntzaren bilakaeran eragin handiagoa dute beste alor batzuetako politikek: turismoak, ekonomiak edo hirigintza proiektuek, besteak beste. Horregatik, politika horiek euskararen aurkako kalteak saihesteko ez ezik, hizkuntza indartzeko ere baliatu behar direla defendatu dute.
Azkenik, etorriko den herritar kopuru handiari begira, hainbat lehentasun zehaztu dituzte. Lehenik eta behin, euskarara hurbiltzeko erraztasun guztiak eskaintzea: harrera politika sendoak, euskara ardatz izango duten neurriak eta euskalduntzea doakoa bermatzea.
Gainera, uste dute euskalduntze eta alfabetatze sistemak ere egokitu beharko direla, gaur egungo migrazio profiletara moldatzeko.
Bestetik, enpatia eta beharra uztartu behar direla azpimarratu dute. Gogorarazi dute etorriko diren askorentzat lehentasuna izango dela etxebizitza, lana edo eguneroko bizimodua bermatzea, eta horregatik hizkuntza politikek errealitate sozial hori kontuan hartu beharko dutela.
Azkenik, lehentasunak ezartzeko beharra aipatu dute: zein belaunalditan eragin, zein lurraldetan edo zein sektoretan jarri indarra. Helburua, azaldu dutenez, datozen aldaketa demografikoei ahalik eta modu egokienean erantzutea izango da.

Agurne Gaubeka (Hizkuntza Eskubideen Behatokia)
"Hizkuntza eskubideak Euskal Herrian, oraina eta etorkizuna"
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Euskal Herrian hizkuntza eskubideen egungo egoerari buruz plazaratutako txostenak agerian uzten du euskarak bizi duen “oldarraldia” eta herritarrek egunero jasaten dituzten oztopoak. Dokumentu honek hizkuntza eskubideak giza eskubideen barruan kokatzen ditu, administrazioaren nahiz eremu pribatuaren jokabideak salatuz.
Egoeraren azterketa
Nahiz eta hainbat araudi egon –Euskal Autonomia Erkidegoko legeak, 4/2023 legea edo Europako hizkuntza gutxituen gutuna, besteak beste–, euskal hiztunok askotan bazterketa egoerak bizi ditugu. Gainera, EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak marko legal desberdinak izateak euskararen egoera gutxitua are gehiago zailtzen du. Behatokiak bildutako dosierrek administrazio publikoko, osasun arloko, segurtasun indarretako, hezkuntzako eta eremu sozioekonomikoko hutsune larriak erakusten dituzte: administrazioan herritarrei euskarazko arreta ukatzea edo itzulpenik gabeko dokumentazioa igortzea ohikoa da. Osasungintzan pazienteek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea sarritan urratzen da, eta formakuntza saioak gaztelera hutsean eskaintzen dira. Eremu pribatuan, merkataritzan, aisialdian eta kulturan (zinema, kirol klubak), euskararen presentzia oso eskasa da, eta erakunde askok ez dituzte hizkuntza irizpideak betetzen.
“Oldarraldia” eta aurkako joerak
Txostenak ohartarazten du euskararen normalizazioa bermatzen duten neurrien eta hizkuntza eskakizunen aurkako eraso bat gertatzen ari dela. Joera hau administrazio jardueren murrizketetan, lan deialdi publikoetako hizkuntza eskakizunen baliogabetzean eta euskararen balioa gutxiestean islatzen dela dio Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.
Etorkizuneko erronkak
Egoera iraultzeko, Behatokiak hainbat premisa azpimarratzen ditu: 1. Babes legala: Euskararen normalizaziorako lege babes sendoagoa eta eraginkorragoa beharrezkoa da. 2. Administrazioa: Zerbitzu publikoetan euskara ezagutzea ezinbesteko baldintza izatea, eta hizkuntza kudeaketa zeharkakoa bihurtzea. 3. Eremu pribatua: Multinazionalak eta enpresa handiak hizkuntza eskubideak bermatzera behartzeko mekanismoak garatzea. 4. Kontzientziazioa: Hizkuntza eskubideak eskaria-eskaintza parametroetatik atera eta herritar guztien eskubide unibertsal gisa aitortzea, euskaldunon ahalduntzea sustatuz.
Laburbilduz, Agurne Gaubekak azaldu zuenez, "hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoak agerian uzten du euskararen estatusak hobekuntza sakonak behar dituela eremu guztietan, euskaldunak bigarren mailako herritar ez izateko".
Euskararen telefonoa Behatokiaren doaneko zerbitzua dela gogoratu du Agurnek. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna. Zerbitzu hau Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago.

Olatz Altuna (Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria) eta Jaime Altuna (EHUko irakasle eta ikerlaria)
"Bilbon euskaraz hazi. Haur txikiak dituzten gurasoen hizkuntza-bizipena"
Bilboko Udalaren enkarguz Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak eta EHUko Jaime Altunak egindako ikerketa honek Bilbon seme-alabak euskaraz hazten ari diren gurasoen hizkuntza-bizipenak, praktikak eta harreman-sareak aztertzen ditu. Helburu nagusia da gurasoen hizkuntza-ideologiak ezagutzea, familia-eremuetako dinamikak ulertzea eta euskararen erabilera sustatzeko etorkizuneko esku-hartzeetarako gakoak identifikatzea.
Ikerketaren gako nagusiak
• Gurasoen hizkuntza-sozializazioa: Guraso askorentzat gurasotasuna hizkuntza-mudarako une erabakigarria da. Hala ere, prozesu honek zailtasun nabarmenak ditu, hala nola ingurune soziolinguistiko erdalduna, gizarte-arau naturalizatuak eta erregistro informaletan euskaraz aritzeko gaitasun falta.
• Haurren sozializazioa: Eskola da haurren euskarazko erreferentzia nagusia eta “irla” gisa funtzionatzen du. Nerabezarora bidean, euskaratik gaztelaniara jotzeko joera dinamikoa eta metagarria da, eta hori gurasoen kezka eta erronka nagusietako bat da.
• Familia-hizkuntza politika: Gurasoek estrategia anitzak aktibatzen dituzte, esaterako, eskola euskaldunak aukeratzea, aisialdi planak euskaraz antolatzea eta harreman-sareak indartzea. Eremu informala (parkeak, kirola, euskara batzordeak) funtsezkoa da hizkuntzari eusteko.
Ondorioak eta etorkizuneko erronkak
Bilboko testuinguruan euskara sustatzea erronka handia den arren, badira indarguneak: auzo euskaldunagoak, eskola, eta familia-sareak. Ikerketak honako gomendioak nabarmentzen ditu:
• Babesguneak sortzea: Eremu informaletan euskaraz gozatzeko giroa eta aukerak eskaintzea funtsezkoa da.
• Sareen aktibazioa: Familien arteko harremanak estutzea, euskara eta gozamena lotuz.
• Esku-hartze egokituak: Gurasoei zuzendutako programak (euskaltegiak, foroak) beharrizanetara egokitzea, euskararekiko lotura ez galtzeko.
• Erreferentziazko ereduak: Hiztun eta familia euskaldunak ikusgai egitea, inguruan eragin positiboa izan dezaten.
Ikerketak erakusten du hizkuntza-transmisioa prozesu interaktiboa eta etengabea dela, non gurasoek, seme-alabek eta gizarteak elkar eragiten duten. Euskararen biziraupenerako ezinbestekoa da esparru formaletatik harago, familia-sareen eta aisialdiaren bidezko “bizi-giro” euskalduna indartzea.

Irati Alvarez ...eta kitto!-ko kazetaria, Ana Goitia kazetaria eta eduki sortzailea eta Alex Etxegibel komunikazioa ikaslea eta eduki sortzailea.
“Euskarak ateak irekitzen ditu”
Ana Goitia eta Alex Etxegibel eduki sortzaileak izan ziren atzoko Mintegian, Irati Alvarez ...eta kitto!-ko kazetariak gidatutako solasaldian. Euskaraz sortzea gero eta normalizatuago dagoela nabarmendu dute. Sareetan euskarak “ate asko irekitzen” dituela azpimarratu dute. Euskarafobia, euskalkien presentzia eta gazteek euskaraz kontsumitzeko ohiturak sortzearen garrantzia ere aipatu dituzte.