Euskararen sozializazioa eta transmisioa zelai erdian
Euskararen Sozializazio eta Transmisio Mintegiaren XIV. edizioa egin zen atzo, maiatzak 8. Lehen aldiz Ipurua futbol zelaiko prentsa aretoan egin da ekitaldia, eta Jaime Altuna, Garazi Sanchez, Garikoitz Goikoetxea, Ibai Sueskun eta Esther Lakasta izan dira hizlariak. Oso labur bada ere, adituek esandako ideia nagusiak batu ditugu hurrengo lerroetan. ...eta kitto! Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkiete bertara hurbildutakoei eta Eibarren AKEBAI, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari ere bai, ekitaldia urtero antolatu ahal izateko ematen duten babesagatik. Bereziki eskertu nahi dute antolatzaileek S.D. Eibarren prestutasuna eta erakutsitako gogoa Mintegiaren garapena egokia izateko.
Jaime Altuna, EHUko irakasle eta ikerlaria
“Hizkuntzaren funanbulistak. Adin, genero eta hizkuntzaren arteko orekak eta desorekak”
"Hizkuntzaren funanbulistak" izena jarri zion Altunak iaz aurkeztu zuen tesiari, bere ikerketan nerabeak horrela ikusi dituelako, "sokaren gainean orekari eutsi nahian". Azaldu duenez, "eskatzen diegu euskara jakitea, eta gainera ondo egitea; esaten diegu erabili behar dutela, eta gainera bertako hizkera egin behar dutela. Oreka hori mantentzen saiatzen dira eta, gainera, sarerik gabe ari dira. Sarea eskolaren bitartez eskaini diegu, baina ez da nahikoa, aisiaren bitartez eskaini beharko genieke", dio. Aisiaren eremu ez formalean planifikazio sendoa egin beharra daukagula aldarrikatu du, eta lehenengo ondo definitu eremu guztiak.
Urteetan gazte, haur eta nerabeekin ibili da hizkunza praktikak aztertzen hizkuntzaren antropologiaren ikuspegitik. Eskola eta familiatik at dagoen esparruan egin du bere lana, zehazki, kirol arloko ariketa fisikoa dagoen eremuetan, baita dantza taldeetan ere. Esan duenez, "eremu ez formalean euskararen presentzia askoz ere txikiagoa da beste eremuetan baino; eskolatik kanpo zaila zaie euskara topatzea eta euskara erabiltzea. Hau oso lotuta dago gazte kulturarekin. Gaur egun gazteak erabat txertatuta eta eroso daude gazte kultura globalean. Erreferentzia kulturalak denengana heltzen dira eta hizkuntza aldetik denengan dute eragina".
Urteetako behaketa, elkarrizketa eta azterlanen ondoren, irakurketa batera heldu garela dio: “Nerabe eta gazteak euskalduntzen ari gara, baina ez dute erabiltzen. Nik uste dudana da lotura duela gizartean nerabezaroa eraikitzeko moduarekin. Nerabezaroak, kategoria moduan, ehun urte pasatxo ditu eta kategoria problematiko gisa eraiki da. Nerabeek bere egin dituzte diskurtso horiek. Eta, modu batean, performatu egiten dituzte. Haiengandik espero diren rolak jokatzen dituzte, eta batzuetan, oso modu esajeratuan: kontra egin behar dute, transgresioa… Hizkuntzaren gaian erdarakadak kontzienteki sartzen dituztela diote gazteek".
Hizkuntza normala hizkuntza nahasia dela esaten dute gazteek. Euskara eta gaztelania nagusiki, eta ingelesa beste maila batean. Hizkeran hainbat faktorek eragiten du: familia, herria, parte hartzen duten taldeak… Hizkuntza bat aukeratu eta hori bakarrik erabiltzeak marka ideologikoa ematen du. Beraz, hautua da ez hautatzea. Bada helduei esateko modu bat: “Zuek argi duzuen arte ez eskatu guri erabakitzeko”. Hor badago protesta edo kritikaren elementua Altunaren ustez.
"Nerabeek hikuntza ideologia desberdinak dituzte euren diskurtsoetan. Euskara zeozer positibo eta desiragarri bezala jaso dute, eta bat egiten dute ideologia horrekin, baina indiferentzia puntu bat daukate. Bestalde, marko liberalarekin lotutako diskurtsoak daude. Hizkuntzen merkatu librearen ideia. Bakoitzak nahi duena egingo dela esaten dute. Guzti honen inguruan gehiago hausnartu beharko genuke", dio Altunak.
Garazi Sanchez, Ikusiker-eko ikerlaria
“Gazteen online kontsumoak”
Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak gazteek ikus-entzunezkoak ikusteko eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko ohiturak, moduak eta joerak aztertzen ditu. Bertan aritzen da ikerlari moduan Garazi Sanchez EHUko irakaslea. 11 eta 23 urte arteko ikasleek aurreko urtean egin duten kontsumoari buruzko datuak dira Mintegira ekarri dituenak.
Ikerketaren ondorio nagusiak hauek direla dio Sanchezek: "Sare sozialak gazteen eremu natural bihurtu dira entretenitzeko, komunikatzeko eta baita informatuta egoteko ere. Irudietan oinarritutako hizkuntzak aurrekaririk gabeko garrantzia hartu du gizarte garaikidean. Instagram, TikTok eta YouTube bezalako plataformek ikusizko kultura katapultatu dute giza adierazpenaren abangoardian. Sare sozialek eskaintzen duten eskuragarritasunari eta aniztasunari esker, gazteek, kontsumitzaileak izateaz gain, paper aktiboa betetzen dute paisaia digital zabalean. Erabiltzaile oparoak dira gazteak… sortzaile apalagoak".
Gainera, telefono mugikorra gazteen ikus-jardueraren epizentroa dela azpimarratu du eta, beste alde batetik, euskararen ezagutza eta online erabileraren arteko aldea handia dela dio. "Gero eta eduki gehiago daude euskaraz; baina, ez baditugu plataformetan eta sare sozialetan kolokatzen ez dituzte kontsumituko. Hau oso inportantea da", dio.
Tik-Tok da gehien erabiltzen den sare soziala DBHkoen artean. Unibertsitarioen artean, aldiz, Instagram da nagusi. YouTubek ere kontsumo handia du gazteen artean, "batez ere musika entzuteko eta youtuberrak jarraitzeko. Hala ere, musika entzuteko aplikazio erabiliena Spotify da". Whatsappak indarra galdu du (Instagram erabiltzen dute gero eta gehiago mezuak trukatzeko). Streaming plataformak oso hedatuak daude. Ondorioz, telebistaren gainbehera etorri da.
Garikoitz Goikoetxea, Tolosako euskara teknikaria
“Euskararen geografia berria”
Soziolinguistika Klusterrak antolatzen dituen Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan bigarren saria irabazi zuen Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariak "Euskararen geografia berria, hainbat mapa esanguratsutan" lanarekin, eta horrekin etorri da Mintegira. Mapa horietan azaltzen denez, hiriguneek garrantzi berezia dute, gero eta handiagoa:euskaldunen erdia baino gehiago 23 udalerritan bizi da. Baina udalerri horietako askotan, euskaldunen kopurua handia izan arren, dentsitatea apala da: euskaldunen %62 bizi dira euskaldunak gutxiengoa diren herrietan.
Ezagutzaren bilakaeran, dentsitate apalagokoek gora egin dute, batik bat eskolaren bidez (Lapurdi salbuespen; Nafarroa hegoaldean mugatuago); dentsitate handikoek behera egin dute, batez ere migrazioen ondorioz.
Norantz doa ezagutzaren geografia? 2-55 urteko biztanleria kontuan hartuta, joerak hauek dira: EAEren aldea handitzen doa, eta Bizkaia-Araba pisua irabazten ari dira. Bestalde, ezagutza baino gehiago ari da aurrera egiten ulermena: euskara ulertzen dutenak gehiengoa dira eremu askotan. Beraz, nola atera horri etekina?
Erabilera kopuruetan, ehuneko apalagoko eremuek ere pisu adierazgarria dute (%40). Donostiaren pisua esanguratsua da. Aldatzen ari da erabilera-moldea: testuinguru nahasietan gero eta gehiago.
Hizkuntza plangintzak eta politikak egiteko orduan testuinguruak gehiago hartu beharko lirateke kontuan, Gariren ustez: "Ikuspegi nazionala behar da, derrigor, baina eraginkortasunak eremukatzea eskatzen du. Tokiko ikuspegia behar da, eskualde edo zonalde bakoitzak dituen ezaugarrien araberako plangintzak garatu. Homogeneizatzeko joera hau euskararen kaltetan izan ez dadin".
Ibai Sueskun, Errigora eta Agerraldiako kidea
“Agerraldia,euskara plazara”
Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herriko plazetara eramateko, elikadura burujabetza babesteko eta eremu horretan euskalgintzari ekarpena egiteko asmoz sortu zen Errigora orain dela 11 urte. "Euskarari puzka" lehendabiziko kanpainatik asko hazi da egitasmoa: poliki-poliki elikadura burujabetzaren, auzolanaren eta euskararen alde egin nahi duen jendearen sarea indartuz. Euskaltegietatik eta ikastoletatik kanpo euskaldunek nekez dutela euskaraz aritzeko aukerarik esan du Sueskunek, eta behar horri erantzuteko sortu zutela Agerraldia, duela bost urte. Hiru helburu nagusi ditu Agerraldiak: euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera eta bizitzeko aukerak handitzea eta euskararen aldeko jarrerak indartzea eta sustatzea. Herritarrak saretzea, euren artean ezagutzea da Agerraldiaren aportazioetako bat. "Bertso eskolak, kirol taldeak, euskararen egunak, 21 jolasteka (250 umeren parte-hartzearekin), plakak elebidun jartzeko ekimena, euskara planak (Errigorako ekoizle guztiek euskara plana dute)...
Pauso txikiak eginez aurrera goaz. Ekintza iraukorrak sartu nahi ditugu agendan", dio. Eragileak eta euskalzale guztiak Agerraldiaren partaide sentitzea oso inportantea da bere ustez: "Haien beharra eta kezkak kontuan hartu nahi ditugu. Oztopo guztien gainetik, kristona da jendearen gogoa eta determinazioa euskaraz bizitzeko. Euskalgintza klasikotik haratago praktikotasuna bilatzen dugu, eta transbertsalki lan egitea. Bide handia daukagu egiteko, baina gero eta jende gehiagorekin egiten ari gara".
Esther Lakasta, Dindaia Fundazioko teknikaria
“Aisialdia eta euskara, hori gara gu”
Dindaia Fundazioa 2004 urtean sortu zen, hezkuntza arloan eta euskararen normalizazio arloan ziharduten zenbait lagunek euskarazko aisialdiko eskaintzaren beharra ikusi zutenean. Rikardo Ederrak erronkari heldu eta Dindaia Fundazioa sortzeko bideari ekin zion. Iruñerri inguruan hasi ziren, baina zabaltzen joan dira Nafarroa osora. Nafarroan euskararen presentzia eta erabilera bizitzaren esparru guztietan bermatuta egon beharko litzatekeela diote. Zentzu horretan, Dindaia Fundazioak euskararen normalizazioan lagundu nahi du, haur eta gazteei aisialdiaren arloan euskaraz bizitzeko aukerak eskainiz.
Euskararen erabilera sustatzeko aisialdiko zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzte: ikastetxean eskolaz kanpoko ekintzak eta jolas orduen dinamizazioak; herri eta auzoetan kanpaldi irekiak eta era askotako tailerrak; familiei zuzendutako jolas eta kanten ikastaroak, Parkean Euskaraz saioen dinamizazioa; formazioa aisialdiko begiraleentzat, Kilika Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako onlineko egitasmoa, Mintza jolasak (A ereduko ikasleentzat errefortzua)...
Esther Lakastak azaldu duen moduan, Dindaiaren oinarriak talde lana eta elkarlana dira; “beste eragile eta erakunde batzuekin egiten dugun elkarlana ezinbestekoa da euskararen erabileran eragiteko”, dio. Fundazioak egokitzeko ahalmen handia izan du eta belaunaldien arteko transmisioa ere azpimarratu nahi izan du: “Gure ikasle izandako batzuk orain begirale dira, eta asko bihurtu dira guraso. Guazak gogoz eta ilusioz egiten ditugunez, gogoko tokian aldaparik ez".
15.600 lagun inguruk parte hartu izan dute Dindaia Fundazioaren proiektuetan, eta dagoeneko 1.700 langile pasa dira bertatik.