Euskararen Transmisioari buruzko mintegia bihar Portalean

Euskararen Transmisioari buruzko mintegia bihar Portalean
2013/05/06 00:00
eta kitto!

Euskararen Transmisioari Buruzko III. Mintegia bihar (martitzena, hilak 7) goizeko 09.00etan hasiko da, Pablo Suberbiola soziologoaren "Arrue ikerketa 2011: emaitza nagusiak" hitzaldiarekin. Jarraian Jean Baptiste Coyos euskaltzainak gaur egungo euskararen transmisioa aztertuko du, Ipar Euskal Herriko kasua adibidetzat hartuta. Izaro Susperregi Urtxintxa eskolako soziolinguistika koordinatzaileak "Haurrek nola, gurasoek hala? Ideietatik aplikaziora" izenburukoa emango du ondoren. Haren atzetik Iñaki Pikabea psikologoak "Emozioen eta euskararen transmisioa familietan: etxean zer ikusi, hura ikasi" gaia jorratuko du eta goiza agurtzeko Paula Kasares soziolinguistak "Euskaldun hazi Nafarroan" hitzaldia emango du.
Arratsaldeko saioa 15.20etan hasiko da: Idoia Etxeberriak eta Asier Sarasuak Ahotsak.com proiektuaz eta ondare hori ikastetxeetan zabaltzeko aukeraz jardungo dute eta, ondoren, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezleak gidatutako mahai-inguruak agurtuko du …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako jardunaldia.

EGITARAUA
08.45-09.00.- Akreditazioa eta dokumentazioa.
09.00- 09.15.- Ongi-etorria.
09.20-09.55.- "Arrue ikerketa 2011: emaitza nagusiak". Pablo Suberbiola soziologoa, Soziolinguistika Klusterra.
10.00-10.45.- "Euskararen transmisioa Ipar Euskal Herrian gaur egun". Jean Baptiste Coyos Linguistikan Doktorea eta Euskaltzaina.
10.50-11.30.- "Haurrek nola, gurasoek hala? Ideietatik aplikaziora". Izaro Susperregi. Urtxintxa eskolako soziolinguistika arloko koordinatzailea eta garapen pedagogikoa arloko kidea.
11.30- 11.45.- ATSEDENA.
11.50- 12.25.- "Emozioen eta euskararen transmisioa familietan: etxean zer ikusi, hura ikasi" tailerra. Iñaki Pikabea. Psikologo, Pedagogo eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea.
12.30- 13.25.- "Euskaldun hazi Nafarroan". Paula Kasares soziolinguista eta NUPeko irakaslea.
13.30-15.15.- BAZKARIA.
15.20-16.00.- "Ahotsak.com Ikasgelan - Nagusien ahozko ondarea ikastetxeetan zabaltzeko transmisio-proiektua". Idoia Etxeberria, Ahotsak Ikasgelan proiektuaren arduraduna eta Asier Sarasua, Badihardugu Euskara Elkarteko presidentea.
16.05-17.40.- Mahai-ingurua. Dinamizatzailea Kike Amonarriz.
17.40-17.45.- Agurra.